Miren Estensoro Garcia • Ekonomia ikertzailea
Aurreikuspenen arabera, Europak eta baita Euskal Herriak eta Goierrik zientzialari eta teknologo gehiago beharko dituzte epe labur eta ertainean, eta ez da izango lanpostu horiek betetzeko behar adina langile gaitu. Etorkizuneko lanpostuen % 80an STEM konpetentziak beharrezkoak izango dira eta hainbat lantoki eta sektoretan beharko dira. Zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikako alorretako lanpostuak dira STEM lanpostuak (Science, Technology, Engineering and Mathematics). Alor horietako ezagutza teknikoa izateaz gain, zeharkako gaitasun zehatzak dituzte STEM profesionalek. Azken horien artean daude arazoak konpondu, pentsamendu kritikoa izan edota sormen edo komunikaziorako gaitasunak esaterako.
Jarduera ekonomikoaren lehiakortasuna murrizteaz gain, egun ditugun erronka sozioekonomikoei aurre egiteko giltzarri dira diziplina horietan gaituriko pertsonak (emergentzia klimatikoa kasu). Baina, Elhuyarrek Bilboko Udalarekin egindako ikerketa batek erakutsi berri duen moduan, gazteen asmo profesionalen proiekzioek ez dituzte ematen dauden beharren adinako kopuruak, eta nesken kasuan bereziki larria da egoera.
Badago, Elhuyarren ikerketa horretan bereziki atentzioa eman didan datu bat: mutilen % 46,9k eta nesken % 29k bakarrik gai ikusten dute beren burua sektore horretan lan egiteko. Bagenekien STEM lanpostuetan genero arrakala argiki azalarazten dela, baina estereotipoen eragina pentsatu baina handiagoa da. STEM profesionalak pertsona langileak, argiak, jakintsuak, pazientzia handikoak eta jakinguratsuak direla uste dute gazteek. Ez ote dira, akaso, emakume gazteen bi herenak horrelako pertsonak kontsideratzen? Gazteek sektore horiei eta hauen lanpostuei buruzko duten pertzepzioan dago gakoa. Eta kontua da, gizarteko faktore asko direla pertzepzio horren eraikuntzan eragiten dutenak.
Ugariak dira azken urteetan erronka honi aurre egiteko martxan jarritako ekimenak. Oraindik denbora beharko dugu hauen eragina neurtu ahal izateko. Ekimen hauetako gehienek gazteen pertzepzioa eraldatzeko helburua dute eta egin beharreko zerbait da ezbairik gabe. Aldiz, badira askotan itzalean dauden baina STEM lanpostuen elitismoa elikatzen duten faktoreak. Erronka honi modu eraginkorrean aurre egin nahi badiogu helburua ezin da gazteak aldatzea izan. Esaterako, zein puntura arte erabaki dezake ikasle batek bere ibilbide profesionala? Ikasle orok, klase, genero, arraza edo etnia ezberdinekoak izan arren, sarbide baldintza berdinak dituzte ikasketa arlo batean edo bestean? Gure ikastetxeetako ebaluazio sistemak mugak jartzen ditu? Gizarte moduan egiturazko aldaketak eskatzen dizkigu erronka honek, eta konturatzerako, urgentziazkoa izan liteke.