Gizaldi batean hondoa jo dute errotek. Elikadura-ekonomiaren zutabe izatetik, ia desagertzeraino galdu dira. Aldaketa urtea izan liteke 2022a, Errota Eguna tarteko.
Balio etnografiko eta historiko aberatsa edukitzeaz gain, karbono dioxido emisioek eta erregai fosilen errekuntzak ingurumena kaltetu eta planeta klima larrialdira eraman duten honetan, berebiziko ikasgela dira errotak. Uraren indarra beste elementurik gabe, gizakien nahiz abereen elikadurarako eta argindar sorkuntzarako gune izan dira. Ekologikoagorik, nekez. Ahanzturan aspaldi erori ziren, ordea, eta galtzeko zoriraino baztertu ditu gizakiak.
Irakaspenak hor daude, hala ere, erreka ertzetan lekuko isil. Azken errotarien jakintza ere entzun liteke oraindik. Erroten berreskurapenaren adibide bat Zaldibiako Kanpain da. Ezintasunetik aukera sortu, eta martxan jarri dute berriro. Halabeharraren kapritxoz, Kanpaingo azken errotari Bruno Garmendia 2019ko abenduan hil, eta biharamunean iritsi zitzaien Konfederazio Hidrografikoaren ultimatum gutuna: edo errota lanerako mantendu, edo Amundarain errekatik ura hartzeko eskubidea galdu –eta, horrenbestez, betiko itxi–. Aihen goibelak errotentzako.
Kanpaingo kasua beste errota askorena ere bada. Gehienena, ziurrenik. «Baimena berritzeko oso baldintza zorrotzak jartzen zizkiguten, guk ezin genituenak konplitu», dio Maria Luisa Garmendiak. Ur kontsumoaren neurketak bidali beharra zen baldintza bat, eta aktibitatea martxan izatea.
Guillermo Garmendia, Kanpaingo errotakoa: «Errota azkena martxan orain dela 35-40 urte jarri zen, baserritarrek artoa ereiteari utzi ziotenean. Etxerako mantendu zen»
Maria Luisa Garmendia, Kanpaingo errotakoa: «Baimena berritzeko oso baldintza zorrotzak jarri zizkin Konfederazioak, guk ezin konplitu genitzakeenak»
Zaldibiako errota aspalditik geldirik zegoen. Errotari zenaren bi senide bizi dira, jubilatuta, Donostian. «Hil honetan 80 urte egin behar ditut. Errota azkena martxan orain dela 35-40 urte jarriko zen, baserritarrek artoa ereiteari utzi ziotenean. Anaiak oilo granja zeukan, 5.000 oilorekin. Haientzako konpuestoa egiten genuen errotan. Mantendu genuen, etxerako ia egunero 500 kilo ingurua behar izaten zelako», azaldu du Kanpaingo Guillermo Garmendiak. Oilategia ere itxi zen, eta fabrikara joan zen lanera. Azken «errematea» 1983ko uholdeek eman zioten errotari, operatiboki ere ezinean utzita.
Udalarekin batera konponduta
Ekimen publiko-pribatuak bat eginda iritsi da irtenbidea, beste kasu askotan bezala, Kanpainera. Ur Agentziatik eta Diputaziotik udalera bidali, eta han ireki zizkieten ateak. Kanpain Zaldibiako «nortasunaren eta idiosinkrasiaren parte» dela ulertu du udalak. Ez alferrik. Herriaren sorrerako ernemuina bera da, eta 1134an jada bazen. «Gorde beharreko eraikin multzo» gisa katalogatuta dago. Errotarako ubidea Lardizabal eskolaren parean hasten da, presa puzgarria dagoen lekuan (horretarako eraiki zuten jatorrizko presa, preseski). Eremu hartako ur aprobetxamendua eta errekaren egoera ere mantendu beharrekotzat jo ditu udalak.
Hala, bi aldeek lankidetzan konpondu dute errota. Udalak bere gain hartu du neurketa-sistema jartzearen kostua eta datuak konfederazioari bidaltzearen ardura. Konponketa txiki batzuk ere errotako Mikel Cobos Irizar errotaria ekarrita. Denera, 1.900 euro dirutan.
Lanbide eta bizimodu bat bertan
Errota ez zegoen gaizki, Cobosek azaldu duenez, eta lau egunetan lortu dute atzera martxan jartzea eta doitzea. Boluntario talde batek lagundu dio. «Errota nahiko ondo zegoen. Beheko mekanismoan, egurrezko nibelazio habea urteekin ustelduta zegoen. Puskatu egin zen, eta palanka jokoa ez zuen egiten. Lurrera erorita zegoen, eta harria ezin zen erabili. Hori eta beste pieza batzuk aldatu ditugu, eta zuzendu», azaldu du aramarrak.
Mikel eta Ramon Cobos aita-semeekin batera, Felix Flores, Ibon Etxabe, Asier Luque eta Xabat Aranguren ibili dira laguntzen. Lanketa guztia iruditan hartu dute, oparoa baita Kanpainen gordeta daukaten ondarea. Bi artirin errotez gain –gariaren harria Juanixio Garmendia aita zenak galiziar bati eman zion aspaldi; Frantziako harrobi batetik ekarritako berezia zen–, ederki mantenduta dauzkate gainontzeko tresnak: harria pikatzeko tresnak (batzuk bidiekin punta indartuta), bujardak, lipia; zahia, erretxiloia eta irina bereizteko tanbor-haizagailu manibeladuna; lakari eta gaitzeru neurrien ontziak; 100 kiloko zakuak gerrierara jasotzeko orgatxo garabiduna… Baita errotaren sistema, turbina, tortoki, ubide, aldaparo eta gainerako denak ere.
Errotariaren jakintzaz ahaztu gabe. Guillermo ere errotan lan egina denez, ofizioaren liburu ireki bat da. Errotariaren lapur ospearena ere argi esplikatu du, nondik datorren: «Artoa ehotzerakoan, hezetasunak bastante aldatzen zuen zenbat irin atera. Artoa ustez sekatuta ekarriagatik, eurek askotan ez zuten konprenditzen, baina hezetasuna baldin badauka %6raino lurruntzen da. Eta 100 kilo arto ekarrita, 94-95 kilo irin ateratzen zen. Laka kentzen zitzaion, errotariak eskubidea bazeukan».
Kanpainen udalak lagundu du errota konpontzen eta burokrazia-izapideak zuzentzen. Urtean bi aldiz irekiko dute jendearentzat
«Errotak zer garrantzitsu izan ziren erakutsi nahi dugu maiatzaren 8an», dio parte hartuko duen Ibaresko Mikel Cobosek
Ikerketa talde bat sortzeko ideia
Kanpain errotan ehun urte daramate Garmendia familiakoek. Juan Lorenzo aitonak –okina zen– erosi zuen, Juan Inazio semearentzat (Guillermo, Maria Luisa eta Brunoren aita zena, 1905ean jaioa). 18 urterekin hasi zen hura. Zaldibiako lehen argindar sorgailua ere Juanixiok jarri zuen, uraren indarra alternadore bati esker elektrizitate bihurtuta. «Ailegatu ginen 300 edo 350 familiari argindarra ematera. Iberduerok absorbitu gintuen, orain dela 40 eta gehiago urte», dio Guillermo Garmendiak. Bera ibiltzen zen etxerik etxe kontagailuak irakurtzen eta argia kobratzen. Gaintzara ere ematen zuten argindarra. Turbina eta instalazio elektriko guztiak, berak berrituta, funtzionamenduan daude.
Udalaren asmoa, jakintza hori guztia eta Zaldibian zeuden beste errota guztien historia jasotzea da. «Lan honetarako ere gaitasun eta gogoa duen herritar taldetxoa osatu nahi genuke, informazioa bildu, antolatu, grabatu eta editatzeko. Deialdi irekia egiten dugu interesa eta gogoa duen herritarren bat bada udaletxera edo kultur etxera jotzeko», egin dute gonbita udaletik.
Gipuzkoako erroten eguna
Erroten gainbeheran, ordea, ikusten dira argi printza batzuk ere. Kanpainen bezala, Lazkaoko errota batean ere aritu dira berrikuntzak egiten eta argindar sorgailuak eguneratzen. Errota askok sortzen zuten garai batean elektrizitatea –Kanpainek bezala Ibaresek, eta beste askok–, eta herrian eta inguruetan saldu. Iberduero konpainiak bereganatu zituen guztiak, 1960ko hamarkadan. Modernizazioaren eta elektrifikazioaren motore izan ziren errotak.
Bestetik, Oiartzungo (Gipuzkoa) Iurrita errotako Alex Rotetak ekimen bat piztu du, herrialde osoan: Gipuzkoako Erroten Eguna bateratuta ospatzeko deia egin die errotari, kultur elkarte, udal eta herritarrei. Maiatzaren 8a hartu dute eguna, eta herri askotan hasi dira ekitaldiak, bisitak eta jarduerak antolatzen. Kanpainek eta Ibaresek, adibidez, parte hartuko dute. «Erakutsi nahi dugu zer garrantzitsuak izan diren errotak urtetan zehar, eta jendeak ikus dezala hain gauza sinpleak –urak– zer indarra eta energia ematen zuen», dio Aramako errotari Mikel Cobosek.
Izan ere, errotentzat kondenatuta diruditen galbidetik salbatzeko zirrikitu bat izan liteke kultur ondare gisa gizarteratzea. Kanpaingoen kasuan, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak irekita jarraitzeko jarritako baldintzen artean, egokitzapen tekniko eta neurketa eskariez gain, publikoarentzat urtean bi aldiz ateak ireki beharko dituzte. Pozik egingo dute hori. «Udalak oso erantzun egokia eman zigun kolaboratzeko eta mantentzeko, eta eskertuta gaude. Errota honen historia herriaren sorrerarekin dago lotuta. Herriak parte hartu du, eta gustura gara. Gure egoeragatik edo, Oviedotik [Konfederaziotik] jarri dute urtean bi egunetan irekitzeko baldintza. Denok jarri dugu geure partetik zerbait, errotak martxan segi dezan», esan du Maria Luisa Garmendiak.
Gipuzkoan katalogatutako erroten seitik bat Goierrin
Gipuzkoako erroten historiari buruzko lanik mardulena Antxon Agirre Sorondo (Donostia, 1946-2014) etnografoak du egina Tratado de Molinologia: los molinos de Gipuzkoa liburuan (Barandiaran Fundazioa, 1988). Ikerketa lan horren arabera, 661 errota egon ziren martxan XX. mendean; horietatik 647 erreka errotak ziren, 13 marea errotak eta haize errota bat. Galbahea eginda, errota horietatik seiren bat Goierrin zeudekeen, 115.
Legazpin zenbatu zituen errota gehien Agirre Sorondok, 15 guztira. Zerrendan hurrena Zegama, 13rekin; segidan Ataun 11rekin; Zaldibian 9; Idiazabalen eta Mutiloan 8na; Beasainen, Gabirian eta Seguran 7na; Zumarragan 5; Itsasondon 4; Ezkion, Itsason, Lazkaon, Legorretan, Ordizian eta Ormaiztegin 3na; Urretxun eta Zerainen 2na; eta Araman eta Olaberrian bana. Katalogazio horren arabera, Altzaga eta Gaintza lirateke aurreko mendean errotarik izan ez zuten udalerri bakarrak.
Azken 40 urteetan izandako bilakaera
Ikerketa lan hori publikatu aurretik eta ondoren, Agirre Sorondok Goierriko errotak bisitatu zituen. 1980. urtean 14 ziren Goierrin martxan zeuden errotak: Aramako Ibares, Ataungo Errotaberri, Beasaingo Igartza, Gabiriako Igeribar, Idiazabalgo Olea eta Oria errotak, Lazkaoko Iribe, Legazpiko Igaralde, Legorretako Berostegi, Mutiloako Errotatxo, Segurako Armaola, Zaldibiako Kanpain, Zegamako Arakama eta Zumarragako Lizarazu. Errota bakoitzaren lan moldeak ere bildu zituen txostenean.
Handik 21 urtera, 2001eko uztail, abuztu, irail eta urri artean, denak bisitatu zituen atzera Koldo Lizarralde lagun zuela. Bi hamarkadaren ondoren 14 horietatik 5ek bakarrik jarraitzen zutela martxan jaso zuen, honakoek: Ibares, Igeribar, Iribe, Berostegi eta Arakama. Igaralde, Errotatxo eta Kanpain martxan jartzeko moduan zeudekeela ikusi zuen, baina arrazoi ezberdinak tarteko ez zirela lanean ari.
Azken bi hamarkadetan berreskuratze lana egin da. Beasaingo Igartza egokitu eta aterpetxea jarria dago, eta Legazpiko Igeralde museo bihurtu dute. Ataungo Errotatxo ere egokitu dute, eta Mutiloan ere ari dira.