‘Landa emakumeak gara’ proiektuaren lehen oinarriak jartzeko helburuz, ‘Landako emakumeak eta bizikidetza’ sormen lehiaketa jarri du martxan Gipuzkoako landa garapen elkarteak biltzen dituen Landaola federazioak.
Gipuzkoako landa garapen elkarteak biltzen dituen Landaola federazioa –bertako kidea da Goierriko Goimen– Landa emakumeak gara proiektua sustatzen ari da azken hilabeteotan. Gipuzkoako landa eremuko emakumeen arteko elkar ezagutza eta saretzea bultzatzea ditu helburu egitasmoak, «landa eremuan dauden espazio urrien eta horrek ekar ditzakeen bakardaderako joerekin Lanketa horren barruan oinarriak jarri eta lehen hausnarketak emateko Landako emakumeak eta bizikidetza gaitzat duen sormen lehiaketa antolatzea erabaki du Landaolak. «Honen bidez Gipuzkoako emakume ezberdinak landa eremuaren, bertako emakumeen eta bizikidetzaren inguruan hausnartzera bultzatu nahi ditugu».
Emakume guztiei irekia
Gai hori ardatz hartuta, sormen lehiaketa honetan parte hartu nahi duten Gipuzkoako emakumeek euskarri grafiko bat (argazki, marrazki, irudi, collage…) eta euskarri grafiko horri loturiko hausnarketa txiki bat aurkeztu beharko dituzte. Lehiaketan parte hartzeko epea urriaren 15ean bukatuko da.
Landaolak nabarmendu duenez, «parte-hartzaile adina ikuspuntu» egon daitezke, eta horiek ezagutzea da helburua: «Landa eremuko bizikidetzak ertz asko dituenez, landa eremukoak diren emakumeez harago zabaltzen dugu parte hartzeko deialdia, bertan jatorria duten emakume asko ez baitira orain han bizi eta ikuspegi hibrido interesgarria eskaini dezaketelako; edo bertan jatorria izan ez arren, asteburu eta jai egun guztiak inguru horietan pasatzen dituztenak ere badaudelako… Emakume horien guztien begiradarekin ehundu nahi dugu bizikidetzaren oihala».
Parte hartzen dutenen artean, euskarri grafiko eta hausnarketa-testu arrakastatsuenak aukeratuko dituzte epaimahai ofizialak eta publikoak, eta 4.000 eurotik gora banatuko ditu saritan Landaolak hiru mailatan banatuta. Jasotako lanekin erakusketa bat antolatuko da, eta sarituak direnekin bideo labur bat ere grabatuko da. Sariak abenduan banatuko dira.
Lehiaketari zuzendutako lehen fase honetatik lortzen den ezagutza eta informazio guztia –hala nola, euskarriak, gogoetak, ideiak eta ondorio desberdinak– Landa emakumeak gara proiektuaren hurrengo fasean erabiliko ditu Landaolak. «Fase horretan, emakume horien arteko topaketak, elkarrekiko hausnarketarako uneak edo eraikuntza kolektiboaren ikuspegitik lan egiteko partaidetza-saioak antolatzeko asmoa dugu, horretarako diseinatutako prozesu baten barruan».
Landa emakumeen identitatea
Goimen da proiektu honetan parte hartzen ari den Gipuzkoako sei landa garapen elkarteetako bat. Herrialde mailako landa eremuan berdintasun arloa garatu nahi izatetik sortutako egitasmo bat dela dio Ione Berasategi Goimeneko berdintasun arduradunak. «Landa eremuan jasotzen ditugun errealitateen artean, denborarekin hainbat arrakala nabarmendu ditugu hiriarekiko, eta besteen artean, bertan bizi diren emakumeena».
Baina harago ere badoa Berasategiren hausnarketa, arrakala hori gertuago ere sumatu baitute Goimenen. «Landa eremuan bertan ere, herri txikietako eta baserrietako emakumeen arteko arrakala ere badago. Proiektu honen helburua barrutik hastea izango litzateke, elkar-ezagutza eta saretzea bultzatuz. Landa eremuan bertan badira bi mundu, herrigunekoa eta mendialdekoa, eta emakume horiek elkarrekin eragiteko dagoen espazio gabeziari aurre egin nahi diogu».
Goimenek berak emanak ditu aurten pausu batzuk norabide horretan. Martxoan, Aizkorpeko emakume talde bat lankidetzan jarri zuen U teoriaren metodologia erabiliz, bailararen errealitatea eraldatzeko eta jorratzeko lehen urrats gisa. «Proiektu ezberdinen hausnarketak bildu ditugu, eta horiek lantzen jarraitu nahi genuke», zehaztu du Berasategik.
Landa emakumeak gara proiektua abiatzeko zer behar sumatu duten galdetuta, argi du erantzuna. «Emakumeen arteko elkartasun eta gertutasun falta dago. Landa emakumeen identitatea eta izaera propioa garatzeko aukerak sustatu nahiko genituzke etorkizunari begira, eman beharko liratekeen oreka berriak sustatuz. Asko gizarte baliabide mugatuekin daude lotuta –garraioa, zaintza, etxearen ardura…–, baina herri txikietan nabarmenagoak izaten dira».