Jesus Mari Alberdi Sasieta • Urretxu
Gezurra badirudi ere, 50 hamar urte pasatxo joan dira Zumarragako La Salle-Legazpi ikastetxean hasi ginenetik. Zazpi-zortzi urte inguru izango genituen eskola horretan sartzeko azterketa zorrotza egitera joan ginenean. Izan ere, sarrera proba egin behar izaten zen garai hartan La Salletar anaien geletan ikasi ahal izateko.
60ko hamarkada hartan anaia La Salletar asko ziren Zumarragako eskolan (gogoan ditut bereziki hermano Justo eta hermano Ignacio, jator askoak biak ere, euskaldunak eta euskaltzaleak); baina anaiak ezezik, maisu sekularrak ere baziren dezente; maisuak diot, bai; neuk behintzat ez daukat gogoan maistrarik garai hartan La Sallen.
Erlijiosoek nahiz sekularrek diziplina latza ezartzen zuten gela barruan eta kanpoan. Patioan bertan ikus zitekeen nola jartzen ziren mutil koskorrak gelara sartu aurretik, praka motzetan, bi ilaratan, formazioan, soldaduskan bezalaxe. Gutxienez egunean hiru aldiz egingo genuen formazioa: goizeko bederatzietan (puntual asko gainera), errekreo ondoren, eta gero arratsaldean berriro (hiruretan uste dut).
Esango nuke lehenengo kurtsoa izan zela gogorrena gehienontzat; alde batetik, oraindik oso umeak ginelako diziplina militarrari aurre egiteko, eta bestetik, den-dena berria zelako guretzat. Maisu hark beldurra sartzen zigun barruraino; bere txaketa amerikarra jantzita, makila eskuan… mutiko gizarajoak dardarka. Ia 60 mutil koskor maisuaren esanetara. Biderketa-taula izaten zen ariketa gogorrenetako bat: zazpi bider zortzi!, bederatzi bider sei!… eta horrela ez dakit zenbat aldiz.
Tintaz idaztea erronka
Lehen kurtso hartan beste erronka handi bat tintaz idaztea izaten zen, bi punta ezberdineko lumarekin; bata kaligrafia egiteko, eta bestea, berriz, diktadoa egiteko, uste dut. Eta tinta-ttantta bat koaderno gainera eroriz gero, a ze iskanbila!
Bizpahiru urte geroago, 10 urterekin, Batxilerrari eman genion hasiera (ez oraingo Batxilerra, noski) eta 14 urterekin Institutura pasa edo, La Sallen bertan, Ofizialia eta Maestria ikasteko aukera izaten zen: besteak beste, mekanika, elektrizitatea, elektronika, delineazioa, administrazioa… Tailer ederrak zituzten beheko solairuetan.
Garrantzi handia ematen zioten irakasleek Matematikari eta Geografiari; gutako ikasle askok gogoan ditugu oraindik ere piramidearen, konoaren edo esferaren bolumenaren formulak, edota Pitagorasen teorema; eta Geografiari dagokionez, mundu osoko hiriburuak buruz ikasten genituen, baita Afrikako beste muturrekoak ere.
Eta gela barrukoek ezezik, kirolak eta aisialdiak ere indar handia zuten La Salletarren artean. Errekreo garaian, ikastetxeko patio ederrean, hantxe gurutzatzen ziren sei edo zazpi baloi, eta horien atzetik gela ezberdinetako dozenaka mutiko korrika, gola zeinek sartuko beste aldeko porterian. Seguruenik, futbola izango zen nagusi, baina esku pilotan eta saskibaloian ere maiz egiten genuen.
Mendi irteerak eta zinema
Aisialdiari dagokionez, berriz, tarteka mendi irteerak, astean zehar hermano Justok puntualtasunagatik edo jokabide txukunagatik eskuratzen zizkigun txartelen truke. Eta igande arratsaldeetan, berriz, zinema pantaila handian, eskolako zine aretoan: Quo Vadis, Rocha, el hijo de Sanson, edo John Wayne protagonista zuten bakeroen pelikulak… eta horrelakoak.
Joan ziren, bai, garai haiek, baina ondo asko ditugu gogoan gehienok.