Patxi Garmendia ‘Mendigar’ • Ordizia
Ordiziako Asto Kalea. Hauek dira nire haurtzaroko kale honen oroitzapenak. Ordizian, azokarekin lotuta, zenbait kalek bertan egon ohi ziren animalien izenak hartu zituzten. Elkano kalean Ordiziako azokara joandako baserritarrek astoak lotzen zituztenez, Asto Kale izenarekin ere ezagun bihurtu zen. Era berean, Goitia kalea oiloen kalea ere bada, eta Euskal Herria kalea txerriena. Argazkian, Basilisko Enea etxearen aurrean «aparkatutako» asto batzuk ikus ditzakegu. Sarrerako atean ageri den pertsonak, Agustina Rezola (Urkiolarena) ziurrenik, zuen asto horiek zaintzeko ardura. Gainera, Ordiziako azokara joandako baserritarrek saltzen ez zuten ganadua eta bestelako produktuak ere bere etxean uzten zituzten, ukuilua baitzuten.
Kale honek oroitzapen amaigabeak dakarzkit. «Nire haurtzaroa Sevillako patio bateko oroitzapenak dira», zioen Antonio Machadok. Esaldia jasoz , «patio» eta «Sevilla» hitzen ordez, nik «kalea» eta «Ordizia» jarri ditut. Asto Kale, kale berezia da, bertan baitago ni jaio nintzen etxea. Bertan, haurtzaro zoriontsua igaro nuen, jolasez, bihurrikeriaz eta anekdotaz betea. Gure jolasak askotarikoak ziren, txapak, ezkutaketak, harrapaketak, kanikak… Bertan eman genizkion lehen ostikoak baloiari, bizikletan ibiltzen ikasi genuen… Gauza handirik gabe ginen zoriontsu.
Nire oroitzapenen kaleak ez zuen 100 metroko luzera ere harrapatzen. Estua zen, aldapatsua, trazadura makurrarekin. Baina bizitza zuen, bizitza handia, batez ere asteazkenetako azoka egunetan. Bere apaltasunean, gremio ezberdinen establezimenduen kopuru handi bat zeukan, ia buruaski bihurtzen zuena. Leku txiki horretan aurkitu genezakeen bizitzeko behar genuen guztia.
Bizitza handia
Ez nuke establezimendu bat ere ahaztu nahi, denek baitzuten beren xarma. Goranzko norabidean Sinfito Armendarizen elikagaien denda zen lehena. Aurrerago, Ignazio Aroztegiren ardotegia, Arreseren arrandegia eta Bartolo Garmendiaren harategia. Azken honen parean «XX. Mendea» taberna, non Luziak eta bere seme-alabek maisuki betetzen zituzten aho-sabai zorrotzenak. Bertan biltzen genituen gure jolasetarako txapak. Gorago, Esnaola okindegia eta Milagros Zabaletaren ehun-denda zeuden… Horiei gehitu behar zitzaien Arantza Zubeldiaren mukuru txikia, Katarainen etxerako arropa eta produktuen denda, Basilio Cuestaren dendaren biltegia eta gaur egun Etxetxo taberna dagoen tokian zegoen mertzeria. Leku horretan, hain zuzen ere, zegoen Urretena etxea, Plaza Nagusia handitzeko eraitsia. Ezin ahaztu Lazkano familiaren loratokia, bere abandonu-egoeragatik Amazoniako oihana zirudiena.
Baina, zalantzarik gabe, astoa da protagonista nagusia. Astoa beti izan da ergelkeriaren paradigma. Astoa deitzeak inozo, baldar, burugogor edo ezgai esan nahi izan du. Historian zehar astoa oinarrizko laguntzailea izan da hain boteretsuak ez zirenentzat, xumeenentzat. Edonork egindako edozein basakeria edo ergelkeria astakeriatzat jotzen dugu, astoa animalia samur, leial, onbera, zentzudun eta lasaia dela konturatu gabe. Hala eta guztiz ere, astoa literaturak hilezkor bihurtu duen animalia izan da. Juan Ramon Jimenezek bere Platero liburuan edo Cervantesek bere El Quijote erraldoian astoa sentsibilitate handiz tratatzen dute. Astoa, bestalde, arrakastaz sartu da erlijio guztietan. Egiptoarrek tronoratu eta zeinu dinastikotzat hartu zituzten belarriak. Mahoma asto baten gainean iritsi zen zazpigarren zeruraino, eta astotxo gainean sartu zen Jesus Jerusalenen.
Belaunaldiz belaunaldi astoa, umilazioak jasatetik, galtzeko arrisku larrian egotera pasa den espeziea da. Esan dezagun beraz astoak gure errespetu eta babes osoa merezi duela.