Aitzol Asurmendi • Maizpide Euskaltegia (Lazkao)
Abenduaren hirugarren eguna iritsi da aurten ere. Euskararen eguna dela kontuan hartuta, Maizpide euskaltegitik kalean baldar samar erabiltzen ditugun hainbat esaera edo hitz zuzentzeko aukera eman nahiko genieke gaur Goierriko euskal hiztunei. Ondoan, gainera, ariketatxoa ere izango da.
Bada geure egunerokoan behar baino maizago erabiltzen dugun hitz bat: bat indeterminatua. Zera esan behar dugu, gaztelaniazko un/una guztiak ez direla beti bat euskaraz (ezta unos/unas guztiak batzuk ere); azken boladan, ordea, badirudi zorioneko bat hori behar baino gehiagotan erabiltzen dugula (askotan -a artikulua erabili beharrean).
Batzuetan ez du ematen oso erraza denik zehaztea bata ala bestea, baina Euskaltzaindiak honen inguruan esandakoari jarraituz, arau batzuk emango ditugu, testuingurua, ezagun/ezezagun, zenbakarri/zenbakaitz eta beste hainbat aldagarri kontuan hartuta.
Noiz erabiliko dugu BAT?
- bat/asko oposizioa azpimarratu nahi dugunean: LAU gizon eta emakume BAT sartu dira tabernan. Kalimotxo BATEK BI zuritok adina balio du.
- Ipuin, istorio, pasadizo edo gertakariren bat kontatzen hastean, norbait edo zerbait aurkezteko: Pakitak Gasteizko mutil BAT aurkeztu zigun atzo. MutilA jateko modukoa zegoen. Israeldar BATEK palestinar BAT (eta ez BI) hil zuen atzo Zisjordanian.
- ‘-(r)en bat’ egituran: Laurogei(REN) BAT lagun joan ziren udaletxera, euren ezinegona adieraztera (= LAUROGEI, gutxi gorabehera). Lehergailuren BAT izan da (= lehergailua izan da, antza).
Noiz erabiliko dugu ‘A’?
- Izen zenbakaitzekin (haizea, hotza, beroa, ohorea…) erabiliko dugu; adjektiboren bat agertzen denean, ordea, “BAT” sartzeko aukera izango dugu. Izugarrizko beroA dago kanpoan. OhoreA izan zen guretzat Nelson Mandelarekin hitz egitea. Ohore handi BAT izan zen guretzat Nelson Mandelarekin hitz egitea.
- Izen zenbakarria izanagatik, balio generikoa duenean: NekazariA izorratu besterik ez dute egiten multinazional handiek munduko hainbat lekutan. EuskaltegiA ez da euskara ikasteko leku bakarra.
- Zenbakarria izan arren, aurrez aipatu badugu: Oporretan laku zoragarri bat ikusi zuten Alexek eta Anek. LakuA Arroyo herritik hurbil omen dago.
- Norbaiti edo zerbaiti buruzko iritzia ematean, iruzkinen bat egiten dugunean…
- ZUZEN: Hi aluA haiz (edo alu hutsa, alu galanta).
- OKER: Hi alu BAT haiz!
- ZUZEN: Zuek lotsagabeak zarete (edo lotsagabe hutsak / galantak).
- OKER: Zuek lotsagabe BATZUK zarete!
- ZUZEN: Hau mahaiA da; hori aulkiA da; hura leihoA da.
- OKER: Hau mahai BAT da; hori aulki BAT da; hura leiho BAT da.
- Nahiz eta zenbakarria izan, dugun informazio edo ezagutzagatik, izen hori aipatzean bakar batez ari garela dakigunean. Halere, adjektiboren bat agertuz gero, “BAT” erabiltzea izango dugu. LiburuA besapean agertu zen Martxelo. FariasA erretzen hasi zen Joxe Jabier. Tabernan sartu zenean Montekristo handi BAT erretzen hasi zen Joxe Manuel.
Ariketak
Zuzendu, behar izanez gero…
- Hi, Lutxi, zerri bat haiz! Hire gorputzak ez din aste osoan urik ikusi!
- Koxme zigarro bat ahoan sartu zen bilerara.
- Seme, arren, ez hadi kalera atera! Haize bat zebilek…
- Poz bat eman zidan azterketa gainditu nuela jakiteak!
- Istripuren bat izan omen du gure Mariatxok!
OHARRA: lehenengoan zerri hutsa (galanta) haiz behar du; bigarrenean, zigarroa ahoan; hirugarrengoan, izugarrizko haizea zebilek; laugarrengoan, a ze poza / nolako poza hartu nuen jakitean; azkena zuzena da.