Auzoki Komunitateen Administrazioa S.L. • (Ordizia)
Eraikinetan berritze lanak egitea bultzatzeko helburuarekin, diru laguntza berriak eskaintzea onartu du Eusko Jaurlaritzak. Aurrekoekin parekatuz, orain diru kopuru handiagoak banatuko dituzte eta jende gehiagora iritsiko dira. Diru laguntza hauek, etxe partikularretan eta komunitate mailan egiten diren berritze lanei daude zuzenduta. Komunitatearen izenean eskatzen direnean, orokorrean komunitatearentzat eta indibidualak eskatzeko aukera egongo da, lehen bezalaxe. Hori bai, laguntza partikularrak jasotzeko, ohiko etxebizitza edo etxebizitza iraunkorra izan beharko da babesa eskatzen duena.
Bultzatu nahi dituzten obrak
Jaurlaritzatik bultzatu nahi dituzten obrak ondorengo alorrekoak dira:
- Eraikinen kontserbazioa eta bizitzeko baldintzak hobetuko dituztenak.
- Irisgarritasuna hobetzen dituztenak: hau da oztopo arkitektonikoak kendu eta mugikortasun arazoak dituztenei sarbideak errazteko helburua duten obrak.
- Energia-kontsumoa murrizten dutenak: eraikinen isolamendua hobetuz, etxebizitzetako energia kontsumoa txikitzea lortzen duten obrak.
Dirulaguntzak jasotzeko modua
Diru laguntzak hiru modutara jaso daitezke: errenta aitorpenean desgrabatuz, mailegu modura edo bueltatu behar ez den dirulaguntza modura.
Honako hauek dira aurreko diru laguntzekin parekatuz, oraingo hauek dakartzaten berrikuntza nagusienak:
- Diru laguntzen kopuruak handitu egin dira. Laguntzak jasotzeko bizilagunek izan beharreko diru sarreraren mugak ere zabaldu egin dira, eta orain jende gehiagok izango du horiek jasotzeko aukera: Obrak ordaintzeko mailegu babestua eskatu nahi dutenen kasuan, urteko sarrera 33.000 euroko mugatik 39.000 eurora pasa da. Bueltatu behar ez den dirulaguntzen kasuan, berriz, 21.000 euroko urteko diru-sarrerako mugatik 25.000 eurora pasa da.
- Irisgarritasuna sustatzeko, diru laguntza lerro berria sortu dute 65 urtetik gorakoentzat eta /edo desgaitasuna dutenentzat. Hau jasotzeko baldintza bizikidetza unitateak urtean 12.000 euro arteko diru-sarrerak izatea da.
- Mailegu babestua eskatzen denean, administrazioak hori onartu eta berehala eskuratu dezakete eskatutako kopururaren %100.
- Jabeen erkidegoek ere mailegu babestuak eskatzeko aukera izango dute oraingo honetan.
- Errenta aitorpenean desgrabatzeko aukera izateko, ez da norberaren dokumentaziorik aurkeztu beharko. Oraingoan nahikoa izango da erkidegoaren administrazio-ebazpena, obra amaierako ziurtagiria eta jabekidearen partaidetza kuota aurkeztea errenta aitorpena egiterakoan.
- Orain arte ez bezala, obren kudeaketa egiten duten administratzaileen ordainsariak ere ordainduko dira.
Baldintzak
Diru laguntza hauek eskatzeko hainbat baldintza bete behar dira:
- Etxebizitza edo lokal bakoitzak obrarengatik ordaindu beharreko kopurua 3.000 eurokoa izan beharko da gutxienez, irisgarritasun obretan salbu. Horietan ez dago gutxieneko mugarik.
- Eraikinak gutxienez 20 urte izan behar ditu. Kasu honetan ere badaude hainbat salbuespen: Segurtasunari eta egonkortasunari eragiten dioten kalteak baditu edo eskaerak arkitektura-oztopoak kentzeko badira, urteak ez dira kontutan hartuko.
- Diru laguntzen eskaera, obrak hasi aurretik egin behar da eta birgaitze integral eta efizienteen kasuan obra baimena eskatu baino lehen.
- Erkidegoen obretan, Eraikinaren Ikuskapen Teknikoa eginda izatea, subsanatuta egotea eta Erabilera eta Mantentze plana edukitzea beharrezkoa da.
Eskabide elektroniko bidez
Bizilagunen erkidego edo komunitateen dirulaguntzen eskaera, eskabide elektronikoen bidez egin behar da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoan. https://www.euskadi.eus.