Egoitz Iztueta Sukia • Irakaslea
Ez nuen pasa den ikasturtean bera ezagutzeko aukerarik izan arrazoi ezberdinak tarteko. Hala ere, behingoagatik aurten plazerra izan dut bera gertutik ezagutzeko, eta pixkanaka-pixkanaka sortzen joan garen laguntasunean sakontzeko. Egiari zor, afizio, pentsaera, bizitza-estiloa… antzekoak izateak asko laguntzen digula aitortu behar dut.
Ezagutu nuen une berean ohartu nintzen izugarrizko barne-indarra duela, bere energia jarioa etengabea dela eta ahotik ateratzen zaizkion hitz ororen atzean baikortasuna nabarmentzen dela. Bere istorioaren berri, estreinakoz, duela hiru urte izan nuen, hedabideetan. Nolanahi ere, orduan ez nion jaramon askorik egin. Egun, ordea, bera gertutik ezagutzeko aukera izan dudanean, istorioaren inguruko informazioa biltzen aritu naiz.
2018ko apirilaren 7an Pastores de Portudereko (Asturias) maratoian gertatutako istripu larriak Jokin Lizeagaren (Urnieta, Gipuzkoa, 1979) bizitza markatu zuen. Ez da nire asmoa gertakari korapilatsu hura –eta haren ondorioak– xehetasunez deskribatzea; gainera, azken bi asteotan hedabideetan bolo-bolo zabaldu den gaia izan da.
Duela bi aste, Lizeagak, bere bizitokia (Urnieta) babesten duten bost mendien (Onddo, Adarramendi, Onddi, Santa Barbara eta Buruntza) gailurrak igo zituen, guztira 28 kilometroko ibilbidea 2 ordu, 14 minutu eta 55 segundoan betez. Denbora izango da argituko duena Jokinen balentriaren maila. Hala ere, berarentzat, marka baino, askoz ere garrantzitsuagoa izan zen dortsala jantzi, erronkan parte hartu eta korrikalari sentitzea. Tunel luze baten amaierara iristen ari zela baieztatzeko balio izan zion. Nire uste apalean, sekulako indarra, gogoa eta pasioa zabaltzen dituen kirolaria da, eta nigan, behintzat, halako konkista eder bat eragin du bere balentriak. Nire miresmenik zintzoenak, hemendik, zuretzat, Jokin! Eutsi!
Urnietako probaren ondorengo egun horietako batean institutuko pasabidean topo egin genuen Jokin eta biok. Hitz aspertuan genbiltzela ez dakit nola 2019ko uztailaren 6an Aritz Egeak (Urretxu, 1984) Ordizia-Txindoki-Ordizia proban ezarri zuen ordubete, 25 minutu 9 segundoko errekorra mahaigaineratu genuen. Nik pixka bat xixatzeko ea balentria hori hausteko gai izango zen, ea animatuko ote zen edo ez desafioa… bota nizkion. Nire harridurarako Jokinek ez zidan ezezkorik eman; are gehiago, onartu zidan baduela zerbait buruan. Zalantzarik gabe, sekulako grina kutsatzen duen kirolaria izaki, Emaneurre taldearen ateak zabalik dauzka Egearen marka hori hausteko saiakera egin nahi badu. Adi Ezkio aldeko lagun estimatua: belarriak tente, ea datozen egunetan ondo entzun beharreko albisteren bat iristen zaigun…