Imanol Mercero • Haur eta Gazte Literatura teknikaria
Euskal haur liburugintzaren aitaponteetako bat da Iñaki Zubeldia. Ofizioan sartu zenetik testu liburu ugariren atzean egon da, Sirimiri edota Zipristin mitikoak bi aipatzearren. Baina hemen interesatzen zaiguna Ikaztegietako seme honek haur literaturari egin dion ekarpena da, ugaria izan delako, eta denon gogoan iltzatuta geratu diren izenburuen egilea delako. Erraz esaten da, baina 1982an Euskaldun bat Marten argitaratu zuenetik 2020ko Siberiako neskatila ausarta (Ibaizabal) arte, 40 titulu zenbatu dizkiot.
Landu duen generoa narrazioa izan da. Ez du ez poesia, ezta antzerkia argitaratu. Bere estiloa oso markatua da, eta hasieratik gaur egun arte mantendu du: ahozko baliabide erretorikoak erabiltzen ditu kontakizunak eraikitzeko. Nolabait esatearren, bere literaturak ozen irakurtzeko egina dirudi.
Hala izanik, ez da harritzekoa ahozko memoria kolektibotik jasotako gertakari gogoangarriak agertzea. Besteen artean, ezaugarri hauekin nabarmentzen dira Nire aita ezin izan nuen salbatu (Ibaizabal, 1997) Ernio magaleko Santa Ana ermitan gertatutako lapurreta lazgarri baten kronika, flash-back eran artzain batek hiru mutikori kontatua. Pako belea (Ibaizabal, 1998) Zaldibian bizi izan zen bele etxekotu bihurri baten pasarteekin. Eta Zestoako loroa (Erein, 2016), herri hartan joan den mendearen erdialdera tren geltokian izan zuten loro baten pasadizoak kontatzen dituen liburua. Bere obran oso ohikoak dira ere animaliekin sortutako abenturak, esaterako Tximu bat klinikan (Elkar, 1991) eta Txerrikumeen abenturak (Ibaizabal, 2008). Azkenik, ezin aipatu gabe utzi Estibalitz Jalonekin batera sortu zuen Katalina kontalari (Pamiela, 2010) album ilustratua, Etxepare saria merezi izan zuena.