Ordiziako Hizkuntza Eskola Ofizialak 12. ikasturteari ekingo dio irail bukaeran. Ordiziako Barrena parkean du egoitza, eta 11 urte daramatza goierritarrak ingelesez eta frantsesez trebatzen. Ingelesaren kasuan A1etik C1era bitarteko maila guztiak ematen dituzte. Frantsesean, berriz, A1etik B2.2 mailarainokoak.
Hizkuntza eskolako ikasketek norbere beharretara egokitzeko aukera eskaintzen dute. Klaserik gehienak arratsaldez ematen dituzte, baina taldeak osatuz gero (gutxienez 10 lagun), goizez ere badago aukera. Eskola erdi-presentzialak, ingelesezko B1, B2.1, B2.2 eta C1 mailetan, arratsaldez ematen dituzte aurrez aurreko bi orduko saio batean, eta gainontzeko lana, norberak etxean duen denbora librearen arabera antolatu dezake Moodle plataformaren bitartez.
Hizkuntza laguntzailea ere badute ingeles nahiz frantses eskoletarako. Hiztun natibo hori astean behin sartzen da gelan ordu erdiz mintzapraktika lantzeko. Unibertsitate ikasleak edo karrera bukatu berriak dira, eta Eusko Jaurlaritzaren beka baten bidez etortzen dira.
Eskola publikoa eta ofiziala
Ordiziako Hizkuntza Eskola publikoa eta ofiziala da. «Ez da akademia bat. Eskola publiko bat da, tituluak ere ofizialak dira, eta prezioa ere oso interesgarria da», nabarmendu dute arduradunek. Urte osoko matrikula 72 euro da, azterketak barne. Eskolak astelehenetik ostegunera ematen dituzte, bi ordu eta laurdeneko bina saiotan.
Kurtsoa bukatu eta biharamunean hasten dira azterketekin. Tituluak eskuratzeko bi aukera izan dituzte ikasleek, bat ekainean eta bestea irailean. Hori matrikula ofiziala egiten dutenen kasuan. Matrikula librea egin dutenek, aldiz, ez dute eskolarik jasotzen, eta azterketara bakarrik aurkezten dira. Hori bai,aukera bakarra dute gainditzeko, ekainean.
Ingelesezko oinarrizkoa, goizez
Azken urteetan beti izan dituzte ingelesezko maila altuko taldeak goizeko txandan, baina ingelesezko oinarrizko mailako talde baten sorrera bultzatu nahi dute. «Goizeko matrikulazioa bultzatzea da gure erronka, baina ingelesezko taldeentzat bakarrik. Taldeak gutxienez 10 lagunekoak izan behar dute». Gainontzeko taldeetan denetarik dago: 15ekoak, 20koak, 25ekoak eta baita 30ekoak ere. Zazpi gela dituzte Ordiziako Hizkuntza Eskolan, eta bederatzi irakasle –7 ingelesezkoak eta 2 frantsesezkoak–.
Hizkuntz eskola nabaritu dute azken ikasturteetan gazte jende gehiago gerturatzen ari zaiela, batez ere B2 eta C1 tituluak prestatzeko. Eta aurrera begira ere horixe nahiko lukete, matrikulazioan koska bat gora egin eta goierritarrek esku-eskura duten zerbitzu publiko honetaz gehiago baliatzea.