Euskal erkidegoko Odol Emaileen Elkarteak deialdi berezia egin du urtarrilean, odola eskatuz, Covid-aren eraginez erreserbak asko jaitsi direlako. Deialdiak erantzun ona izan du, baina odola behar da oraindik.
Hileko azken astearteetako arratsaldeetan mugimendu berezia sumatzen da Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Odol ateraldien eguna da, eta kanpo aldean Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteko furgonetak daude, odola ematera joandako Urretxuko eta Zumarragako odol emaileen gai preziatu horren zain.
Urretxun eta Zumarragan egindako azken deialdiari, urtarrilaren 25ekoari, 60tik gora lagunek erantzun zioten. Deialdi berezia izan zen hura. Euskal Autonomi Erkidegoko Odol Emaileen Elkarteak odolaren premia handia zegoela zabaldu zuen aurreko egunetan, COVID-19aren eraginez odol emateak asko jaitsi direlako. %30 gutxitu dira, eta odol erreserbetan eragina nabarmena izan du horrek.
Odola behar da, beti behar da. Euskal Autonomi Erkidegoan, adibidez, bost minuturo behar du norbaitek gai preziatu hori
Mezua larria dela dirudi, baina egoera ere halakoa zen orduan. Odola behar zen, beti behar da, baina azken aste horietan besteetan baino gehiago. Izan ere, COVID-19an positibo emandakoek berrogeialdia egin behar zuten odola ematen hasteko, eta ateraldiak egiten diren tokietan edukierak mugatuta daude oraindik ere eta jende gutxiago sartzen da. Ondorioz, odol emate gutxiago egiten ari dira azkenaldian.
Horri aurre egiteko, EAEko ordezkaritzak erkidego mailan bi asteetan 5.000 odol emate lortzeko erronka bota zuen, eta deialdiak izandako erantzunari esker, 5.024 odol emate lortu dira. Ondorioz, erreserbak handitzea eta egonkortzea lortu da.
Odola, gai preziatua
Baina odol premia ez da desagertu, eta ez da desagertuko, etenganbe behar da. Zenbaterainokoa den odol premia? Hemen datu batzuk: Euskal Autonomi Erkidegoan, bost minuturo norbaitek behar du gai hori, egunero 400 pertsonek jasotzen dute odola Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta urtero 100.000 transfusio egiten dira. Beste datu garrantzitsu bat: edonori gerta dakioke edozein momentutan odola behar izatea, inor ez da horretaz salbu.
Zorionez, euskaldunen artean badago odola emateko ohitura eta kontzientzia, baina kontzientzia hori areagotzea ez litzateke gaizki etorriko. Gogoratu, ekintza erraza dela odola ematea, eta trukean asko egiten duela. Baldintzak ere ez dira asko: 18 urte baino gehiago izan behar dira, 50 kilo baino gehiago pisatu behar dira, eta gaixotasun larririk ez da izan behar. Horren ondotik, analisiak egiten dira, odola egokia dela frogatzeko.
Pauso hori lehen aldiz ematekotan direnek zalantzak izaten dituzte maiz, baina informazio ugari dute eskura www.donantes2punto0.eus webgunean, edo 900 30 34 04 telefono zenbakian. Herrietan aldiro-aldiro egiten diren odol ateraldietara hurbilduta ere, eska dezakete nahi beste informazio.
Odola emateko ohitura dutenei haien esperientziaz galdetzea ere lagungarri izan daiteke azken pauso hori emateko. Zumarragako ateraldian horretaz hitz egiteko prest zeuden batzuk. Animo hitzak besterik ez zituzten izan.
Hurkoa laguntzeko ekintza
Jon Elgarresta da odol emaile horietako bat. Urretxun duela 65 urte jaioa, Zumarragan bizi da gaur. Bertan eman zuen odola urtarrilaren azken asteartean. Odola ematea oso ekintza erraza dela adierazi zuen amaieran, indarrak berritzeko mokadu bat hartzen ari zen bitartean. Erraza, eta aldi berean, «atsegingarria».
Elgarresta aspaldi hasi zen odola ematen, gaztea zela, baina ez du gogoratzen zehazki noiz, «ezkondu eta gero, 24 urterekin edo». Zumarragako Ospitalean lan egiten zuen, mantenimendu sailean, eta bertatik bertara ezagutzen zuen odolaren beharra zer den. «Hasieran piska bat kostatzen zitzaidan, orratzaren zaztadari errespetua niolako, baina gero pasatu egin zitzaindan, eta orain normal-normal joaten naiz». Odola ateratzen aritzen diren osasun langileak oso profesional onak direla ere nabarmendu du, eta «oso giro ona» izaten dela ere bai.
Odola zenbat alditan eman duen kontua galduta du, «baina asko dira, urtean lau alditan ematen dut normalean… urte batean edo bestean bost ere tokatu dira!».
Prozesua oso sinplea dela dio. Odol emate batetik bestera gutxienez bi hilabete igaro behar direnez, eta urtean gehienez lau alditan eman dezakeenez, badaki noiz joan daitekeen. Hala, aurrez telefonoz deitu, txanda eskatu, eta esandako orduan joaten da, azken aldian Zelai Arizti kultur etxeko areto nagusira (Legazpin eta Gasteizen ere eman izan du). Atean izena hartzen diote, eta berehala mediku kontsultara sartzen da: tentsioa hartu eta burdina nola duen begiratzen diote, besteak beste. Gero, azken asteetako osasun gorabeherei buruz egiten dizkioten galderak erantzun eta gero, eta medikuak oniritzia ematen badio, ondoko gunera igarotzen da. Ohatilan etzanda dagoela, besoa prestatu eta erizainek egiten dute operazio guztia, «minik ez du ematen, eta oso denbora gutxiko kontua da, 10-20 minutu artekoa guztira». Emaitza, 450 cc odol, Elgarrestaren kasuan, A- motakoa.
Gero, indarrak berreskuratzeko modakutxo bat eskaintzen diete beti odol emaileen elkarteko kideek: «gailetak, ogitartekoak, ardoa, freskagarriak…».
Elgarrestak oso gustura ematen du odola, eta «sentsasio gozoarekin» irteten du. Oraindik beste bost urte geratzen zaizkio 70 urteko mugara iristeko, eta ordura arte aurrera jarraitzeko asmoa du.
Odol ematea ekintza boluntarioa dela dio, norberak erabaki behar duela eman edo ez. «Ni ez naiz inor besteei zer egin behar duten esateko, baina animatu bai, animatu egiten dut jendea odola ematera. Ekintza on bat da, hurkoa laguntzeko balio duena».
18 urte beteta izatea, 50 kilo baino gehiago pisatzea eta gaixotasun larririk ez izatea dira odola emateko baldintzak
Goierrin 14 herritan egiten dira odol ateraldiak, baita hainbat lantegitan eta ikastetxetan ere
Elkartean laguntzen
Juani de Miguelek utzita du odola ematea, 70 urteko muga gainditu duelako, baina titulu handiarekin amaitu zuen ibilbidea, 60 alditan odola eman izanak ematen duen emaile handiaren tituluarekin, alegia. Elkartasun ekintza horri lotuta jarraitzen du, ordea, eta Urretxu-Zumarragako odol emaileen elkartean boluntario lanak egiten ditu duela bost urte.
Odola eman zuen lehen aldia Inauteri astearte bat zela gogoratzen du De Miguelek: «Zumarragako anbulategi zaharrera joan nintzen lehen aldiz. Gero, anbulategi berrira joaten nintzen, eta azken urteetan Zelai Ariztira etortzen nintzen».
Zelai Ariztira joaten jarraitzen du, baino elkarteko boluntario gisa orain. Odol emaileei harrera egitea da bere lana, eta odola eman ondoren jaten eta edaten dutena erostea eta antolatzea, elkarteko beste kideekin batera. Horrez gain, udalek ematen dizkieten diru laguntzak ere kudeatzen dituzte boluntarioek, eta urtean behin odol emaileei ematen zaizkien sariak ere antolatzen dituzte. Sei boluntario ari dira lanean elkartean.
Lan horrek Urretxuko-Zumarragako odol emaileen profila ondo ezagutzeko aukera eman dio De Migueli, eta gehienak pertsona nagusiak direla dio, 40 urtetik gorakoak gehienak. Profil hori oso orokorra dela gehitzen du, eta horregatik gazteei dei berezia egiten die, «ez dira animatzen odola ematera, baina beharrezko ekintza bat dela jabetu beharko lirakete, odola etengabe behar delako». 18 urte beteta izan behar dira odola emateko.
Gazteak bakarrik ez, adin guztietako jendea behar da odola emateko, jaisten ari delako emaileen kopurua. «Lehen 80-82 ateraldi egiten ziren hemen, eta azkenaldian asko jaitsi da, nahiz eta azken ateraldira, deialdi bereziaren eraginez 60 etorri diren», nabarmendu du De Miguelek. Urretxu-Zumarragan 2017an egin zen azken zenbaketa, eta datuek ez zuten zenbaki makala erakutsi: 752. «Baina 752 odol emaile horietatik asko eta asko ez dira etortzen, beti berdinak etortzen dira. Batzuk urtean behin etortzen dira bakarrik, baina emakumeak hiru aldiz etorri daitezke, eta gizonak lau aldiz. Ea gehiagotan ematera etortzen diren».
Odola emateko gonbitea eginez amaitu du De Miguelek: «Ez da ezer kostatzen, oso erraza da. Zaztada txiki bat egiten dizute bakarrik, odola analizatzen dizute, eta badakizu zure odolak on egin diezaiokeela behar duen horri. Zuk zeuk ere edozein unetan izan dezakezu odolaren beharra!».
Gazteak behar dira
Juani de Miguelek adierazi duen bezala, gazteak behar dira, baina gazte batzuek ematen dute odola dagoeneko. Marta Agirrebeñak 22 urte besterik ez ditu, eta odol emailea da duela bi urtetik. Lau alditan eman du odola epe horretan. Unibertsitatean hasi zela gogoratu du: «Oñatin ikasten ari nintzela unibertsitarea joan ziren odola ateratzera, eta orduan animatu nintzen».
Animatu, eta jarraitu. Hilabete batzuk kale egin eta gero, berriz ere hasi da. Agirrebeñak ere urtarrileko azken astearteko deialdiari erantzun zion, eta Zelai Ariztin eman zuen odola. «Okerrik ez dio inori egiten, odola soberan dugu, eta ez da ia ezer kostatzen. Etxekoak ere animatzen ditut». Okerrik ez, alderantziz. Onura besterik ez duen ekintza da, eta gainera «oso pozgarria da, laguntzen ari zarelako modu batera edo bestera. Odolarekin batera, asko ematen duzu».
Eskola eta lantegietan ere bai
Zumarragan bezala, Goierrin beste toki askotan egiten dituzte odol ateraldiak, maiztasun desberdinarekin: hilean behin, bi hilean behin edo hiru hilean behin. Hamalau herri dira guztira, eta bakoitzak zehaztuta du tokia, eguna eta ordua, baina ia beti iragartzen dute hitzordua kartelen bidez, komunikabideen bidez edo sare sozialen bidez.
Aukerarik ez da falta, beraz. Hori bai, komeni da aurrez ordua eskatzea, eta 943 00 78 84 edo 943 00 78 85 telefono zenbakietara deitu behar da horretarako. Beasainen 943 31 70 91 zenbakira, Legorretan 659 587 529ra, eta Olaberrian 647 586 514ra ere deitu daiteke). Gainera, Goierrin hainbat ikastetxetan eta lantegitan ere egiten dituzte odol ateraldiak, eta hurrengoak noiz izango diren zehaztuta dituzte: Goierri Eskolan otsailaren 16an eta 17an egingo dituzte, Ampon martxoaren 1ean, Orklin martxoaren 8an eta Laulagunen maiatzaren 10ean.
Goierriko hitzorduak
Odola emateko aurrez hitzordua hartu behar da: 943 00 78 84 edo 943 00 78 85.
- Ataun. Noiz: Otsailak 8, ekainak 13, irailak 26. Tokia: Joxemiel Barandiaran Ikastetxea.
- Beasain. Noiz: Hilero behin, eta hil bakoitietan bi aldiz. Tokia: Urbi etxea. Harremanetarako: 943 31 70 91.
- Idiazabal. Noiz: Ekainak 1, urriak 5. Tokia: Pilarrenea.
- Itsasondo. Noiz: Apirilak 27 eta urriak 20. Tokia: Udaletxea.
- Lazkao. Noiz: Hil bakoitiak, hirugarren asteartea. Tokia: Kultur Etxea.
- Legazpi. Noiz: Hilero, lehen ostirala. Tokia: Gizarte Zentroa.
- Legorreta. Noiz: Otsailak 15, ekainak 21, urriak 18. Tokia: Herri Antzokia. Harremanetarako: 659 587 529.
- Olaberria. Noiz: Otsailak 28, uztailak 4, azaroak 28. Tokia: Jubilatuen elkartea.Harremanetarako: 647 586 514.
- Ordizia. Noiz: Hil bakoitietan, lehen edo bigarren astelehena. Tokia: Udaletxea.
- Ormaiztegi. Noiz: Ekainak 16, urriak 6. Tokia: Udaletxea.
- Segura. Noiz: Apirilak 22, abuztuak 26, abenduak 9. Tokia: Osasun etxea.
- Zaldibia. Noiz: Martxoak 11, uztailak 22, azaroak 4. Tokia: Lardizabal eskola.
- Zegama. Noiz: Maiatzak 27, irailak 30. Tokia: Olaran Gizarte Zentroa.
- Zumarraga. Noiz: Hilero, azken asteartea. Tokia: Zelai Arizti kultur etxea.