Antxiñe Mendizabal Aranburu • Idazlea eta editorea
Alaine Agirrek beti idatzi du emakume ahotsez, emakume gorputz batetik: dela erraietatik, dela hankartetik, dela bihotzetik, sabeletik edo burutik. Gorputzaren hizkuntzak ezagutzen ditu. Eta oraingoan ere egin du izenburutik hasita. Karena da amek umekia gorde, babestu eta elikatzen duen organo ezkutu eta funtsezkoa. Amatasunean, ezinbestekoa. Izan ere, eleberri honek amatasunaren hainbat alderdi ezkutu eta ukatu ekarri ditu agerira: ama izan nahi eta ezina, Lagundutako Ugalketa Tekniken zirrikituak, horien kosteak eta albo-kalteak, bikotean sortzen diren arrakalak, ama bakarraren bakardadea, errespeturik gabeko erditze baten minak eta saminak, nahi gabeko abortuaren dolua. Indar harrigarriz eta hunkidura txundigarriz idatzi du istorio hau gorputzaren lurralde ezagun baina isilduan egindako bidaian. Alaine Agirrek badaki irakurlea jo eta hunkitzen, asaldatu gabe. Badaki gordinkeriarik gabe biluzten, dotoreziaz, sentiberatasuna eta egiazkotasuna beti daudelako bere literaturan presente. Eta baita umorea ere, emozioaren intentsitatea berdindu behar izaten denean.
Istorio honetan, Mina dago, letra larriz idatzitako mina; maitasunak berarekin dakarrelako askotan mina, eta amatasunak bietatik dauka asko. Halere, Alaineren begirada leundu egin da Odol mamituak bere lehenengo eleberria idatzi zuenetik; argitu egin da, jakin duelako minari distantziatik begiratzen; zauriak orbaintzen hasi direnean. Orbainak tatuaje bihurtu zaizkio. Eleberri hau minari eskainitako tatuaje bat da; maitasuna tintaz betikotua, larruazalean eta paperean.