Mari Garcia Tejedorrek (Zaldibia, 1997) joan den urtean amaitu zuen ikus-entzunezko gradua. Orain, bere amets handienetako bat betetzeko asmoz, interpretazioa ikasten hasi da Madrilgo Work in Progress eskolan.
Interpretazioa ikasten hasi zara. Zerk motibatu zintuen horretara?
Txikitatik gustatu izan zait interpretazioaren mundu hau. Pelikulak edota marrazki bizidunak ikusten nituenean, ni pertsonaia bat gehiago nintzela imajinatzen nuen, baina ez nekien nik izan nahi nuen hori ikasteko aukera zegoenik. 4.DBHra heldu nintzenean, interpretazioa ikasi nahi nuela erabaki nuen. Unibertsitatera joateko garaia iritsi zenean, betiko gauzak entzun beharra izan nituen: «Ez al duzu uste hobe dela karrera bat ikastea? Aurrerago izango duzu interpretazio klaseetara joateko aukera». Azkenean ikus-entzunezko komunikazioa ikasi nuen. Hau ere zinemarekin lotuta dago hein batean, eta klaseko lan batzuetarako antzeztea egokitu izan zait gainera. Ikasten ari nintzen bitartean, interpretazio klase batzuetara joan nintzen, eta horren ondoren argi ikusi nuen zer zen benetan ikasi nahi nuena.
Zer nahiago duzu antzezterako garaian, antzerkia ala zinema?
Kosta egiten zait galdera horri erantzutea, baina egia da zinema deigarriagoa egiten zaidala. Hala ere, antzerkian lan egiteko aukera ere eduki nahiko nuke. Batxilergoan institutuko antzerki taldean egon nintzen. Desberdina da, zuzenean ari zara, sentimenduak eta emozioak ezberdinak dira, eta hori sentitzea ere gustatuko litzaidake. Antzerki bat egin eta gero sekulako betetasuna sentitzen duzu.
Zer da gehien gustatzen zaizuna zure ikasketetatik? Eta zer gutxien?
Egia esan dena gustatzen zait, aurten egiten ari naizen irakasgai guztiak gustatzen zaizkit. Urtebete daramat soilik, eta dagoeneko izugarri ikasi dut, eta egunero ikasten jarraitzen dut. Irakasleak izugarriak dira, eta bertako jendea ere oso jatorra eta langilea da, oso talde polita sortu dugu. Ez nuke sekula imajinatuko zenbat gauza ikasi behar diren aktore izateko.
Dagoeneko egin al duzu interpretazioarekin lotutako proiekturen bat?
Ez dut gauza handirik egin oraindik. Batxilergoan, aipatu bezala, antzerki bat egin genuen. Figurante moduan ere ibili izan naiz bi pelikulatan: Hil Kanpaiak-en eta Woody Allenen Rifkin’s Festival-en. Nire unibertsitatean abeslari bat zegoen, eta hark grabatutako bi bideoklipetan agertu naiz baita ere. Azken lana Madrilen izan da, film labur batean.