Pandemia garaia atseden hartzeko eta ikasteko baliatu du Marta Zabaleta piano jotzaileak (Legazpi, 1965). Orain, indarberrituta heldu dio piskanaka berriz ere betetzen ari zaion agendari. Igandean Stravinskyrekin du hitzordua, Donostiako Ganbara Musika Astearen azken kontzertuan.
Donostiako Ganbara Musika Astea ixteko ardura eman dizute.
Bai, igandean, ekainaren 27an kontzertua emango dugu Miguel Borgesek eta biok, Victoria Eugenian, 19:00etan.
Nolako kontzertua izango da?
Horrelako aste bat izatea zoragarria da. Iaz, pandemia bete-betean egin zen, arrakasta handiz. Orduan Beethovenen figuraren inguruan egin zen, haren sonatak eta ganbera musika joz. Aurten aldaera gehiago jaso dituzte egitarauan, eta niri Stravinskyren inguruan programa bat eraikitzea proposatu didate.
Gustuko duzu Stravinsky?
Stravinsky orkestrako konpositorea izan da, eta batez ere ballet lanengatik da ezaguna. Suzko txoria (Pajaro de fuego), Petrushka eta Udaberriaren sagraratzea (La consagracion de la primavera) dira bere ballet lan ezagunenak. Baina horrez gain, lau eskuko eta bi pianoko transkripzioak ere egin zituen, eta horiek joko ditugu guk. Stravinskyren obrak jotzea orkestrentzat erronka handia dira oso zailak direlako, are gehiago piano jotzaileontzat, erritmikoki oso konplikatuak direlako.
Senarrarekin joko duzu gainera.
Miguel Borges nire senarra da, eta horrek gauzak erraztu ditu. Horrelako kontzertu bat emateko hilabete batez egon behar duzu entseguak eta entseguak egiten. Bakoitzaren zatia zaila bada, zailagoa da bi parteak elkartzea.
Eta zer prestatu duzue?
Hiru obra benetan apartak! Stravinskyk oso ondo ezagutzen zuen pianoa eta oso ondo jotzen zuen, eta hori agerian geratzen da bere lanetan. Apirilean 40 urte bete ziren hil zenetik, eta hori gogoratzeko orkestra handiak ezin izan ziren elkartu. Guk pianoekin egingo diogu omenaldia Donostian.
Pandemia garaian dator kontzertu hau. Nola bizi izan duzu zuk?
Niri ez zait gaizki etorri pandemia. Batzuetan, gelditzea ondo etortzen zaigu programak ikasteko edo zer egin nahi dugun ikusteko. Nik asko ikasi dut eta atseden hartu dut. Vienako Kontserbatorioan elkartruke batean klaseak eman behar nituenean hasi zen guztia, baina etxean geratu ginen. Gero, proiektu asko erori ziren. Orain hasi gara berriz ere lehengo konpromisoekin. Banuen gogoa dena berriz martxan jartzeko.
Tartean, jotzeko aukera izan zenuen.
Donostiako Hamabostaldian… Bai, kontzertu batzuk egin nituen, baina erdia edo gutxiago.
Emanaldi hauek edukiera mugatuekin izan dira. Zuk zer nahiago duzu, publiko gutxi ala publiko asko?
Areto betea! Alde handiarekin gainera. Iritsiko dira une horiek berriz, eta nire ustez azkar ahaztuko dugu guztia. Ekonomia ere berpiztuko da, eta kultura lotuta dagoenez, baita kultura ere.
«Orain hasi gara berriz ere lehengo konpromisoekin. Banuen gogoa dena berriz martxan jartzeko»
«Sei urte nituela musika sartu zitzaidan barruan eta ez zait inoiz atera. Pianoa musika egiteko tresna izan da niretzat»
Kultura bereziki zigortutako sektorea izan da azken urte honetan.
Bai. Gu, klasikoak, zigortuak izan gara, baina pentsatzen dut flamenkokoek, ballet konpainiek, antzezleek… eta musikoek orokorrean gaizki pasa dutela.
Aurrera begira, zer duzu esku artean?
Baditut proiektu batzuk, batez ere ganbara musikakoak. Olivier Messiaen-en kuarteto bat egingo dugu Hamabostaldian, Beethoven, Kreisler eta Schuber-en trioak Hamabostaldi Ibiltarian… Igandeko Stravinskyren programa seguru aski Lisboara eta Madrilera joango da datorren urtean. Eta bakarlari gisa errezitaldiak ere egingo ditut.
Agenda betea duzu.
Betetzen ari da. Kontzertu asko eman gabe geratu ziren eta horiek berriz ere sartu behar dituzte lehengo egitarauetan. Martxa hartzen ari da dena.
Zein da emanaldietako baten atzean dagoena? Zein da zure egunerokoa?
Goiz-goizetik kafea jartzen dut pianoaren ondoan, eta lanean hasten naiz. Pianoa etxean dut, bi ditugu hobe esanda, eta ni goizetik hasten naiz programak buruz ikasten, mentalki jestuak ikasten. Pianistok nota asko jotzen ditugu, eta beti hurrengo lau edo 15 konpasak jakin behar ditugu, aurrez jakin behar dugu gero zer datorren, nahiz eta partitura izan, bestela jestua ez doa, ezingo genuke mentalki beso batekin hara joan, eta etorri, eta behatz bat mugitu eta gero bestea, eta orain hiru eta gero hamar, emozioak erakutsi ere ez. Hori dena memoria lan bat da, egunero landu behar dena. Hori da gure lana, lehenik partiturak deszifratu eta ikasi, estiloak kokatu, jestuak ikasi eta gero, jakin behar dugu noraino eraman tentsioa eta non erlaxatu. Hori kontzertu batean ez badago, aspergarria izango da.
Ordu askoko lana al da?
Egunero lau, bost, sei… baita zortzi ordu ere. kontzertu baten aurreko bi asteetan, baita gimnasia ere, sorbaldak asko sufritzen duelako. Lasaiago gaudenean, hiru-lau ordurekin nahikoa da. Klaseak ematen ditudanean, batzuetan ez dut pianoa jotzen etxean.
Izan ere, irakasle ere bazara.
Azken 21 urteetan Musikeneko pianoko irakasle titularra naiz, eta Granadosek Bartzelonan sortutako eskolaren ardura daramat. Granados hiltzean, Marshalek hartu zuen akademia, eta haren ikaslea izandako Alicia de Larrocha izan zen hurrengo zuzendaria, eta Aliciaren ondoren, ni. Klase magistralak ere ematen ditut, han eta hemen.
Senarra ere musikaria izanda, etxean egun osoan entzungo da musika.
Bai, pianoa, egun osoan! Badugu, hala ere, arau bat, semeak arratsaldean ikastetxetik etortzen direnean, gelditzea. Baina beti ezin dugu bete!
Nola bizi dute semeek aita eta ama musikariak izatea?
Esaten dute musikarien seme-alabek musika gorrototzen dutela, egun osoan musika entzuten ari direlako. Gureak ez dira horrelakoak. Batek pianoa ikasi du, eta besteak biolontxeloa. Musikari amateurrak dira, ez dute gu bezala musikari profesionalak izan nahi.
Zuk txikitatik izan nahi al zenuen pianista profesionala?
Sei urte nituela musika sartu zitzaidan barruan eta ez zait inoiz atera. Pianoa musika egiteko tresna bat izan da niretzat. Etxean pianoa genuen eta harekin hasi nintzen, eta Legazpiko Arantxa Rodriguez irakasle bikainarekin jarraitu nuen. Baina pianoa baino, musika nuen nik barneratuta. Pianoaren mundua oso zabala da, eta bakarka, jendearekin, errepertorio izugarri handia dago, eta ez da inoiz bukatzen. Hainbeste idatzi da! Nire eguneko bizitza pianoa jotzea da, eta ez dut aldatu nahi. Nahiko nuke 80 urterekin pianoa jotzen jarraitu!