Irati Zubizarreta • GKSko kidea
Jakina da sistema honek iraunarazi dezan sufrimendua eguneroko ogia dela gehiengoarentzat. Hala ere, honen krudelkeria mailaz igotzen da bere funtzionamendua kolokan jartzen denean: krisi garaietan. Testuinguru honetan, ordura arte indarrean zegoen ekoizpen formak mugak jotzen ditu, ez baita errentagarria jada. Beraz, honen berrantolaketa baten premia aurkitzen da. Aipatutako berrantolaketa, baina, ez da soilik ekoizpen arloan ematen. Aitzitik, gizartearen gainontzeko esparruak ere bere horretan moldatuak behar dute izan. Ez da harritzekoa aldaketa hauek langileriaren kalterako izatea, geure bizi baldintzen okertzea eraginez.
Honen ondorioz, garai hauetan langileriaren baitan frustrazio eta intseguritateak areagotzen dira. Eta sentimendu hauek, tamalez, maiz jarrera erreakzionarioetan norabidetzen dira: jarrera arrazistak, matxistak… Ondokoan bilatuz nonbait gure arazoaren arduraduna.
Hala ere, aukera bat ere irekitzen da, lokartuak gintuen erosotasunetik aterata, langileriak bere arazoak era indibidual batean ulertu beharrean era kolektiboan ulertzeko, eta batasun batetik aldaketa erreal baten apustua egiteko.