Iñaki Hidalgo • Ordizia
Ramon Olanok utzi zigun Ordiziako jai-egitarauen bildumari erreparatuz gero, ikusiko dugu urteetan zehar hainbat jarduera errepikatu izan direla eta ordiziarren festa-tradizioaren parte direla: aurreskuak, danborrada, pilota, txirrindularitza, eta txistulariekin, musika-bandekin eta dantzaldiekin egindako musika-jarduerak.
Joan den mendeko 20ko hamarkadako programa batzuei eta garai hartako kronika batzuei helduz, deigarria egin zaigu orduko udal zinegotziren baten kezketako bat. Zein motako banda ekartzea zen kezka, zibila edo militarra izan behar zuen, banda zibilek herrian diru gehiago uzten zutela adierazten baitzuten; militarrek, ordea, ez zuten hainbeste erakartzen, baina musikazalei euren diziplina eta afinazioa gustatzen zitzaien.
Musika arlokoak eta bestelako arrazoiak izango zituzten gure zinegotziek; izan ere, banda militar horiek presentzia handia izan zuten Ordiziako jaietan, programa udal bandarekin eta hirugarren musika formazio batekin, Tolosako edo Beasaingo bandak, partekatuz. 1930era arte banda militarrak urtero ekarri zituzten. Bigarren Errepublika iritsi zenean (1931), berriz, desagertu egin ziren, eta diktadura frankistan zehar 1938tik aurrera egitarauan ohikoa izan zen banda militarren presentzia 1968ra arte, hau da, Hiriaren Fundazioaren 7. mendeurrenera arte. Urte hartan, bi banda militar agertu ziren programan: Iruñekoa (Pedro Pirfanoren zuzendaritzapean, Iruñeko Orfeoia eta Oberena Dantza taldearekin batera aritu ziren), eta Valladolideko banda militarra (4 kontzertu eskainiz hilaren 25tik 28ra), eta gainera beste amaierako kontzertua Irungo Udal bandarekin eta Donostiako Orfeoiarekin batera eman zituzten. 1969tik aurrera Irungo Banda izango zen jaietako kontzertu bereziaren arduradun nagusia, nahiz eta beste urteren batean Pasaiako eta Errenteriako Bandak aritu.
Kalejirak
Kalejirak ere aipatzeko modukoak dira, bandekin lotura zutenak. Kalejirak tradizio handikoak ziren, eta jende asko erakartzen zuten festetan. Hala ere, joan den mendearen hasieran, 20ko hamarkadan, alde kontserbatzaileek herri ikasi eta katoliko batentzako kalejirak eskandalutzat, moralik gabekotzat eta desegokitzat hartzen zituzten, eta kentzeko eskaera egin zuten. Horrekin batera jai-ordutegien murrizketa eta gauerdirako musika eta jaietako-zalaparta eteteko eskaera ere egin zuten.
Bestalde, kalejiren (gaztelaniaz «corre-calles» deitzen ziotena) aldekoek kontserbadoreak zaharrak zirela esaten zuten, eta gazteentzat dibertimendu hori defendatzen zuten, kanpotarrak erakartzen zituena eta bertako merkataritzarentzat mesedegarria zena, urte haietako jaietan tiradizo handikoa. Garai hartako kronistetako batek sanferminetan Iruñean antolatzen zituztenak baino distiratsuagoak zirela adierazi zuen.
Eduardo Lagarde ilustratzaileak Ordiziako kalejiren garrantziaren fede eman zuen bere marrazkietako batean, kalejira haiek marraztuz. Kalejirak arratsaldeko dantza-saioen ondoren egiten ziren, eta 70eko hamarkadaren amaierara arte jendetsuak izaten ziren, eta bi banda izaten ziren bertan (urte askotan Xoxote (Azpeitia) eta Alcoyano (Tolosa).
Urte haietan harrigarria zen Urdaneta kale osoa kalejiran parte hartzen zuten gazteek hartzen zutela ikustea. Kalearen bi aldeetan adineko jendea egoten zen, bi bandak pasatzen ikusteko. Udaltzaingoak bidea irekitzen zien, eta nekez lortzen zuten kalejirak aurrera egitea.
Ea datorren urtean
Moda, usadio eta ohitura berrien etorrerarekin batera, ekimen horiek galdu egin dute duela urte batzuk izan zuten distira, baina oraindik ere jai-egitarauko ekitaldien barruan daude.
Ea datorren urtean Santa Ana jaiez berriro gozatzeko aukera dugun, hori espero dugu.