Arantxa Artza • Itsasondo
Ni bezala, 60ko hamarkadan jaiotakook badakizue ‘au pair’ joateak zer esan nahi duen (zuen).
Atzerriko familia baten etxera joan eta haiei lagundu, etxeko lanetan, haurrak zaintzen… eta trukean beraien hizkuntza ikasi, edo «mejoratu», ingelesez «improve» esaten denari. Eta hori udako oporraldirako plana izaten zen normalean. Frantziara edo Ingalaterrara gehienetan. Aitortuko dizuet ni ez nintzela sekula au pair joan, baina nerabezaroko udaldia etxetik kanpora pasa bai, hori egin nuen urte dexentez, 14 urterekin hasita. Uztailaren hasieratik irailera izebaren etxean, Donostiako La Perla Pentsioan.
Lau lehengusu, adinkideak denok: Edurne, Eli, Idoia eta laurok. Izebaren udako lan taldea gu ginen. Hasi goizean goiz oheak egin eta bezeroen logelak txukuntzetik, erosketak egin izebarekin San Martin Plazan, gero sukaldean lagundu otordua prestatzen, zerbitzari lanak bazkari-afari garaian, eta ate-joka zetozen bezeroei harrera egin. Horiek ziren gure eginbeharrak.
Eskola ederra izan zen hura: han ikasi nuen «de usted» hitz egiten. Guk, Itsasondon gure 14-16 urtetan ez geneukan gazteleraz hitz egiteko premiarik, eta «de usted» gutxiago. Han ikasi nuen ingelesez hitz egiten, hitz egiten edo… Atera etortzen ziren bezeroak ohe eske, artean ez baitzen Internetik erabiltzen lolekua erreserbatzeko. Logela nahi zuenak telefonoz deitzen zigun, edota txirrina jo atean. Hura zen gure bezeroekiko harrera, asko ingelesez, gehiago gazteleraz, euskaraz gutxiena.
Pentsioko lanaz gain, ingelesa
Hantxe joan nintzen lehen aldiz, ingeles akademiara ere, pentsioko lanaz aparte ingelesa ikasteko aukera ematen zigun izebak, hantxe mekanografiako klaseetara. Orain gazteek aise ikasten dute bizi tekleatzen, bi hatzekin bada ere. Guk Donostian Mecarrapiden makina bat ordu sartu genituen, eta ordutik, ez zaigu ahazten hamar hatzekin tekleatzen eta pantailara begira idatz dezakegu… Gerora ondo asko etorri zait hori.
Eta uda haietan joan nintzen lehen aldiz Antzoki Zaharrera, Victoria Eugeniara, Aste Nagusiko antzerkialdira, Igeldora. Hantxe ikasi genuen hirian ibiltzen inoren laguntzarik gabe, hantxe lehengusuen arteko giro dibertigarrian uda pasa… ez geneukan kuadrillaren tiradizorik, orain gure seme-alabek duten bezala, eta ez geneukan urrunera eta ezezagunengana joan beharrik au pair joan eta udan ikasteko.
Izebaren pentsioa udako etxea bihurtzen zitzaigun. Udaleku luze bat. Gurasoak astean behin joaten ziren bisitan, eta egun pasa ederra egiten genuen eurekin. Aste Nagusiko festa giroan su artifizialen emanaldi bakar bat ere huts egin gabe. Harrezkero hamar urtetik behin joatea nahikoa iruditu zait. Kontxako Hondartzan etxean bezala… orain ederra da Donostia, orduan ere bai. Ederra den bezalaxe, izebaren ondoan pasa genituen uda haietako oroitzapena.