Irizarrek inoiz izan duen proiektu bitxienetakoa Lamborghiniren LM002 lur orotakoa izan zen. Luxua eta potentzia, Goierrin jantziak.
Ormaiztegiko txakurrak harrapar eta pasar egiten zuela, baina zezena ez zen amutsagoa. Italiar kutsuarekin, gainera. Raggiungere eta sorpassare. Erronka teknologiko modura hasi zen Lamborghiniren eta Irizarren arteko harremana. LM002 lur orotako auto erraldoia karrozatzeko eskaria iritsi zen Ormaiztegiko kooperatibara, 1980ko hamarkadan. Eugenio Elortza presidenteak Patxi Baron ormaiztegiarrari eskatu zion proiektuaren buruzagitza hartzeko. Hasieran zalantza izan zuen, baina kanpotik ingeniari bat ekartzeko prest zeudela ikusita, onartzea erabaki zuen. Eta Irizarrek sekula izandako proiektu bitxiena –eta ikusgarrienetakoa– eraikitzen hasi zen.
Ibilgailu eta teknologia askok bezala, arlo militarrean zeukan sorburua LM002-k. AEBetako armada 1960ko hamarkadaren azkenean hasi zen Jeep mitikoen ordezkoak sartzea pentsatzen. Humvee mugikortasun handiko erabilera-askotarako ibigailua ideiatu zuten 1979an. Bertsio zibila, hainbat enpresa eta gora-beheraren ondoren, Lamborghiniren eskura iritsi zen. Lur jotzeko zorian zegoen Italiako traktore eta auto marka ezaguna, eta merkatu-esparru gehiagotan probatu beharrez, azkenean argia ikusi zuen LM002 modeloak. 1986ko Bruselako erakustazokan aurkeztu zuten.
Patxi Baronek ingeniaria ez dela argi utzi du, ikasketarik ez daukalako. «Baina ingeniaria ere jeinurik gabe ez da ezer. Nik eramaten nuen dena. Buruari eragin behar izaten zitzaion beti». 1.500 plano eman zizkioten, eta hortik hasi zen muntaia guztia diseinatzen. «Oso zaila izan zen prozesua. Astoaren gainean jarri egitura, eta planoetako piezak eginez, gutxinaka handik hasi ginen eraikitzen. Ikaragarri zaila zen». Ekoizpenaren eta materialen buru Jon Miren Mendizabal itsasondoarra jarri zen –«lan bikaina egin zuen»–, eta ingeniari Pablo Mendizabal.
303 unitate egin zituen Irizarrek
Ez zen nolanahiko autoa Lamborghiniren LM002-a: motorra 12 zilindro V-an, karburaziozkoa, 450 zaldiko potentzia ematen zuena. 1 Formulako kotxeen motorra zen, Countach modelo superdeportiboarena. 3.000 kiloko pisua hartzen zuen kotxeak. Erregai kontsumoa, berriz, 30 litro 100 kilometroan. 300 litroko depositua jarri zioten, Irizarren diseinatua. «Kostatu zitzaidan hori», dio Baronek.
Luxu handiko autoa zen, garestia. «18 milioi pezetan saltzen zen kotxe hura, garai hartan. Oraindik ere kotizatuta daude, asko balio dute». 1985ean hasi zen Irizar ekoizten, eta 1987an bukatu. 303 ibilgailu egin zituzten epe horretan. Patxik 1986an utzi zuen Irizar, Sunsundegira joateko. Lamborghinik 1993an atera zuen azkeneko LM002a, stock-eko piezekin bukatuta.
Irizarrek Olaberriko Ihurren daukan lantegian egin zituzten, eta 20 bat langile ibili ziren proiektuan.
Eskakizun tekniko handiak
Maila horretako ibilgailua ateratzeko, ekoizpenean ezin zen hutsik egin. «Esekidura sartzeko-eta, milimetrora eraiki behar izaten genuen egitura, akatsik gabe. Bestela, ez zuen balio. Bestetik, soldatzeko garaian, bi aldeetatik batera soldatu behar izaten zen; alde bakarretik eginez gero, okertu egiten baitzen. Horrelako hamaika problema gainditu beharra izan genuen».
Egitura zuzen geratu zela konprobatzeko, tarteka neurketak egiten zituzten CAFera eraman eta laserrarekin neurtuta. Piezak egitea ere Irizarren ardura zen. «Orduan ez zegoen laser ebaketarik. Trokelatuta egiten genituen piezak. Lehenengo laserra Bizkaiko Ihurreko enpresa batek jarri zuen, eta hara eramaten nituen egitera. Gero, Zumaiako beste enpresa batean jarri zuten, eta hara», kontatu du Baronek.
Egiturarentzat ST44 altzairu berezia erabili zuten. «Kolpeak-eta hobeto irensten zituen, malguagoa zen. Normalean, autobusetarako ST37 altzairua erabiltzen zen orduan».
‘Erre-xietearen’ sarrailarekin
Aldagailu-kaxa oso handia zeukan, txasiaren erdi-erdian, eta barruan toki asko kentzen zuen, aurreko bi eserlekuen tartean. «Gidariarentzat hain toki gutxi geratzen zen, ezen atea irekitzeko sarraila normala ez baitzen sartzen, tokirik ez zegoen eta».
Osinalderen desguazean aurkitu zuen Baronek irtenbidea. «Renault-7 modeloaren sarraila akoplatzen zitzaion ondo, eta hura erabili genuen». Ordiziako Renault Goierriren bidez ekartzen zituzten piezak, eta hari Peugeot 505aren sistema elektrikoa eransten zioten. «Belarri bat soldatu behar izaten zitzaion, eta gero berria balitz bezala geratzeko tratamendu bat eman». Ezina, ekinez –eta lanez– egina.
Barrutik larruz forratzen zuten. Kolorea bezeroak aukeratzen zuen. «Behi larrua izaten zen, eta Beasaingo Olaran Manufakturetatik ekartzen genuen».
Apaingarri modura, zurezko moldurak jarri zizkioten akaberari, Baronek berak diseinatuta. «Budinga izeneko zura zen, eta Beasaingo Ibai-Ondo aroztegian egiten zituzten moldurak». Benetako Made in Goierri zegoen, beraz, teknologia italiarraren azpian.
Jende ospetsu askok erosi zuten Irizarrek karrozatutako Lamborghini handi hura. Silvester Stallone aktoreak (Rambo pertsonaiarena) eta Tina Turner kantariak eskuratu zuten bana, esate baterako. Rambo-Lambo deitzen zioten. Ameriketarako egin zituzten gehienak. «Baina karburazioa zeukan, ez injekzioa, eta izugarrizko gastua egin beharra zeukan markak AEBetan homologatzeko. Eta utzi egin zion fabrikatzeari».
Lur orotakoa izanda, basamortuan ibiltzeko aproposa zen: 200 km/h-ko abiadura garantizatuta zeukan. Hala, Afrikako diktadoreek ere erosi zituzten. «Mobutu diktadore odolzalearentzat 30 egin genituen. Bat blindatua, berarentzat propio. Belgikan topatu nuen auto hura, duela urte batzuk, jabe pribatu baten garajean. Zumarragan egindako txapa berezia jartzen genien blindatzeko, eta ateetan epoxi ehuna. Madrilen, koronel baten bidez, proba balistikoak egin genituen. Espainiako Armadak soldaduak, armak eta behar zen guztia utzi zizkigun. Metrailadoreekin 5 metrotik tiro egiten zioten ateari, eta ez zuten blindajea zulatu»».
Hassan II.a marokoarrak eta Gadafi koronelak ere bazituzten Irizarko zezenak. Haientzat, salpikaderoan lamina berezia jartzen zuten. «Parez pare begiratuta bakarrik ikus zitezkeen koadroko argiak, ez aldamenetik. Desertura gauez ehizera joaten zirenean, animaliek argirik ez ikusteko zen. Hassan II.aren autoarei argi infragorriak ere instalatu genizkion».
Handia baina ahaltsua
Karrozeria soilik egiten zuen Irizarrek, eta kamioietan Italiara bidaltzen zuten, Lamborghiniren egoitza nagusian ensanblatzeko. Kotxea osorik ez zen Irizarren bukatzen.Irizarrek ez zuen kotxe bakar bat gorde beretzat.
Baronek behin probatu ahal izan zuen. Bartzelonako auto erakusketan erakutsi zuen Lamborghinik LM002 kotxea, eta markaren eta Irizarren bitartekari Dino Roggiatik ekarri zuen Ormaiztegira. «Ormaiztegitik Zumarragara eraman nuen, probatzeko. Artean autobiderik ez zegoen. Santa Lutziko zuzenean 180 km/h-an jarri nuen. Hark ateratzen zuen motor hotsa… egundokoa! Bihurgunea iritsitakoan, komeriak. Izan ere, frenuak zeuzkan patal samarrak, 3.000 kilo geratzeko gutxiegi».
Lamborghiniren lantegian izan zen bisitan, Countach modelo mitikoaren muntaia katea ikusten.