Eneritz Gorrotxategi (Gabiria, 1985) kazetariak hartu du Euskadi Irratiko ‘Hitza jolas’ bertsolaritza saioaren gidaritza. Nikolas Aldaik, lehenengo, eta Xabier Sukiak, ondoren, egindako lanari jarraipena eman nahi dio, ukitu berriak izango dituen saioan. Gustura eta ilusio handiarekin dago programaren parte izatearekin.
Nola aurkeztuko zenuke zure burua?
Kazetaria, ama, euskaltzalea, dantzazalea, euskal kultura mugimenduzalea, gabiriarra…
Eta bertsozalea?
Bai, zalea bai, ez naiz bertsoa zainetan behar duten horietakoa edo saio guzti-guztietara joaten den horietakoa, baina bai, atzetik, beti segi izan duena.
Osinalde sariketa ere jaioterrian bertan ospatzen da.
Bai, egia da Osinalde saria gauza handia bezala bizi izan dugula herrian. Aurrena izaten zen, bertsolariei eta afaltzera etortzen zirenei zerbitzatzera joatea. Abentura bat zen guretzako! Bertsolariak kantuan ari zirenean, isil-isilik ibili behar genuen, eta bertsolariak isiltzen zirenean, orduan hasten zen zalaparta, platerak mugitu eta… Barre batean ibiltzen ginen, gustura!
Bertsolaritza ardatz duen ‘Hitza jolas’ saioaren gidari berria zara orain, lehendik ere ezagun duzun etxean, Euskadi Irratian.
Bekadun sartu nintzenetik, hantxe ibili naiz. 2006. urteko urrian izan zen hori. Aperitifa saioan hasi nintzen. Gerora, atal desberdinak ezagutzen joan naiz bertan. Informatiboetan ere banabil. Dena den, beste toki batzuetan ere ibili naiz lanean; Euskal Herriko trikitixa Elkartean, Goierriko Hitza-n… Kazetaritza oso gustuko dut, jende eta gauza berriak ezagutzeko balio izan didalako.
Programari dagokionez, ez nuen eskaintza hau espero. Mahai gainean jarri zidaten, eta arduraz hartu dut, kezka puntu batekin ere bai, beti ez delako erraza guztien gustura egitea, eta badakit publiko oso berezia dela sektore horretan. Nire asmoa da, entzule denentzako moduko saioa egitea, bertsozale amorratuentzat bai, baina bertsozalea ez denarentzat bertsotara gerturatzeko aitzakia bat izan dadila, entretenigarria, bizia, eta denentzako eskaintzeko zerbait edukiko duena.
Programa aspalditik dago antenan.
90eko hamarkada hasieran hasi zen Nikolas Aldai. Euskal Herrian zehar zuen grabatzaile sare bati esker dokumentu pila bat jaso zituen, eta jakin izan zuen horri garrantzia ematen. Artxibo handi bat osatu zuen, dokumentazio lan mardula eginez.
Aldaik, Xabier Sukiari pasa zion lekukoa. Aldairen bidea oso ondo ezagutuz ekin zion Sukiak, eta denbora dexente egin zuen.
Bestalde, esan beharra daukat, tokatu zitzaidala Nikolas Aldairen omenezko saio bat egitea, eta pixka bat gehiago ezagutzeko aukera eman zidan horrek. Horrez gain, Euskadi Irratian lanean sartu nintzen hartan, taldean bazkaltzera joaten ginela, baita bera ere, eta oroitzapen oso goxoa dut. Beti zuen hitz bat eskaintzeko, oso argia buruz… Urrian egin genuen programa berezia eta hor utzi genuen, egunen batean Hitza jolas hasiko zen hari hori zintzilik.
«Nire asmoa da entzule denentzako moduko saioa egitea, bertsozale amorratuentzat eta ez direnentzat»
«Irratiak ere birpentsatu behar du bere etorkizuna, informazioa kontsumitzeko modua aldatu delako»
Formatuari eutsiko diozue?
Saiatuko naiz hortan. Bederatzikoa atala jendeak oso estimatua du, bertsoei puntua jarri eta beste bati bota… beraz, kate hori jarraituko dugu. Eta gero, Xabierrek egiten zuen Oroitzapenen kutxa deitzen zion ataltxo bat, garai bateko bertsoaldiak berreskuratzeko. Horrekin ere segiko dugu, baina izena aldatu diogu, Bertsopedia da orain. Saiatuko gara Bertsopedia hori osatzen, helduleku bat edukita, beti ere: aktualitateko gai baten harira datorren bertsoaldi zaharren bat, eguneko gai batekin lotzen dena, hizpide eman dezakeena urteurren baten harira…
Lehenengo saioa apirilaren 17an egin zenuen. Zer moduz joan zen?
Hori entzuleek esan beharko luketela uste dut, baina tira, bai esan dezaket mikrofonoaren aurrean lehenengoz jartzea bezala izan zela eta tximeletak nituela tripan, eskuartean neukana gauza berri bat zelako niretzat. Polita izan zen!
Egun horretan, Jon Maiak, Maddalen Arzallusek eta Alaia Martinek egindako bertsoak, eta Ane Zuazubiskarrek eta Oskar Estangak egindako iragarpenak izan genituen, eta eskerrak eman nahi nizkieke.
Bestalde, esan nahi dut, kritikak jasotzeko nagoela. Gauzak hobeto egiteko beti dago tartea eta norbaitek kritikaren bat eginez gero, oso kontutan izango dut, hobetzeko esandako zerbait delako.
Ikasteko ere balioko dizu beraz…
Bai, noski! Gai horretan gehiago sakontzeko, esparru horretako jendea ezagutzeko, bertso saioak egiteko bide eta modu desberdinak ezagutzeko… Pandemiagatik ez da garai erraza bertsolaritzarentzat, kulturako beste esparru batzuetan bezala. Aforo kontuak direla, ordutegiak… Dena den, antolatzaileak esfortzu handia egiten ari dira egoerari buelta eman eta bertsozaleei plazak eskaintzeko, eta Hitza jolas plaza horien isla izango da.
Askotan hitz egiten da paperezko edizioen etorkizunaz. Irratiarena nola ikusten duzu?
Irratiak ere birpentsatu behar du bere etorkizuna, informazioa kontsumitzeko modua aldatu delako. Lehen, etxean irratia piztu eta konpainia egiten zuen, ordutan. Orain, mobila eskuan hartu eta podcasten bidez, orain gauza bat, gero bestea entzuten du jendeak. Esparru digitalak asko eragin du eta etorkizunari begira, garai berrietara moldatu behar da.
Gu geu ari gara, saioak Internetera igotzen, loturak eskaintzen Nahieran aplikazioaren bidez, edozein momentutan pasatako hori entzuteko aukera ematen duena. Lan egiteko modua asko aldarazi digu horrek, eta uste dut etorkizunari begira, birpentsatu behar den zerbait dela.