Urriaren 8an hasi eta 12an amaitu zen Ikasle Abertzaleek eta Gazte Koordinadora Sozialistak batera antolatutako Gazte Topagune Sozialista. IA eta GKS Euskal Herri mailan antolatzen diren bi antolakunde politiko dira, gazte zein hezkuntza problematika jorratzen dutenak hurrenez hurren: «Klaserik gabeko gizartearen eraikuntzarako lanean gabiltza, askatasun unibertsalerako proiektua egikaritzeko».
Goierriko GKS taldeak esan duenaren arabera, «horretarako pausoak ematen» jarraitzen dute egunerokoan dagokien esparruetan: burgesiaren boterearen aurkako dinamika politikoak antolatuz eta geroz eta jende gehiago antolakuntza komunistaren baitan txertatuz; «esparru desberdinetan, baina norabide berean dihardugu».
Horren irudi garbia da duela bi aste egin zuten Gazte Topagune Sozialista, esaterako. Izenak dioen moduan Euskal Herri mailako borondate sozialista duten gazteen elkargune izateko funtzioa du, baina izaerari dagokionez ordea, testuinguruaren baitan egokitzen da; hau da, ez du beti forma berdina hartuko. Aurtengoan, urriaren 8tik 12ra bitartean elkartu ziren Altsasun Euskal Herriko txoko ezberdinetako gazteak. Gai ezberdinen inguruan ikuspuntu komunistatik eztabaidatzeko tartea izateaz gain, aisialdirako eskaintza zabala izan zuten: bertso-emanaldiak, umore ikuskizunak, tailer ugari, kirol txapelketa zein erakustaldiak, kontzertuak…
GKSko kideek honelako espazioak sortzearen garrantzia azpimarratu nahi izan dute: «Mugimendu Sozialistak dituen hipotesi eta erronka estrategikoen inguruan jarduteko ekimen garrantzitsua da Topagunea. Zentzu horretan, prozesu sozialistari ekarpena egiteko helburua du, bertaratzen direnei proiektu komunistarekiko atxikimendua eraikiz».
Lehenengo edizioa 2019an izan zen Azpeitian. Bi edizioak alderatzean, aipagarria iruditu zaie aurtengoan jaso duten jende mordoa: «Lehen topagunetik gutxienez laukoiztu egin da bertaratu den jende kopurua». Orokorrean, aurtengo Gazte Topagune Sozialistatik jasotako balorazioa «positiboa» izan dela aipatu dute, jendeak hartutako konpromiso mailagatik batez ere: «Azpimarratu nahi genukeen elementu bat bada, bertaratu ziren pertsona gehienek topagunea aurrera eramateko beharrezkoak ziren lan banaketetan parte hartu zutela».