
Bolada ezberdinetan jende asko pasa zen Beasaingo Akordeoi Orkestratik. Denok ateratzen garen argazkia nekez aurkituko dugu. Argazki hau, 1983koa da, Galesera egindako bidaiakoa.
Idurre Eskisabel Larrañaga • Beasain
Izan zen garai bat, ez hain aspaldi, gurasoek umeengan errentagarritasun ukigarririk gabeko zaletasunak hauspotzen zituztena, kulturarekin, eta, bereziki, dantzarekin zein musikarekin loturikoak. Adierazpide artistikoren batekin gutxieneko harremana edukitzea pertsona oso eta osasuntsu izateko hezibidearen partetzat hartzen zen, gaur egun kirolarekin gertatzen den bezala.
Hala, 70eko hamarkadaren amaieran eta 80ekoaren hasieran solfeo, txistu, akordeoi, piano eta abarretako eskolak jasotzera joaten ginen neska-mutikoz betetzen ziren arratsaldero Beasaingo udaletxe azpiko arkupeak, eta haietan barrura eginda zeuden ikasgelak. Esan dezadan, bidenabar, ez zela denbora asko gela horiek Frankismoaren uberako Eskola Nazional izateari utzi ziotela.
Hain zuzen ere, izan zen garai bat, ez hain aspaldi, jendeak errentagarritasun ukigarririk gabeko zaletasunetarako erabiltzen zuena lan orduetatik kanpoko denbora, hala nola, dantza talde bat, abesbatza bat, edo musika talde, banda zein orkestra bat hauspotzeko. Halaxe, 70ekoen amaieratik 90ekoen erdira bitarteko Beasainen gaztetxo eta gazte izan ginen askok asteburuero izaten genuen taldeko adierazpide artistikoren batean parte hartzeko aukera, zela dantzetan, zela kantuan, zela musika tresnaren bat jotzen.
Beasaingo Akordeoi Orkestra
Giro hartan sortu zen 80koen hasieran Beasaingo Akordeoi Orkestra, Iñaki Aierbe maisuaren hauspoz. Orkestra hartan ikasi genuen Vivaldi, Mozart, Verdi, Wagner, Sibelius edota Guridi gure gorputzetatik pasatzen, hauspotzen. Han ikasi genuen Pello Ramirez edota Aitor Furundarenaren gisako kide distiratsuei oinarrizko laguntza emanez gozatzen; norberaren aletxoaren oihartzuna taldeak biderkatuta jasotzeak ematen duen plazera zer den.
Ikasi genuen jendaurrean egoten,bidaiatzen, Cannes edota Erroma non zeuden, pizzaren zaporea nolakoa zen, etxetik eta herritik kanpoko egoera arrotzetan geure buruei hauspoa ematen…
Amaia, Pello, Aitor, Karmele, Rosario, Nekane, Amaia, Julen, Eskarne, Ana, Arantxa, Joxe Mari, Esther, Garbiñe, Xabi, Ugutz, Maixa, Aitor, Jone, Izaskun, Lurdes, Aitor, Miren, Iker, Joseba, Itziar, Jone, Pello, Joxerra, Oskar… (eta nire memoria gero eta geruzatuagoan ostenduta geratutako besteren batzuk) … Ziur nago orkestra hark gutako bakoitzean hauspotu zuela zerbait.