Ainitze Arretxe • Segura
Makina bat larunbat eta igande arratsalde elkarrekin pasatakoak gara. Argazki hau horren lekuko. Segurako gure baserrian, lehengusuok, hamaika kontzertu, antzerki, festa… egindakoak gara. Honako hau, urte berri egunean etxekoei aurkeztutako antzezlana da. 9-10 urte inguru izango ditut argazki honetan. Ezker aldetik hasi eta lehenengoa naiz.
Gure guraso eta aiton-amonen gazte garaiko jantziak soinean; bateko sorgin, besteko atso, sukaldari edo garbitzaile, arratsalde-iluntze dotoreak pasatzen genituen. Horiek bai oroitzapenak!
Lotsa eta beldurra, artean oso ongi zer ziren ere ez genekiela, gure nahi eta desioen eraginpean jolas egiten genuen.
Nire saltsan ibiltzen nintzen eskolako kultur asterako prestatzen genituen antzezlanetan ere. Aske sentitzen nintzen, eta egiten nuen horretan konfiantza nuen. Neure baitan nabari nuen, beste pertsonaia baten larruan sartuta, publikoa erakartzeko barne indarra. Egia esan, ez dakit trebetasun handiegirik izango ote nuen edo ez antzezle izateko baina gozatu behintzat egiten nuen. Ez al da ba hori gehien axola duena? Umetan horixe esaten ziguten, garrantzitsuena ondo pasatzea zela.
Handitzean, beldurrak eta lotsak
Handitzen eta helduz goazen heinean, zenbait txikitako amets, desio, abilezia itzalpean geratzen dira. Zerbait gaizki ateratzeko beldurrez, lotsatuta, oroitzapenen kutxan betirako gordeta gisan.
Niri izugarrizko pena ematen dit. Nire lantokian, egunerokoan ikusten dut haur txiki eta gaztetxoek duten berezko sormen gaitasuna. Ederra da! Altxorra esango nuke! Pixkanaka, ordea, txikitan egiten genituen gauza gustukoenak atzean uzten ditugu, gizartearen gehiengoak egiten ez dituenak direlako… ardi beltza sentitu nahi ez eta…
Denok gara jaiotzez sortzaile. Batzuek besteek baino garatuago izango dute akaso, baina denok gara talentudunak, biologikoa da.
Tamalez, errealitatea bestelakoa da. Gure burua gutxiesten ikasten dugu, inportantziarik ez ematen, eta gure gaitasun sortzailea mugatzen dugu eta digute. Mugak, ordea, pausoa ekar dezake eta bide horretatik sormena sustatu behar dugu, horretarako giro eta espazioak sortu. Inoiz ez da berandu, armairua ireki eta irudimenez berriro janzteko.
Sortzeak arrisku bat dakar eta maiz gizartean aurretiaz dauden sinesmen eta arauak urratzea ekar dezake. Sormena askatzeko, hainbat kontzeptu eta jarrera desikasi behar ditugu.
Sormena, barne askatasuna
Azken finean, sormenak barne-askatasunarekin du zerikusia. Kartzelan preso egon zaitezke eta sortzen jarraitu, eta kalean egon baina zeure buruaren kartzelaria izan zaitezke.