Jon De la Cuesta Barrutia • De la Cuesta farmazia (Beasain)
Udaberria jadanik hemen dugu eta hasi dira zuhaitzak eta zelaiak loratzen. Urtaro ederra zein zaila polenari alergia dutenentzako. Polena loredun landare anitzek ugaltzeko sortzen duten hautsa da, haizeak zabaltzen du eta printzipioz guretzako ez da kaltegarria. Alabaina, batzuen immunitate sistemak arrotza eta arriskutsua kontsideratzen du eta defentsa mekanismoak aktibatzen ditu bere aurka, ohikoena sudurzuloen mukosaren hantura izanik, hau da, rinitis alergikoa. Muki-jario urtsua, sudur-kongestioa, maiz eztarrira eta ahora ere zabaltzen den sudur azkura bizia, doministikuak eta negar-jarioa dira sintomak.
Ekiditeko modu eraginkorrena kontaktua saihestea da, pinudiak eta egunsenti zein ilunabarrak batik bat. Hala ere, polenetik isolatzea ia ezinezkoa da, beraz, farmazian errezeta behar ez duten hainbat botika eta erremedio aurkitu daitezke rinitis alergikoa tratatzeko.
Konprimitu edo kapsuletan
- Logura gutxi edo sortzen ez duten antihistaminikoak; rinitis alergikoaren sintoma guztiak tratatzeko balio dute. Egunean behin edo birritan hartu daitezkeenak daude. Seguruenak dira, baina bai umeetan eta bai edoskitzaroan zein haurdunaldian dauden emakumeetan ez da gomendagarria.
- Pseudoefedrina basouzkurtzailea; antihistaminikoekin batera formulatzen da askotan eta oso eraginkorrak dira sudur kongestioa eta muki-jarioa tratatzeko. Umeetan, edoskitzaroan zein haurdunaldian dauden emakumeetan, eta hipertentsio, hipertiroidismo, bihotz arazo eta diabetesa duten pertsonetan ere ez da gomendagarria.
Spray edo tantetan
- Gatz soluzio hipertonikoak; «itsasoko ura» deritzen prestakinak, edozein pertsonarentzako sudurreko kongestioa eta muki-jarioa tratatzeko balio dutenak. Guztiz seguruak dira eta nahi beste erabil daitezke. Prestakin orok konposatu lasaigarriak eta orbaintzaileak ere dituzte, esaterako, azido hialuronikoa, kamamila edo aloe vera.
- Basouzkurtzaile topikoak; asko erabiltzen dira, minutu batzuetan guztiz deskongestionatzen baitute sudurra. 12 orduro sudurzulo bakoitzean instilazio bat egitearekin nahikoa da. Kontuan eduki behar da, 5 egun jarraian baino gehiagotan erabiliz gero «errebote efektu» eragin dezakeela, produktuak berak itxi baitezake sudurra eta kongestionatu.
- Kortikoideak; sudur kongestioa eta muki jarioa tratatzeko balio dute, baina ez dira basouzkurtzaileak bezain azkarrak, egun batzuk behar baitituzte efektua guztiz lortzeko. Ez da gomendatzen 3 hilabete baino gehiago erabiltzea, eta ume eta edoskitzaroan zein haurdunaldian dauden emakumeetan ere ez. Oso gutxi daude errezeta gabe dispentsatu daitezkeenak, flutikasona eta budesonida duten gutxi batzuk baino ez.
Musukoak
Azkenik, azpimarratzekoa da koronabirusaren pandemia agertu baino lehen, alergikoek erabiltzen zituztela musukoak, balbuladun FFP1ak hain zuzen. Alabaina, oraingo garaian debekatuta dago medikuaren frogagiririk gabe balbuladun maskara erabiltzea, baina baliozkoak dira balbula gabeko FFP1, FFP2 zein FFP3a.