Goierriko bi ingurumen talde batu zaizkio Baso Biziak plataformari. Eukaliptoen landaketa ekiditea du lehen egitekoa.
Gizarte bateko egoera sozioekonomikoen eta are soziologikoen arabera aldatzen da basoen eta, oro har, ekosistemen egoera ere. 1900ean Euskal Herriaren azaleraren %42,2 belardiak ziren, %35,8 basoa, eta %19,9 nekazaritzako lurrak. 2010ean, berriz, iraulita zeuden ordurako buruko bi postuetako ordenak: basoa %44,3 zen, belardiak %30,7, eta nekazaritza alorrak %19,6. 1936ko gerraren ondorenetik 1990eko harmakdara arte, nekazaritzako lurren portzentajea %23raino igo zen, goseagatik eta autohorniduraren beharrengatik.
Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta garapenerako behategiak Euskal Herriko lurren gainean egin duen azterketaren emaitzak dira horiek. Datuak oraindik muturrekoagoak dira Goierri kokatzen den isurialde atlantikoan. Gaur egun, eta azkeneko 60 urteetan ia berdintsu, basoa %54,3 da; nekazaritza lurrak %5,7 bakarrik. Lurren jabetzaren nolakotasuna ere jokoan sartzen da: Gipuzkoan, basoa dagoen lurraren %21,1 besterik ez da lur publikoa. Industrializazioak ekarri zuen lehenik baso ekoizpenaren ugaltzea, eta Europako nekazaritza politika bateratuak sektorearen mehetzea. Hirigintzaren hedatzea ahaztu gabe.
Basoen ekosistema ere aztertu du Gaindegiak. Euskal Herriko basoen %66,6k ekosistemarekiko osotasun maila apala dute. Isurialde atlantikoan basoen %82,5era igotzen da tasa; osotasun maila gutxiko lurrek 3.246 kilometro koadro hartzen dituzte.
Lurraren galeraz kezkatuta
Euskal Herriko lurren eta basoen kalitateaz kezkatuta, Baso Biziak plataforma sortu dute hainbat ingurumen elkartek. Tartean dira Goierriko Landarlan eta Ataungo Otsotarrak. Diman (Bizkaia) aurkeztu zuten plataforma ekainean, Bizkaitik iritsitako eukaliptoaren arazoari erantzuteko premiaz. Gipuzkoara ere iritsi da landaketa horren ohitura, batik bat intsinis pinuak azken urteetan jasan duen xingola marroi gaitzaren ordezkapen gisa.
Eukalipto landaketak bertan behera uzteko lan egitea da Baso Biziak elkargoaren lehenengo egitekoa. Behin betiko galaraztea nahi dute, zenbait foru erakunde eta udal atzerapenak ezartzen hasi diren bidetik, eta eukaliptoa espezie inbaditzaileen zerrendan sartuta. Baina hasiera besterik ez da hori, basogintza eredua, larrialdi klimatiko garai honetan bioniztasuna berreskuratzea eta lurra babestea baitira xedeak.
Basoaren ikuspegia aldatu beharra dagoela esan du Baso Biziak elkarteak. Landaketa jardueraren atzetik etekin ekonomikoen nahia eta, ondorioz, basogintzaren intentsifikazioa datorrela ohartarazita. Epe motzeko ikuspegiarekin jardunda, bioniztasuna eta basoek dakarten onura soziala galtzen dira. Monolaborantzak saihestu –izan intsinisarena, izan eukaliptoarena edo besterik–, eta bioaniztasun handiagoko baso sailak sortzera jo beharraz mintzatu da Baso Biziak.
«Bestelako basogintza eredu bat bultzatu nahi dugu, baserritar, lurjabe, herritar eta administrazioaren artean elkarlanean eraikitakoa, monolaborantzatik kanpo. Gonbidapen bat egiten diegu baserritar eta lurjabe orori gurekin batera bioaniztasunean, agroekologian, abeltzaintza ez intentsiboan eta jasangarritasunean oinarritutako basogintzan urratsak egin ditzagun», azaldu du elkargoak aurkezpen agirian.
Diru laguntza publikoak ere helburu horretarako izan beharko liratekeela defenditu du, bertako basoa zabaltzeko eta indartzeko, alegia. Gaur egun egurzale enpresek agintzen dutela dio.
Goierriko Landarlan eta Ataungo Otsotarrak sartu dira Baso Biziak elkargo berrian. Basogintza eredua hartu dute langai
Lehenego jarduna eukalipto landaketen aurka egitea hartu du. Lur galeran dakarren kalteaz ohartarazi dute
Eukaliptoaren herrenak
Pil-pilean den gaira itzulita, eukalipto landaketen erabat aurka azaldu da Baso Biziak. Eukaliptodietako lurra pobretu eta lehortu egiten dela aurreratu dute, ura lurrera iragazten ez duelako uzten. Matarrasak egitea da beste arazo ekologiko larri bat, eta basoa ateratzeko irekitzen diren pistak ere bai, lur lerradurak eta erorketak eragiten dituelako.
Funtsean, lurraren galera dator gehiegizko esplotazioaren atzetik. Basamortizazio efektua eragiten du lurra galtzeak. Gaur egun, lurraren galera ez dela zenbatzen eta aintzat hartzen salatu du Baso Biziak, eta Lurzoruaren Legerik ez egotea arazotzat jo du. Zentimetro bateko lur geruza sortzen ehun urte behar direla esan dute. Galtzeko, aldiz, aski dela hamabost urteko zikloa duen eukalipto landaketa bat. Hala, eukaliptoari atea irekita uztea izugarrikeriatzat ulertu dute.
Are gehiago: 2018an EHUk eta Aranzadi zientzia elkarteak egindako ikerketa baten arabera, eukaliptoa landatu duten gertuko lurraldeetan «hondamendi ekologikoa» gertatu dela ebatzi zuten. Kaltea gehiago zabal ez dadin, espezie arrotz inbaditzaileen zerrendan sartzeko eskatu dute berriro; eta, bitartean, eukalipto landaketei atzerapen administratiboak ezartzeko, hedatzea gerarazi eta sartuta dagoen lekuetan atzerabidea hasteko.
Eremu sozialago batean ere jarri dute arreta: herritarren artean natura gaiekiko dagoen deskonexioa. Larrialdi klimatiko aitortuan egonagatik, gizartean inplikazioa eta hausnarketa falta dela iritzi diote. Sentsibilizazioa eta pedagogia egitea jarri dituzte erremedio.
Administrazio publikoak, bere aldetik, diru laguntzen politika aldatu beharra daukala iritzi diote. Landaketek bakarrik jasotzen dituzte diru laguntzak, eta bertako basoa etortzen utzi eta landu nahi duenak ez du jasotzen. Natura-baliabideetatik erakunde publikoek dirurik ez luketela irabazi behar ere iradoki dute. Udalen mailan, berriz, lehenengo lur publikoetan pedagogia egiten hasi beharra ikusi dute, ondoren lur pribatuetara pasatzeko.
Krisi hori globala dela ohartarazi du Baso Biziak plataformak.
Gure Baztarrak elkartea sortu dute Zaldibian
Ekologismoak eta abeltzaintzak «eskutik» joan behar dutela sinetsita, azken boladako urruntze edo aurkaratze saiakera interesatuak gaindituta, eta aurrera begira ikuspegi luzea jarrita, Gure Baztarrak ingurumen elkartea sortu dute Zaldibian. Helburu berak dituztela bi kolektiboek erantsi dute, hitzaldi batekin jende aurrean aurkeztuta.
Landa eremuaren nolakotasunaz, zertarakoaz eta nahiaz hitz egiteko foro ireki bat izatea nahi dute, gauza «txikiak» aztertzen hasita: herri bideak, errekak, herriko basoak, eraikitzeko moduak… Ingurumenaren eta kontserbazioaren alde jardutea izango da, oroz gain, gida-lerroa.
Taldean parte hartzeko deialdi zabala egingo dute. Urteko ekintza-programa bat egingo dute: hitzaldi ziklo bat,eta naturan zuzeneko lanketa, garbiketak, landaketak, bide garbiketak burututa.