Jesus Mari Alberdi Sasieta • Urretxu
Estrellaneko etxea deitzen zitzaion argazkian ikus dezakezuen eraikinari. Beheko lokaletan mertzeria, oihal eta jantzi denda, okindegia eta etxe-jabeen janari denda, Nekolalde kalearekin izkina egiten zuena. Baina ez naiz arituko orain eraikin horri buruz, handik zegoen ikusmiraren inguruan baizik.
Izan ere, Urretxuko hiru toki esanguratsu ikusteko aukera eskaintzen ziguten Estrellaneko balkoiek, historia handiko lekuak hirurak ere. 70eko hamarkadan toki horietan ikusten zenari erreparatuko diogu bereziki:
Alde batetik, S.D. Goyerri genuen, ‘y’ grekoarekin idazten zuten garai hartan Goierri K.E, herriko jende askoren topagunea. Zenbat kirol ekitaldi ez ote du antolatu Goierrik herrian. Gogoan ditut, gaztetxo ginela, nola antolatzen zuten hainbat kiroli buruz hitz egiteko eta egoera aztertzeko hamabostaldia: esku pilota, txirrindularitza, mendia, saskibaloia, futbola… Kirol bakoitzetik izen ezagunak etortzen ziren bi asteko jardunaldi horietara egun ezberdinetan: adibidez, Fernando Tapia, Txomin Perurena, Pako Lusarreta, Shegun Azpiazu, Emilio Gurutzeta futbol arbitroa… Gerora Gaztelekua izan zen eraikin hori.
Bestetik, gune horretako erdi-erdian, oraingo Gernikako Arbola plaza (garai hartan Plaza del Generalisimo Franco). Era askotako ekitaldiak ikusi zituen plaza horrek 70eko hamarkadan: kirola, musika, dantza, asteroko azoka, Euskal Jaia… Esate baterako, hortxe jokatzen zuen eskubaloian Goierri K.E.ko taldeak; baita kuadrilen arteko futbito eta saskibaloi txapelketa herrikoiak ere, idi-probak…
Lehenengo aldiz ikurrina
Eta nola ez, hortxe amaitzen zen, orain bezala, jai nagusietako karrozen ibilaldia. Hortxe ikusi ahal izan genituen lehen ikurrinak kalean, oraindik ikurrina legeztatu gabe zegoen garaian. Eta plaza gaineko terrazan, jendea gainezka, Euskal Jaiaren ikuskizunaz gozatzen; hobeto esanda, batzuk gozatzen… eta beste batzuk erabat beldurtuta, guardia zibilak zelatan egoten zirelako plaza barruan zer gertatuko eta zer erakutsiko karroza ibilaldiaren amaieran.
Herriko ikur haundienetakoa ere, Ederrena pilotalekua, gune horretan zegoen 1906az geroztik, hiru balkoi zituela plazara begira. Zenbat gauza konta dezakegun frontoiaren inguruan; baina bereziki Santa Lutzi eguneko pilota partidak eta herri arteko pilota txapelketak ditut gogoan. Pilotari profesionalen artean Julian Lajos, Salvador Vergara, Iñaki Gorostiza, besteak beste, eta herri arteko txapelketan, berriz, Azkoitia, Segura, Urretxu eta Zumarragako pilotariak. Zer nolako jendetza izaten zen Ederrena zaharrean herriko idoloak ikusteko!
Pilotaz gain, Goierri K.E.ko saskibaloi taldea ere frontoi zaharrean aritu zen urtetan zehar, Pisani artista ezaguna animatzaile nagusi zelarik.
Kaleaz bestalde, horren guztiaren lekuko izan zen Estrellaneko etxea, hamarkada horretan bi sute beldurgarriren testigu ere izan zena.