Moda eta joskintza bokazio ditu Irune Mujika Zapirainek (Ordizia,1972). Horrek mugituta, IMZ arropa eta osagarrien marka sortu du. Diseinu esklusiboak, kalitatezko materialak eta guztia eskuz egiten duela dira ezaugarri berezienak. Negura begira, bere bigarren kolekzioa egin du. Lan handia egin du hona iristeko, eta gustura dago emaitzarekin eta izandako harrerarekin.
IMZ markaren sortzailea zara. Arropak eta osagarriak egiten dituzu. Nolatan hasi zinen lan horiekin?
Eskulanak gustuko ditut, puntu artistiko bat izan dut oso gaztetatik, eta beti nago ideia berrietan pentsatzen. Diseinu grafikoa ikasi eta horri lotutako lanez gain, koadroak margotzen nituen, erretratuak, muralak… Jostea ere betidanik izan dut gustuko. 20 urterekin nik egindako prakak janzten nituen. Etxean zeuden praka bakero zaharrak hartu, pusketak moztu eta praka berri bat egiten nuen oihal pusketa desberdinekin. Horrela hasi nintzen, nire kasa, probatzen, autodidakta izan naiz.
Arropa diseinatzaile izatea pentsatu zenuen noizbait?
Arropa diseinatzaile ez, baina saiakera bat egin nuen, aspaldi, denda tailer bat zabaltzeko. Izan ere, duela urte dexente hasi nintzen enkargu bidez arropak-eta josten, jaunartzeetarako soinekoak, ezkontzetarako jantziak… Garai hartan merkataritzan lan egiten nuen, haurrentzako bi arropa denda izan nituen, eta denbora libreetan josten nuen. Denda eta joskintza, biak uztartzeko modua zen. Proiektu berritzaileei bultzada emateko Ordiziako Udalak bideratu zituen diru-laguntzei eman nuen pausoa. Baina, lan eskaintza bat egin zidaten, eta lehendik ere banuenez dendako motxila bizkarrean, eskaintzari baiezkoa eman nion. Dena den, arropak josten jarraitu nuen, eta gainera, orduan hasi nintzen helduentzako kamisetak eta lepokoak egiten.
Eta nolatan eman duzu jauzi hau?
Lazkaoko Xanu arropa dendakoak idatzi zidan, egiten nuena gustuko zuela eta bere dendan saltzen hasi nahi nuen galdetzeko. Baietz esan nion! Aurkeztu nion kamiseta eta sudadera kolekzio txiki bat, gustatu, eta dendan saltzen hasi zen. Ondoren, Ordiziako Ness dendan ere bai. Oso ondo saldu ziren.
Bitarte horretan, Xanuko arduraduna, Bilbora joan zen E.colette showroom-era, nire sudadera bat eraman zuen jantzita eta badirudi, arreta eman ziela. Galdetu zioten nork egina zen.
Ordura arte ez zuten zure berri…
Ez, ez! Xanukoak azaldu zien nor nintzen, zer egiten nuen… eta hortik sortu zen aukera hau. Showroom-ean aurkezteko pieza batzuk eramatea proposatu zidaten.
Ordura arte ez bezala, kolekzio oso bat egin beharra neukan, banekien esfortzu handia izango zela, baina tentagarria zen aldi berean, gustatzen zitzaidan ideia, eta baietz erantzun nien.
Zer aurkeztu zenien?
30 piezatik gora sortu nituen, prakak, gonak, kamisetak, txamarrak… Urtarrilerako prest eduki behar nuen. Zoro moduan ibili nintzen.
Hor sortzen duzu IMZ designer wear?
Aurretik banuen marka irudi bat, baina zerbait berria behar nuen, eta konfinamenduan, markaren irudia berria sortu nuen. Webgune bat ere banuen.
«Inbestigazio lan handia dago lehenik, eta salgai jartzen denerako denbora asko igarotzen da, urtebete baino gehiago»
«Oso zaila egiten zait jantziko ez nukeen edo gustuko ez dudan arropa egitea. Ez dut beste modurik ulertzen»
Zein da IMZren ezaugarri nagusia?
Markaren ezaugarri nagusia da hand made edo eskuz egindakoa dela. Arropen etiketak ere nik egiten ditut, banan-banan, eskuz, arropak egiteko oihalak eskuz mozten ditut… Arropak josi ez beste guztia, makina erabiltzen baitut bestela ezinezkoa izango zelako, eskuz egindako lana da. Hortaz gain, bertako produktua dela, kalitatezko materialekin egindakoa…
Norentzat dago zuzenduta?
Erosotasuna bilatzen duten emakumeentzat. Erosotasuna zentzu zabalenean; bai diseinuagatik, bai jantzi motagatik, bai estiloagatik, bai materialengatik…
Nolakoa da horrelako kolekzio baten sortze prozesua?
Inbestigazio lan handia dago lehenik, eta salgai jartzen denerako denbora asko igarotzen da, urtebete baino gehiago. Hasten naiz ideiak hartzen, joerak ezagutzen… Asko laguntzen didate diseinuak sortzerakoan. Diseinu esklusiboak dira, baina ez naiz isten kanpotik datozkidan influentziei. Ondoren, oihalak ikusi eta aukeratzen ditut. Pauso horretan, erabakitzen dut kolekzioak izango dituen koloreak eta oihal bakoitzarekin zer egingo dudan.
Zure diseinuak zure isla dira?
Bai, guztiz! Egiten ditudan jantzi guztiak nire sentitzen ditut, nire izaerarekin, nire estiloarekin bat datozelako guztiz, gustuko dudan arropa egiten dudalako, nik zer jantziko nukeen, hortik abiatzen naizelako. Diseinuak pentsatzen hasten naizenean pisu handia du horrek, oso zaila egiten zait hori apurtu eta jantziko ez nukeen edo gustuko ez dudan arropa egitea. Ez dut beste modurik ulertzen.
Neguko kolekzioa salgai duzu. Nolakoa izan da harrera?
Oso ona, bai hemen, Ordizian, Beasainen… Lehen ere ezagutzen ninduten tokietan oso ondo funtzionatzen ari da. Eta hemendik kanpora, Bizkaian, Nafarroan, Galizian, Madrilen… ere bai. Lan handia izan da, ordu asko, baina oso pozik nago emaitzarekin!
Non eros daiteke zure arropa?
Webgunean eta sare sozialetan katalogoa ikusi eta bertan eros daitezke. Gainera, Goierrin, NESS, Xanu, Shiva, Serendipity…dendetan, eta hemendik kanpo beste hainbatetan ere bai.