Marian Velasco • Mekanizazio teknikaria
Hogeita gutxi urte nituela, kuadrillako mutil batek, ezagutzen zuen emakumerik matxistena nintzela leporatu zidan. Eta gaur egun esaldi horrek asko lotsarazten nauen arren, garai hartan harro nengoela onartu beharra daukat, ni «ez bainintzen beste neskak bezalakoa». Nola liteke?
Aitaren partetik presio asko jasan nuen nerabezaroan. Garai hartan, behin eta berriz errepikatzen zidan neska femeninoagoa izan beharra nuela. Ez nuela soinekorik janzten. Ez nintzela manera finekoa. Ez nuela obedientziaz jokatzen. «Ez nintzen beste neskak bezalakoa», edo hala esaten zuen berak. Hortaz gain, ez nintzen emakumezkoen rolarekin (edo aitak saltzen zidan definizio tradizionalarekin) identifikatuta sentitzen. Baina mutila ere ez nintzen. Ze ostia? Zerbait ez zetorren bat!
Urte batzuk beranduago, ordea, laguntzat nituen mutilek, berezia nintzela esan zidaten. Haietako beste bat nintzela (beste mutil baten parekoa, alegia) eta «ez nintzela beste neskak bezalakoa». Funtsean, testuinguru horretan esaldia positiboa dela uler daiteke. Gainerako neskak bezalakoa ez izatea lausengu hutsa zen! Aitak guztiz zapaldu zuen autoestimua berreskuratu eta lotsa sentitzetik harro egotera pasa nintzen, beste nesken eta nire arteko amildegia handituz.
Bereizketa horrekin, beste emakume batzuen izateko modua barregarritzat zein baliogabetzat uzten nuen. Halako sendoak dira patriarkatuaren estereotipo sexistak, eta hala hezi gara gizarte horren alabak, ezjakintasunean, inposatu zaizkigun aurreiritziak zalantzan jartzeko ezintasunarekin, eta emakumeen arteko lehia eta gorrotoa pizten.
Bada bizitza osoan errealitate distortsionatu hau sinisten duenik. Kostata, baina zorionez, nik ikasi nuen nire aitaren lezioa baztertzen.
Orain, kuadrillakoa harro egon daiteke nirekin, baina dagoeneko, gizon batek nire feminitateari zein izaerari buruz duen iritzia ez zait batere inporta.