Ordizian musika mugimendu handia zegoen 60ko hamarkadan. Jose Manuel Bergarak hainbat musikari trebatu eta Txistulari Banda eta Errondaila sortu zituen, besteak beste. Baina garaiko modak eta doinuek erakarrita, Bergararen semeak eta beste hiru lagunek konjunto edo talde bat sortu zuen, 1964. urtean. Los Yolos edo Yoloak izenez ezagutarazi ziren; Bergararekin batera, Jose Mari Basarte, Karlos Turrientes eta Josetxo Mendizabal izan ziren hasierako laukotea osatu zutenak; beste batzuk ere sartu ziren, tartean Jose Luis Frantzesena Schubert, Eganen sortzaileetakoa.
Garai hartan instrumentuak eta musika ekipoak lortzea, ordea, ez zen horren erraza. Mendizabalek Goierritarra aldizkariari azaldu zionez, «garai hartako hamar mila duroko kreditu bat eskatu behar izan genuen». Laster berreskuratu zuten diru hori, ordea, dantzaldi eta berbenetan jotzen hasi baitziren. Euskal kantagintza berriaren sorreran ere parte hartu zuten, Ez Dok Amairu mugimenduan sartu baitziren, hainbat kantari eta talderekin (Urretxindorrak, Oskarbi…) batera. Garaiko kanta famatuen euskarazko bertsioak eginez, Euskal Herri osoan egin zituzten emanaldiak, harik eta 1968. urtean taldea desegin zuten arte.