Antonio Berasategi
Gertuko sentitzen dudan leku bat aipatu nahi dut. Nik badakit gure herriko jende askok –gehienak, beharbada– Errebueltatxikia entzun eta pentsatu egin behar duela zein lekuz hitz egiten ari zaion konturatzeko. Entzunago izango du Gatzaren kurba esamoldea, Etzegarate aldeko lehen bihurgune itxia izendatzeko (han diputazioko langileek gatz gordailu handi bat daukatelako, neguan erabiltzen dutena).
Ez dut esango penaren mailara iristen denik sentitzen dudana, gure izen zaharra galbidean eta beste bat nagusitzen ikusten dudalako, baina zer pentsatua ematen dit.
Pentsatzen dut, izan ere, gure aurrekoren batzuek noraez bera sentituko zutela, beretzat Oriolatzako parajea zena, beste batzuek Errebueltatxikia zela ziotenean. Guk geuk, gure gertuko ingurua ezagutzeko lehen pausoak eman genituenean izen zaharraren berririk ez genuen jaso; Oriolatza galduta ez zegoen, baina ezezaguna zen guretzat.
Eta makina bat horrelako. Hori baita bizitzako legea, aldaketa etengabea.
Beasainera joaten hasi ginenean, hango ume eta gaztetxoentzat kaleko mundua utzi eta beste leku batera joatea Cuatro caserios-era igotzea zen. Guk sumatzen genuen baserri haietako bakoitzak bere izena izango zuela, baina haientzat ez zegoen hura baino izen naturalagorik. Ez dakit, harrezkeroztik, izen berria jendearen hizketan errotu den, baina seguru nago gutxik ezagutuko dituztela lau etxeen izenak. Bernedo-renean, aldiz, ez dago lehenagoko Bernedorik, baina izena lekuaz nagusitu eta berak iraun du; galdu zen lantegia, baina (beste izen baten ezean) beasaindarrek eutsi izen berri-zaharrari.
Ihurre, horra kili-kolo samar dagoen beste izen bat. Jose Maria Aristrainen izena eman zioten auzoari, baina Ihurre izan zen, horratik, jendearentzat. Gaur, ordea, Aristrainen itzal handiak itzali ez zuena, Carrefourrek menderatzeko arriskuan ikusten dut.
Batzuetan izen aldaketak ondo pentsatu eta hausnartuta etorri ohi dira. Zenbat kale izen ez ziren aldatu Franco hil eta lehen udalbatza demokratikoak aukeratu zirenean! Aurretik beste batzuek aldatuak zituzten bezalaxe.
Herrien izenak ere aldatuz
Baita herrien izenak berak ere. Goierriko hiribildu zaharren artean gertatu zen hori. Ordiziako prozesua –korapilatsu eta luzea, zinez– ezagutzen dut ondoen. 1981ean udalak hasierako izena berrartzea erabaki zuen; Ordizia > Villafranca (XIII. mendea) > Villafranca de Oria (1916) > Villafranca de Ordizia (1970) > Ordizia (1982) zikloa borobildu zen horrela. Bitxia izan zen ‘Ordizia’ osagai horren azken aldiko bilakaera, XX. mendearen lehen zatian ia erabat utzia egotetik nagusi bihurtzeraino. Gaztelaniaz bezala euskaraz ere Villafranca esan ohi zen (edo Billafranka, nahi baduzue); konparazio bat eginez, Lapurdiko Villefranque euskaraz Milafranga den bezala. Kontzientzia politiko baten ondorioz etorri zen Ordizia erabiltzen hastea, eta, gero, udalak aldaketa ofiziala egitea. Badakit, aldaketa egitearen aldeko izan arren, zinegotzi batek baino gehiagok sentitu zuela pena beste izena alde batera uztearekin.
Antzekoa izan zela uste dut Villarrealekin gertatutakoa.
Eta gure hirugarren hiribildua? Bera izango da hiruretan euskaldunena… baina hor aldaketarik ez. Betiko izango ote da Segura?