Duela bi urte sortu zuten Lagunkiro elkartea Ordizian, bakardade egoeran dauden pertsonei laguntzeko helburuarekin.
Albiste oso onarekin ekin dio abuztuko oporraldiaren ondorenari Ordiziako Lagunkiro elkarteko boluntario taldeak. Irailaren 8an, Ordizian ospatu zen ardi latxaren esne gordinez egindako gazta txapelketaren 48. edizioko gazta irabazle erdiaren enkanteko dirua jaso dute, bigarren urtez jarraian, Ordiziako Udalak hala erabakita. Segurako Ondarre gaztandegiko Eneko Goiburuk irabazi zuen Ordiziako gazta txapelketa ospetsua egun horretan, eta enkantean, 9.400 euro ordaindu zituen Zaragozako El Cisne hoteleko arduradunak Goiburuk txapelketara aurkeztu zuen gazta erdiagatik. Diru hori, «Lagunkiro elkarteak lanean jarraitu ahal izateko erabiliko dugu, hauspoa emango digu», adierazi du Isidro Benitez Lagunkiroko lehendakariak, poz handiarekin, elkarteko kide guztien izenean.
Lagunkiro elkartea, duela bi urte sortu zuten, Ordizian. «Aspalditik boluntariotzan gabiltzan herritar talde bat gara; bakardade egoeran dauden adineko pertsonei laguntza ematen esperientzia dugu batez ere», azaldu Isidro Benitezek. Gaur-gaurkoz, «22 boluntario» ditu elkarteak, eta haien guztien helburua da, «adineko pertsonei laguntza ematea; adineko pertsonen nahi gabeko bakardade emozional eta soziala arintzea da gure helburu nagusia, zahartze aktibo solidarioa eta boluntariotza sustatzea, adinekoen eskubideak defendatzea, eta gizarte arloko eta adineko pertsonen arloko erakunde solidarioekin lankidetzan aritzen gara».
Lagunkiro elkarteak ematen duen zerbitzua modu zabalean azaldu ondoren, ekintza zehatzagoetan sartu da Lagunkiroko sortzaileetako bat den Benitezek: «Une honetan, pandemia dela eta, mugatuago gaude, baina batez ere, gure lana da, San Jose egoitzako eta eguneko zentroko erabiltzaileen ondoan egotea, pertsona horiekin harremana mantentzea bakarrik senti ez daitezen, pertsona horiei entzutea, eta aisialdi ekintzak egitea haiekin eta haientzat, kartetan jolastea eta paseoan ateratzea, besteak beste».
Egoera berezi horretan dauden adineko pertsonei laguntzen bakarrik ez, behar bereziak dituzten pertsonekin ere jarduten dute; Ordiziako Garaguneko erabiltzaileekin, adibidez.
Aipatutakoez gain, etxez etxeko zerbitzua ere egiten dute. «Bakarrik bizi diren adinekoen etxeetara joaten gara, konpainia egiten diegu, etxetik atera behar badute, osasun zentrora eta banketxera,…lagundu egiten diegu».
Goazen Ordizia ekimenean ere parte hartzen dute; «mugikortasun arazoak dituzten partaideekin joaten gara, adibidez ibiltzeko zailtasunak dituztenei laguntzen, gurpildun aulkian doazenei bultz egiten,…». Ordizian egiten diren elikagai bilketetan eta banaketetan ere kolaboratzen dute.
Eskuhartze hauek guztiak, erakunde desberdinekin elkarlanean antolatzen dituzte. «Ordiziako Udaleko gizarte zerbitzuekin eta osasun zentroaren harremanetan gaude, baita San Jose egoitzako eta Garaguneko arduradunekin ere, horrela, zein behar duten ezagutu eta horren arabera koordinatzen gara».
Hitz gutxitan, gizarteari zerbitzu handia egiten diote, batik bat, behar gehien duten haiei laguntzen, eta esan daiteke, zaintzaren arloan, gizarte honetan dagoen hutsune bat betetzen ari direla. Ahots kritikoenen iritziz, administrazio desberdinek bete beharreko hutsunea betetzen dute, nahiz eta boluntarioek «oso gustura» lagundu. «Ardura sozialagatik jarduten dugu; laguntza behar duten herritar asko daude eta hutsune hori betetzen saiatzen gara, herritik eta herriarentzat egiten dugu egiten duguna», nabarmendu du Benitezek.
Esperientzia desberdinak
Lagunkiroko hainbat boluntariok elkarte honekin kolaboratzea nolakoa den kontatu nahi izan dute. Maite Alonso Ordiziako San Jose egoitzan izan zuen izeba, eta hura zaintzera joaten zen astean bitan. Asteroko bisitei esker, egoitzako beste egoiliar batzuk ezagutu zituen, baita Lagunkirokoek egoitza horretan egiten duten lana ere. «Astero-astero bisitan joaten nintzenez, harreman berezia sortu zen beste egoiliarrekin ere», esan du Alonsok. Horregatik, izeba hil zitzaionean erabaki zuen Lagunkiro elkartera batzea. «Egin dudan onena da! Beharra dutenei laguntzea niretzako ere onura da, aktibo mantentzen naizelako. Egunero sofan eserita telebistari begira egotea baino nahiago dut, astean ordu batzuk, zer egin horretara bideratzea, eta ahal dudan bitartean, hortan segiko dut», kontatu du harrotasunez.
Maiteren taldekide den Kandi Barandiaran ere kontatu nahi izan du bere esperientzia: «Erretiroa hartu nuenean hasi nintzen boluntariotzan, eta harrezkero, Garaguneko erabiltzaileei, bakarrik dauden adinekoei, behar bereziak dituzten hainbat pertsonei, eta egoera zaurgarrian dauden hainbat herritarrei laguntzen nabil, eta eman, asko ematen dugu, baina jaso ere bai!».
Gazta enkanteko diruaren inguruan esan dute, «poz handiarekin» jaso dutela, horri esker, «orain artekoari jarraipena eman, eta laguntzeko proiektu berriak martxan jarri ahalko» dituztelako. Momentuz, «ideia asko» dituztela aurreratu dute. Horietako bat da «antzerki taldea sortzea, laguntza ematen dugun erakundeetako erabiltzaleen entretenimendurako».
Boluntarioen beharra
Une honetan, 22 pertsona daude taldean, eta martxa onean ari badira ere, «gehiago izango bagina, pertsona gehiagorengana helduko ginateke», adierazi dute elkartekideek. Horregatik, eta gaur Ordizian Boluntariotza azoka egiten ari direla aprobetxatuz, Lagunkiro elkartearen ateak ireki dituzte egiten duten lanari ikusgarritasuna emateko. «Beste herritar batzuei laguntza emateko prest dagoen jendea beti da ongi etorria!», esan du Benitezek, laguntzeko gogoa duten herritar guztiei gonbita luzatuz.
Funtzionamenduaren inguruan azaldu du, norberak erabakitzen duela norainoko konpromisoa hartu nahi duen: «Lagunkirora lehenengoz gerturatzen diren pertsonei, elkarrizketa egiten zaie aurrena, gurekin kolaboratzen hasi aurretik zertan lagundu nahi duen jakiteko, eta norainoko konpromisoa har dezaken ezagutzeko». Konpromiso hori, «astean ordu batekoa ere izan daiteke, norberak erabakitzen du noraino, zenbat denbora eta zertan lagun dezakeen, eta horren guztiaren arabera, eta dagoen eskaera kontutan hartuta antolatzen gara». Zalantzak argitzeko, informazio gehiago jasotzeko eta boluntarioen zerrendara batzeko, Zuhaizti gizarte zentroan galdetu daiteke edo deitu 622 732 956 telefono zenbakira.