Oztopoei, gerrei eta errepresio frankistari aurre egindakoa da Isabel Etxeberria Gorriti (Donostia, 1915-1-31). 107 urte betetzera doala, Sant Jordiren Gurutzea gorazarre saria eman dio Generalitateak, abenduaren 13an; Kataluniako aitortza handienetakoa. Maistra izan zen Gabirian 1941etik 1943ra. Ez zioten barkatu ‘Errepublikaren maistra’ izatea.
Non jaiotakoa zara zu?
Ni Donostian jaio nintzen, Prim kalean. Baina nire aita debarra zen, eta Diputazioko delineatzailea. Gipuzkoa guztian ibiltzen zen lanean. Etxeak-eta egiten zituen; berak bakarrik ez, noski. Azkenean, Colon Pasealekuan bizi ginen.
Ama zen donostiarra, agian?
Nire ama Arroakoa zen, Zestoako auzo txiki batekoa. Nik beti Donostian ikasi nuen. Gero, gerra denboran ni Araban nengoen, azkeneko herrietako batean [Quintanilla de la Ribera, Erriberabeitia], Miranda ondoan. Gerrak han harrapatu ninduen. Ni kanpoan nintzen, eta nire familia Donostian. Baina Donostia libratu zenean hara joan nintzen, amarengana eta aitarengana. Ez zegoen inor etxean, beste batzuk sartu ziren gure etxean. Arabako herrira itzuli beharra eduki nuen.
Nora jo zuten gurasoek?
Arroara. Nik bi anaia neuzkan, bat medikua, mediku ikaslea oraindik; eta bestea ingeniari ikasten ari zen. Baina 25 urterekin, aita, ama eta denak beldurrez, Arroara joan ziren, bere etxera, eta gerra denboran han egon ziren.
Donostiako zuen etxean beste batzuk zeudela esan duzu. Zein?
Francoren aldeko jendeak hartuta zeukan gure etxea, eta, noski, Arabara itzuli nintzen. Opor garaia zen, baina ni lehenago Araban gelditu nintzen. Herri hartan zegoen apaiza Astigarragakoa zen; Mateo Mujika gotzaina etortzekoa zen herrira, eta apaizak eskatu zidan gotzaina joan arte gelditzeko. Gelditu egin nintzen, eta han harrapatu ninduen gerrak.
Ezagutu al zenuen Mateo Mujika?
Bai horixe! Elkarrekin bazkaldu genuen. Gero kanpora bidali zuen Francok, eta itsutu egin zen. Zarautzen hil zen. Zarautzen zegoela ere nik bisitatu nuen, azkenekoz han ikusi nuen. Gogoratzeko gauza txarrak dira.
Maistra izateko ikasi zenuen zuk.
Ni Errepublika denborako maistra nintzen. Gure taldea oso diferentea zen aurreko maisu-maistretatik. Guri ikasketa gehiago eskatu zizkiguten titulua lortzeko, baina ordaindu ere gehiago ordaintzen ziguten. Franco iritsi zenean kendu zigun. Francok dena kendu zidan, dena. En fin.
Arabatik Getariara joan zinen. Noiz?
Depuratu gintuztenean. Gu, maisu berriak, gaizki ikusiak ginen, beste karrera bat eta beste pentsakera bat geneukalako. Eta edozein lekutara bidali gintuzten. Niri Getaria kasualitatez eman zidaten destino bezala. Han bi urte egon nintzen, eta Getarian nengoela bukatu zen gerra. Beste destino bat eman zidaten orduan, eta Gipuzkoaren beste aldera bidali ninduten: Gabiriara. Gure promoziokoak batetik bestera erabili gintuzten, ez ziguten plaza finkorik ematen. Azkenean, eman ziguten aukeratzeko. Baina lehenego maisu guztiek aukeratu zituzten lekuak, eta Errepublikako plangintzakoak ginenok azkena aukeratu ahal izan genuen. Eta zegoena aukeratu genuen. Horietatik, itsasoa zeukan edozein herri hartu nuen.
Llança egokitu zitzaizun, Gironan. Itsasoa nahi zenuen?
Bai, beti. Andaluziara, edo Valentziara, edo Kastillara ez nuen nahi, eta Katalunia tokatu zitzaidan: Llança. Han ezkondu nintzen, eta han gelditu nintzen. Nire bizitza ez da normala izan, gora-behera nahikoa izan nuen gazte nintzenean, baina azkenean ondo atera zen. Ni ondo egon nintzen herri denetan, hori egia da.
Zuek abertzaleak zineten?
Beti euskaldunak. Euskaldunak, beti. Hori ez da ahazten. Guk dena maite dugu, baina gurea, gurea da.
«Ni Errepublikako maistra nintzen. Ikasketa gehiago eskatu zizkiguten, baina gehiago ordaindu ere bai. Francok dena kendu zidan, dena»
«Azarola musikariaren pianoa zegoen gelan lo egiten nuen. Gabiriatik behartuta joan nintzen, bidali gintuztelako»
Orain zeinekin aritzen zara euskaraz?
Inorekin ez. Ahaztu egin zait asko. Nire gizona katalana zen, eta lehenengo urteetan, Donostiako automobila edo jendea ikusten zuenean, jendea etxera ekartzen zuen, euskaraz egiteko. Noizean behin Donostiara joaten ginen, ama ikusteko. Aita hila zen. Euskaraz orduan hitz egiten nuen. Nire alabei euskaraz ez erakutsia, hori da nire pekatu handia!
Gabirian non bizi izan zinen? Orduko herria nola gogoratzen duzu?
Ostatuan egon nintzen, baina hangoak beste etxe batean bizi ziren eta hara aldatu ninduten gero, [Pepe] Azarola musikariaren etxera [Txoko]. Haren pianoa zegoen gelan lo egiten nuen, nire ohearen ondoan zegoen pianoa. Pilar, Mariatxo, Domenika… ez dakit inor biziko den han. Plaza, eskola, parrokia, Ostatua, dena bertan zegoen. Zapatuan etxera joaten nintzen, Donostiara. Gogoratzen naiz estaziora joateko oinez pasatzen genuela [Ormaiztegiko] burdinezko zubia. Oinez! Eta erdia puskatuta zegoen. Nola atrebitzen ginen hura oinez pasatzen? Ikaratu egiten naiz gogoratzen naizenean. Gaztetako gauzak.
Ausarta izan…
Hala da. Gabiriatik behartuta joan nintzen, bidali gintuztelako. Nire ondoren ezagutzen nuen bat etorri zen, Eugenia. Hark jada jabetzan zeukan plaza, eta finko geratu zen. Ni interino egon nintzen. Baina Gabiriako oroitzapen onak dauzkat, ondo egon nintzen. Neskato asko gogoratzen ditut, izenak, aurpegiak… Bizitza, azken batean. Oraindik erretratuak, postalak, eta neskatoekin argazkiak badauzkat. Maisu kide bezala lagun ona izan nuen, Juan Mujika.
106 urte noiz eginda zaude?
Urtarrilaren 31n. Ez dut uste Donostiara gehiago joango naizenik. Getarian liburu bat atera zuten, eta gonbidatu egin naute joateko. Baina joaten banaiz, Gabiriara ailegatuko naiz. Urte gehiegi dira, baina oraindik ondo nago. Nire edadearekin ezin ditut planak edo geroko asmoak egin. Baina gustatuko litzaidake Gabiriaraino joatea. Baina, beno, hori amets egitea ere bada pixka bat.