Gizarte Langintzako gradua ikasi zuen Oskia Garaialde Zeberiok (Segura, 1996), eta orain Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterra egiten ari a EHUren Leioako campusean. Gipuzkoako Landa garapen elkarteak biltzen dituen Landaola federazioak antolatutako ‘Emakumeak eta bizikidetza’ sormen lehiaketaren sarituetako bat da.
Landa eremuko herri batean sortua zara, baina zertarainoko harremana duzu baserriarekin?
Segurako Errota Berri baserrian hazi eta hezi naiz. Baserritik bizi al naizen galdetzen didatenean, «Zer da bizitzea?» erantzuten dut beti. Baserritik bizitzea onura ekonomiko bat lortzearekin lotzen dugu, diru iturri nagusia baserriko jardueratik eratortzearekin, eta aldiz, hauxe izan da baserriko emakumeak ezkutuan eduki dituen ikuskera. Ikuskera horretatik begiratuz, gizaldi askotan ez da emakumerik baserritik bizi, baina ea nork heldu dion bizitzari baserrian. Bizitzea bizitza sostengantzea da, eta hori ez da soilik diruz egiten, elikatuz egiten da, zainduz… Bide horretan baserritik bizi naiz, baserriak eta baserrian ematen dizkidate bizitza sostengantzeko beharrezkoak, eta nik ere bai aldi berean.
Landaolaren ‘Landa emakumeak eta bizikidetza’ sormen lehiaketara aurkeztu eta bigarren saria irabazi duzu 25-55 urte arteko mailan. Zergatik erabaki zenuen aurkeztea?
Segurako Udaleko mezu baten bidez izan nuen lehiaketaren berri. Landa emakumeak gara irakurri bezain pronto zerbait piztu zitzaidan barruan, eta nire artean pentsatu nuen: «Aizan, hi ere landa emakumea haiz, ala?». Hortxe hasi nintzen pentsatzen ea zer ote zen landa emakumea izatea, ohartu nintzen landa eremua bizitza sostengantzearekin lotura zuzena duela landa emakumea izateak. Hortaz, nire jaiotetxean, Errota Berri baserrian, bizitza sostengatu duten eta sostengatzen dugun emakumeei omenalditxo bat egiteko baliatu nuen lehiaketa.
‘Collage’ bat aurkeztu zenuen lehiaketara. Bertan baserriari eta han lan egindako eta bizitako emakumeei keinu egin diezu. Nola interpretatu behar da lan hori?
Collage-an agertzen diren emakumeak ez dira denak odolez familiakoak, baizik eta urteetan zehar Errota Berri baserrian bizitzari heldu dioten emakumeak dira. Hortik badugu zer ikasia, odolezko loturarik ez izan arren, batak bestea zaintzen zutelako, batak bestearengandik jakintzak jasotzen zituztelako…
Bestetik, niri lagundu dit nire burua genealogia oso aberats baten baitan kokatzen, ulertzen ez dela odola jakinduriak transmititzen dituena, harremanak baizik, eta harremanak zaindu egin behar direla, harremanetatik sostengatzen dela bizitza. Collage-ko bi argazkiak baserri berarenak dira, berritu aurretik eta ondoren, eta adierazi nahi izan dut baserria bizi-bizirik dagoela, eta familiakoak izan edo ez, elkarrekin eta elkarri esker bizi izan direnek heldu diotela horri gaurdaino, bidea irekia utziz belaunaldi berriei, gerora baserrian biziko direnei.
«Lur eta baserri honetan bizitza posible egiten duten emakume horien guztien lana eskertzeko beharra sentitzen nuen»
«Mundura baserriko alabatzat jaiotzen denak badu izena nori eskertu, badu izana nori eman». Hori da irudiarekin batera zenuen aurkeztu zenuen hausnarketaren lehen esaldia. Zer eskertu beharra sentitzen duzu?
Lur eta baserri honetan bizitza posible egiten duten emakume horien guztien lana eskertzeko beharra sentitzen nuen, eta baita lurrari lotutako bizimodu batetik datorren jakintza hau guztia transmititzen jarraitzeko ardura ere. Uste dut etorkizuna bizigarri egiteko giltzak daudela jakintza honetan, eta aipatutakoaren bidetik, baserri bati bizirik eusten diotenak harremanak direla, generazio, jakintza eta sorleku ezberdinetako emakumeen arteko harremanak. Ohartzen zara zure bizitza baserri izeneko estruktura horretan kapitulu bat gehiago dela, eta estruktura horrek hor jarraituko duela bertan bizitzea aukeratzen dutenen artean jakintzak sortuz eta aberastuz.
Emakumeek ezkutuko rolak bete izan dituzte landa eremuan. Nola bistaratu daiteke egiten duten lan hori guztia?
Esango nuke gakoa ikuskerak aldatzean dagoela, ez dela hainbeste emakume baserritarrak traktore handietan igota erakustea, baizik azaleratzea bizitzeko ezinbestekoa dela zaintza, ezinbestekoa dela elikadura, ezinbestekoak direla harremanak, eta horretan emakumeen ekarpena izugarria dela. Noski badaudela traktore erraldoiak begiak itxita gidatzeko gaitasuna duten emakumeak, desbrozadorari mantenu osoa egiten dakitenak ere bai; jakin nahi nukeena da euren buruak guztiz baserritartzat dituzten gizon askok ba ote dakiten beharra duten orori fardelak aldatzen, urte osorako barazkiak poteratzen, edo zein egunetan egoten den gizarte langilea herrian.
Aldaketarik ez duzu sumatzen beraz.
Esango nuke aldatzen ari dela hau, gure iruditerian ari garela txertatzen traktore gaineko emakumearen irudia, ez dakit ordea zenbateraino txertatu den fardelak aldatzen dituen gizon baserritarrarena. Dakidana da emakumeak beti egon direla baserrian, beti aritu direla lanean, beti heldu diotela bizitzari, eta hori ikusten ez badugu ez dela presentzia faltagatik, bisio faltagatik baizik.
‘Landa emakumeak gara’ proiektu zabalago baten barruko lehiaketa izan da. Helburua emakumeen arteko elkar ezagutza eta saretzea bultzatzea da. Emakumeen arteko trukerako espazio urriak daudela sumatzen du Landaolak, bakardaderako joerak hautsi beharra. Zer duzu esateko horri buruz?
Uste dut denbora kontua dela hein handi batean, emakume baserritarrek elkarte eta abarretan parte hartzekotan lanaldi laukoitzei egin behar diegulako aurre: etxeko eta zaintza lana, enplegua, baserriko lanak eta parte hartze soziopolitikoa. Hori eraldatzekotan ezinbestekoa da lan guztietan baserrian bizi den orok bere ardurak hartzea.
Lehiaketara aurkeztutako gogoeta
«Mundura baserriko alabatzat jaiotzen denak badu izena nori eskertu, badu izana nori eman.
Baserriko alaba denak badu zor bat, emaldiz emaldi gordea, azalean, izaeran. Transmisioaren zorra.
Baserriko emakumeengandik jasotako altxorra zaindu, urteen poderioz elikatu eta baserriko alaba berriei oparitu, oparo.
Jakinduria horren esentzian daude lurra lantzeko ikasgaiak, animalien gobernantzak, sendabelarrak, ilargiaren eraginak. Jakinduria horren esentzian daude esaera zaharrak, hitzak, izenak eta hizkuntza, bizitako eta irabazitako borroken kontaketak, defentsarako armak.
Gehiegitan entzun dut baserriko emakumeak baldarrak eta ezjakinak zirela, garela, ez zekitela erderaz, ez zutela mundurik ikusi, mundua tematu den arren eurak ez ikusten, euren historia ukatzen.
Bazekiten sendatzen, bazekiten albaitaritzaz, gastronomiaz, musikaz, bazekiten erditzen laguntzen, bazekiten astrologiaz, autodefentsaz, baina batez ere bazekiten harremanetatik eraikitako egitura sozioekonomiko oso bat antolatzen, baserria gobernatzen.
Gauez basoan galdu zen norbaitek izarrei begira aurkitu omen zuen etxerako bidea.
Baserriko emakumeen jakinduriak badu Artizarretik, badu gidaritik. Baserriko alaba denak badu zor bat, emaldiz emaldi gordea, azalean, izaeran.
Jakingo dugu jasotako guztia eta bidean ikasia baserriko alaba berriei erakusten, baserriko emakumeen ezagutza mendeetan zehar haria etengabe elikatzen.
Garelako izan daitezen, izen ditzagun».
Oskia Garaialde Zeberio