Aldundiak A-636 autobidean bidesariak kobratzeari ekin zionetik, trafikoak nabarmen egin du gora GI-2632 errepide zaharrean.
Ormaiztegi-Zumarraga zatia ireki zutenean, 2005ean, Goierriko goialdearen eta behealdearen arteko komunikazioa asko hobetu zen. Inoiz baino erosoagoa eta azkarragoa zen batetik bestera joatea. Gainera, errepide zaharrean trafikoak nabarmen egin zuen behera, Ormaiztegiko eta Santa Lutziko bizilagunen eta txirrindularien zorionerako. Gipuzkoako Foru Aldundiak A-636 errepidean bidesariak kobratzeari ekin dionetik ordea askok berriro errepide zaharra erabiltzea erabaki dute, eta trafikoa eta arriskua handitu egin da. Gema Hernandez txirrindulariak, Margari Arruti ostalariak eta Xabier Ugartemendia autobus gidariak egoera berria nola bizi duten azaldu dute.
Autobidearen Ormaiztegi-Zumarraga zatia ireki zutenetik, Urretxuko eta Zumarragako txirrindularientzat erosoena eta seguruena GI-2632 errepidea erabiltzea zen. Errepide hori erabiltzen dute gehienetan herritik ateratzeko. Bidesariak kobratzen hasi zirenetik, arriskutsuagoa da. Gema Hernandez zumarragarra triatloilaria da, eta astean hiruzpalau aldiz hartzen du bizikleta. Berak ere herritik ateratzeko GI-2632 errepidea erabiltzeko ohitura du. «Astean zehar, gehienetan, Eitzaga aldera joaten naiz eta Santa Lutzira jaitsi».
Bidesaria kobratzen hasi direnetik, trafikoak gora egin du Hernandezen arabera. «Errepidean auto gehiago dago, batez ere astegunetan. Asteburuetan, goiz samar pasatzen naizenez, ez dut horrenbeste antzematen. Astegunetan herrira Atagoititik itzultzea erabaki dut. Izan ere, Eitzaga igotzea nahiko arriskutsua bilakatu da. Baina denbora gutxi dudanean, Eitzagatik itzuli beharra dut». 14:00ak eta 17:00ak inguruan zati hori arriskutsua bilakatu dela dio. «Nik ordu horretan joan beharra daukat, lanetik ateratakoan edo lanera itzuli aurretik».
Txirrindularientzat arriskutsua
Txirrindulari batzuek sare sozialak erabili dituzte egoera berria salatzeko. «Facebook-en txirrindulari batek auto batek baztertu egin zuela salatu zuen eta beste batzuek aurreratze arriskutsuak ikusi dituztela idatzi dute. Duela hiru aste, Eitzaga igotzen ari nintzela, bi autok ziztu bizian aurreratu ninduten. Bazter-bazterretik igo nintzen, beldurrak jota».
Urretxu eta Zumarragako txirrindulariak errepide lasairik gabe gelditu dira. «Zumarraga-Ormaiztegi errepidea lasaia zen, bidesariak kobratzen hasi diren arte. Garai batean errepide horretan bueltaka ibiltzen nintzen. Egun, etxetik irteteko edo etxera itzultzeko besterik ez dut erabiltzen. Eta itzultzeko, esan bezala, nahiago dut Atagoitiko errepidea erabili».
Autobus gidariak, estuago
Autobus gidariak ere ez daude gustura. Xabier Ugartemendia Lurraldebuseko gidari lazkaotarrak Goierrin lan egiten du eta askotan erabiltzen du GI-2632 errepidea. «Gaur Lazkaotik-Zumarraga linean lan egiten ari naiz: Lazkaotik Ordiziara eta Beasainera, eta ondoren, bide zaharretik barrena, Zumarragako Ospitalera. Salbatoren, Ormaiztegin, Ezkion… autobus hau errepide zaharreko geraleku guztietan gelditzen da».
Trafikoak gora egin du haren ustez ere. «Trafiko dezente gehiago dago. Bikoiztu egin da, gutxienez. Lehen auto bat edo beste ikusten genuen, orain askoz ere gehiago. Lehen denboraz justu ibiltzen baginen, orain okerrago: presa gehiago, presio handiagoa… Ordu zehatz batzuetan denbora dezente galtzen dugu. Ormaiztegin obra egin behar dute, autoak txandaka pasako direla esaten ari dira, eta hala bada, gehiago kostako zaigu oraindik iristea».
Ostalaritzari mesede
Ezkio-Itsasoko Topa tabernako Margari Arrutik ere primeran ezagutzen du bidesariek zer ekarri duten. Izan ere, errepide zaharraren ondoan bizi da eta errepide zaharraren ondoan lan egiten du. Txirrindulariak edo gidariak ez bezala, bera pozik dago. «Niregatik, bikoitza kobratuko balute, hobe», dio txantxetan.
Izan ere, bezero kopuruak nabarmen egin du gora bidesariak kobratzen hasi direnetik. «Ni naiz amorrazioa sentitzen duen lehena, bidesaria ordaindu beharra dugulako. Baina nire negozioari mesede egin dio. Jende gehiago pasatzen da tabernaren aurretik eta asko gelditu egiten dira. Askok ‘ez nekien hemen zeundetela’, ‘ez nuen zuen taberna ezagutzen’ eta ‘kafe bat hartzera gelditzea erabaki dut’ eta antzerakoak esaten dizkidate».
Bizilagun bezala, ordea, kezkatuta ageri da. «Herriko ikastetxea gure tabernaren ondoan dago. Eta inguru honetan lehen baino arrisku handiagoa dago. Ni ere bizilaguna naiz. Izan ere, nire etxea ere errepidearen ondoan dago. Etxetik irtetea eta etxera sartzea arriskutsuagoa da bidesaria ezarri dutenetik. Eguneko ordu zehatz batzuetan sekulako trafikoa dago eta itxaron beharra dago errepidera irten aurretik. Gure auzoren ezaugarrietako bat lasaitasuna da, eta lasaitasun apur bat galdu dugu. Ez dago autobidea egin aurreko trafikoa, noski, baina bidesariak jarri dituztela antzematen da. Lehen egunetik. Lehen astea sekulakoa izan zen. Ertzaintza kontrol asko ari da jartzen. Ondo dago, gidariak polikiago joan daitezen, baina jendea ez dago gustura».
Errepideak bitan zatitzen duen herria
Trafikoaren igoera gehien pairatzen duen herria Ormaiztegi da. Izan ere, GI-2632 errepideak herria bitan zatitzen du. «Bidegiren datuen arabera, bidesaria jarri dutenetik 900-1.000 auto gutxiago pasatzen dira autobidetik. Horiek gure herritik pasatzen dira, beraz. Lehen 300 bat auto pasatzen ziren herritik eta orain 900-1.000 gehiago. Bagenekien hori gertatuko zela. Aldundiari 20 urte atzera egingo genuela esan genion», aipatu du Jon Enrique alkateak. Arriskua txikitzeko eta herritarren bizi kalitatea bermatzeko, San Andres kalean oinezkoek lehentasuna izango dute. Udaletxetik elizara arte errepideak errei bakarra izango du eta semaforoak jarriko dituzte: alde bateko eta besteko autoak txandaka pasako dira. Obra martxoa amaieran hasiko da.