Badator Martxoaren 8a eta zenbait eragilek egun horretarako ekitaldiak antolatzen dabiltza buru-belarri. Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialista ere lanean ari da, eta Goierrin ekitaldiak antolatu dituzte Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira.
«Ia hilabete lehenago abiarazi genuen M8-aren inguruko lanketa» jakinarazi du Itziar Mendia Goierriko Itaiako kideak. Otsailaren 12an Elkartasun Jaialdia antolatu zuten Ordizian, eta Mendiak horren arrazoia azaldu du: «Tolosaldeko Itaiako kideek formakuntza bat egiteagatik 4.500 euroko isuna jaso zuten eta horren aurrean elkartasuna antolatzea genuen helburu». Gerora, lan egun bat ere antolatu zuten, Beasainen.
Gaurtik aurrera beste zenbait ekitaldi egingo dituzte. Goierriko Itaiako beste kide batek, Mirari Arratibelek, horien berri eman du: «Ostiralean [gaur, 17:00etan] Beasaingo gaztetxean jaialdia antolatu dugu: Oh Gu Hemen! saioaren bideo-proiekzioa, honen inguruko kafe-tertulia eta, ondoren, pintxopote girotua. Larunbatean [bihar], berriz, Ordizian hitzaldia izango dugu goizean; eta, arratsaldean, Urretxu-Zumarragan kafe-tertulia eta Legazpin Beasaingo jaialdiaren parekoa».
Mobilizazio nagusia Beasainen
Martxoaren 8an, datorren asteartean, arratsaldez egingo dituzte ekitaldi politikoak. 17:30ean Legazpiko zein Urretxuko plazetan, eta 18:00etan Ordiziako Plaza Nagusian. Gero, arratsaldeko zazpietan «eskualdeko indarrak batuko» dituzte Beasainen, Bideluze Plazatik abiatuko den mobilizazioan.
Emakumeen Antolakunde Sozialistako kideek salatu dute pandemiarekin emakume langileen egoerak okerrera egin duela: «Pandemiak aurretiaz zetorren krisi testuingurua elikatu besterik ez du egin», azaldu du Arratibelek. Gainera, zaintza lanen karga handitu dela ere gaitzetsi du Mendiak.
Bestetik, «egun indarrean den programa feminista» kritikatzen dute. Arratibelen ustez, ez dio aterabiderik ematen emakume langileen egoerari. Horregatik, Mendiak azaldu du «instituzio burgesetatik at» kokatzen den langile antolakuntza «hauspotzea» dutela helburu, «berau izango baita prozesu sozialista elikatzeko eta beraz, emakume langileon emantzipaziorako irtenbide erreal bakarra».