Danelek bideo bat bidali zidan. Horretan ikus zitekeen Realeko jokalari ohi bat Zubietara iristen eta taldekide izandakoak agurtzen. Uste dut Ruben Pardo zela jokalari hori. «Ez zakitek besarkatzen». Ez dut esaldia zehazki gogoratzen, baina Danelek antzeko mezu bat erantsi zion bidali zidan ikus-entzunezkoari. Batez ere bizkarrekoak, bizkarreko latzak, ematen zizkioten elkarri futbolariek eta entrenatzaileek. Imanol Alguacil miresten dut —Erreala ale!!!—, morroi aparta iruditzen zait, baina ematen dituen besarkada eta bizkarreko horiek, nola esan, aztoratu egiten naute.
Goierrin gutxi izango dira bizkarreko mingarriak jaso ez dituzten gizonak; Urretxun eta Zumarragan, berdin. Lasai zaude kalean, tabernan, edonon, eta danba!, hara non ustezko lagun batek sekulakoa ematen dizun abisatu ere egin gabe. «Zer habil!». Protesta egiten baduzu, gainera, «beno, beno, mesedez!», esango dizute. Maskulinitate klasikoa, badakizue… Badakit haserreak eragin dituzten bizkarrekoak eman izan direla. Gu inoiz ez gara puntu horietara heldu, ez, baina gertatu izan zaigu, eta dezentetan, gainera, mahai baten bueltan esertzea, eta hasieran zirto hutsak zirenak handik ordu batzuetara ezten mingarri umoretsuak bilakatzea, eta batzen gaituena gero eta hauskorragoa denez eta bakoitzak bere bidea hartu duenez, hizketagairik ez edukitzea ia, gaiztotutako giro horri kateatzea, gogo txartzea, tristetzea, eta esatea: «Kitto».
Baina azken urteotan eta hilabeteotan gertatu izan zaizkigu gauza batzuk, kolektiboki bezala pertsonalki, eta pentsatu nahi dut baietz, egia dela samurtu garela horiengatik edo, aizue, bestela ere bai, eta whatsapp bidez bidalitako bihotzek, eta «besarkada bat» edo «muxu bat» mezuek zorioneko joera aldaketa bat adierazten dutela. Hau da, ikasten ari garela, kontzienteki edo inkontzienteki, auskalo, eztenetik baino kariñotik harremantzen, eta besarkadak eta emozioaren emozioz totelka esandako hitzek eta irribarre zabalak hasi direla bizkarrekoak eta beste ordezkatzen.