Urte askoan jaialdiak, musikaldiak, bertsolariak eta hainbat eginkizun ugari sonorizatzen ibili ginen Josean anaia eta biok. 1978an Donostiako Estropadetako Federakuntzako Arduradunak deitu gintuen Nafarroako lehen estropadak antolatu zituztela eta ea ekintza hori sonorizatzea posible genuen galdetuz. Guk ilusio handiz hartu genuen eskaintza, eta baiezkoa eman genuen. Esako urtegira joan ginen, haurdun zegoen emaztearekin batera. Arratsaldeko eginkizuna prestatzeko goiz joan ginen, lekua berezia baitzen; bertako belardian argi indarrik ez zegoenez, auto-generadore bidezko tresnak bizkarrean inguratu izan behar genituen.
Nafar jendez gainezka zegoen, batzuk bezperatik joanak, eta denak laguntzeko prest zeuden ilusio ikaragarriz Nafarroako Lehen Estropada Saria ikusteko. Kontxako estropadatik kanpo gelditu zirenek parte hartu zuten eta han zeuden bataz beste garai hartako traineru garrantzitsuenetakoak zirenak: San Sebastian (Donostiarra), Zumaia, Laredo, Sotera, Algorta, Arraun Lagunak, Irundarrak eta Zierbana.
Soterako jarraitzaileen istiluak
Lehenengo txandan San Sebastianek egin zuen denborarik onena. Bat-batean, bigarren txanda hastear zela, Soterako arraunlarien jarraitzaileak istilu batean hasi ziren; balizak eta kaleak ondo ez zeudela esanez… Aurkezleak ezin zuela ezer konpondu esan eta hasteko ordena eman zuen.
Bigarren txandako denborak ematen hasi zen aurkezlea eta Soterak denborarik okerrena zuenez, geroz eta zarata eta garrasi handiagoak entzuten ziren. Halako borroka zetorrela ikusirik, ez dakit nola, baina aurkezlea desagertu egin zen eta gure aurrean zeuden Soterako animatzaileak azalpenak eskatzen hasi zitzaizkigun. Momentu horretan bakarrik geratu ginen emaztea eta biok, gure tresna guztiekin. Soterako jarraitzaileak mehatxu eginez hasi ziren tresnak urtegira botako zituztela, eta horiekin batera baita gu ere.
Halako batean, han inguruan zeuden nafar batzuk gu laguntzera azaldu ziren, erabat lur jota, horrelako panorama ikusita. Soterako animatzaileak ere lasaitu ziren eta bakean utzi gintuzten.
Estropadak ez zuen izan bukaerarik, beraz, ez irabazlerik, ez saririk eta ezta gure lanaren ordainketarik ere… Behintzat nafarren laguntza zoragarria izan genuen.