Mikel Babiano Lopez de Sabando • Urretxu
Villarreal de Urrechua, 1926ko otsailak 22. Gaur inauguratuko dute Urolako trena. Astelehena izan arren, herri guztia hurbildu da Ramon Kortazarrek diseinatu duen geltoki ingurura. Eraikin berria bat dator Joaquin Irizarrek La construccion moderna aldizkarian urtez urte aldarrikatzen dituenekin. Irizarren arabera, euskaldunei euskal arkitektura propioa dagokie, eta, horretarako, beharrezkoa da baserri eta dorretxe zaharretan oinarrituta eraikitzea. Azpiegitura berriek ere eusko abenda edo arrazaren arima egiazkoa islatuko dute aurrerantzean!
Sudexpreso trenean heldu da errege familia Zumarragara. Goizeko 08:30ak dira. Maria Cristinak bere bihotzeko San Sebastianerantz jarraitu du (bi ordu pasatxo beharko ditu Gipuzkoako hiriburura heltzeko) eta Alfontso XIII.a erregea eta Victoria Eugenia erregina Zumarragan jaitsi dira.
Zain daude Urola bailarako alkate guztiak, zain goizean goiz Donostiatik iritsi diren 80 gonbidatuak, zain ezpata-dantzariak, herritarrak, somatenistak eta Gasteizeko soldaduak. Bandak ongietorria egin ostean, alkatearen emazteak lore sorta eman die errege-erreginei. Apain-apain daude bazterrak, lorez eta erramu hostoz josiak.
Urola hotelean gosaria
Zacarias Martinez Baskongadetako gotzainak erregearekin gosaldu du Urola hotelean. Tren eta geltoki berriak bedeinkatu ditu eta separatismoa gaitzetsi. Meza-jantziko harribitxiek diz-diz egiten dute eguzkipean. Vicente Laffite Gipuzkoako Ahaldun Nagusia harro dago Gipuzkoa delako (hala uste du, behintzat) Belgikaren atzetik Europan trenbide sarerik trinkoena duen eskualdea. Oparotasuna, lana, industria, bakea. Progresoa eta hori guztia. ¡Viva el Rey! ¡Dios salve al Rey! Miguel Primo de Rivera Ministro Kontseiluko presidenteak eta Juan O´Donnell y Vargas Gerra ministroak ere irribarre egin dute behingoagatik.
Azkenean, martxan jarri da altzairuzko (altzairuzko!) tren elektrikoa. La correspondencia militar periodikoaren arabera, 09:00etan irten da Zumarragatik; Euzkadi izparringiaren hitzetan, berriz, 09:10etan. Helmuga: Zumaya. 09:30ak aldera, Villarrealgo geltokira heldu da.
Herritar batzuek txundituta begiratu diote, beste batzuek errezeloz. Denen ahotan dago oraindik Ramon Francoren odisea izugarria, egun batzuk lehenago Ozeano Atlantikoa Plus Ultra ur-hegazkinean zeharkatzea lortu zuenekoa. Eta orain tren elektrikoa. Zer izango ote hurrena?
Erregea azken bagoian
Erregea azken bagoian omen datorrela-eta, harantz begiratu dute herritarrek. Une batetik bestera agertuko da! Ezkerrean kapelak, eskuinean txapelak. Eguzkiak min ematen die begietan.