Urtean 18.000 odol poltsa inguru behar dira Euskal Autonomia Erkidegoan, hau da, 60.000 emaile inguru behar izaten dira, behin edo birritan odola emango dutenak. Etorkizunean beharrizan horiek asetzen jarraitzeko, funtsezkoa da emaile berriak erakartzea, eta sarritan, gazteei inplikazio eza egozten zaie.
Sabin Urzelai Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteko presidentearen ustez, baina, errua ez da gazteena: «Arazoa gurea dela uste dut, ez dakigulako gazteengana iristen». Gainera, gehitu du gazteen erantzuna ona izan ohi dela: «Unibertsitateetara, lanbide eskoletara edo enpresetara joaten garenean gazteek primeran erantzuten dute».
Horregatik, odol emaileen artean gazteen falta dagoela «topiko bat» dela dio. Datuek ere Urzelairen usteak berresten dituzte. Goierrin, esaterako, odol emaile guztien ia %10ek 23 urte baino gutxiago dituzte, eta %16,5ek 28 baino gutxiago. Gipuzkoako Odol Emaileen presidentearen hitzetan, «proportzioan 18-25 urte arteko odol emaileak gehiago dira, 25etik gorakoak baino».
Halere, Odol Emaileen Elkarteak gazteengana heltzeko zailtasunak ditu, komunikatiboak batez ere. Urzelairen arabera, ohiko komunikabideak (prentsa, telebista…) erabiltzen dituzte euren mezuak zabaltzeko; gazteak, ordea, «ez dira medio horietan mugitzen». Sare sozialak ere badituzte, baina mugimendu gutxi dutela adierazi du. Horregatik, ideia berrien bila dabiltza.
«Helduen ekitaldi soziala»
Bestetik, unibertsitate edo eskola ingurutik ateratzean, orduan bai, gazteen falta sumatzen dela dio Urzelaik. Haren ustez, odol emateetako giroa izan daiteke horren arrazoia: «Helduen ekitaldi sozialak izan ohi dira herrietako odol emateak. Gainera, deialdiak ez dira gaztetxeetan egiten, baizik eta, jubilatu etxeetan, kultur guneetan… helduen toki gisa hartzen diren lekuetan». Horrez gain, gazteen kasuan, odola eman eta etxera joaten direla dio. Helduagoak, ordea, bertan, «hizketan edo ogitartekoa jaten» geratzen dira.
Adineko jende asko egotea, gainera, ez da txarra Sabin Urzelairen arabera: «Ez du esan nahi odol emailea zaharra denik, baizik eta gaztetan odola ematen hasitakoek jarraitu egiten dutela». Gipuzkoako Odol Emaile Elkarteko presidentea baikor ageri da etorkizunari begira: «Nik uste dut ez dugula belaunaldiz aldatzeko arazorik izango». Halere, mezu argi bat utzi nahi izan du: «Transfusioa denon eskubidea bada, odola ematea denon ardura da».