Ikasle Abertzaleak antolakundeak ikasle greba deitu du martxoaren 24rako. Alaitz Arratibel Pildain (Ezkio, 2000) eta Manex Zabalo Urain (Itsaso, 2004) euskal ikasle antolakundeko kideak dira. Hezkuntza erreformak gelditu! lemapean manifestazioak egingo dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.
Ikasle guztiei zuzenduta dago ala maila jakin batzuetakoei?
Manex Zabalo: Bai, orokorrean, ikasle guztientzako da. Unibertsitateko, bigarren hezkuntzako eta lanbide heziketako ikasleentzat.
Hezkuntza sistemaren baitan, ikasleek bizi duten egoera salatzeko deitu duzue greba. Batez ere, non islatzen da egoera hori?
Alaitz Arratibel: Ireki den ziklo ekonomikorako, hezkuntzak erreformak behar dituela diote, eta horregatik ari direla erreformatzen ikusten dugu. Gu erreforma horien aurka gaude.
Zergatik?
A.A.: Guztia interes ekonomikoen baitan antolatzen dela ikusten dugulako, elite ekonomikoek gidatuko dutelako eta alderdi ekonomikoek zeresan handia izango dutelako. Ez dute ikasle langileon mesederako egiten, baizik eta, hemendik denbora batera, ziklo produktibo horretan hezkuntzak bere funtzio klabea bete dezan.
Unibertsitate mailan, LOSUrekin, finantzazio pribatua asko igoko da, baina karrera espezifikoetan soilik, etorkizunean sistemari baliagarri izango zaizkionetan. Bizikidetza planak ere aldaketa sakonak ekarriko ditu. LOMLOEri dagokionez, kontrol soziala areagotuko du eta kritikotasun eza bultzatu. Azkenik, Lanbide Heziketako Plana oso lan-esku merkera bideratuta dago eta enpresek muturra sartu nahiko dute.
Zein dira ikasleen benetako beharrak?
A.A.: Hezkuntza kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala defendatzen dugu. Zentzu horretan, arazoa errokoa dela eta erreforma hutsal batzuk ez dutela balio aldarrikatzen dugu.
Arazo psikologikoak eta emozionalak ere aipatu izan dituzue. Non azaleratzen dira gehienbat?
M.Z.: Nire kasuan, batxilergoko ikaslea naizen heinean, azterketetan dena jokatzen dugula ikusten dut. Horrelako kasuetan presio soziala dago, nota ateratzeko beharra. Horrek ikasleok baliogabetu egiten gaitu pertsona gisa, ezin dugu benetako gure izaera erakutsi. Askotan, arazo psikologikoak ere sorrarazten ditu.
A.A.: Ni unibertsitateko ikaslea naiz eta bertan ere egoera antzekoa da. Azterketa garaia gerturatzen hastean, unibertsitatean egoten den giroa ikusi besterik ez dago: lehiakortasuna eta horrek sortzen duen estresa. Bakoitzak modu batera edo bestera eraman dezake, baina ekartzen dituen ondorio psikologikoak agerikoak dira.
Martxoaren 24an non egingo dituzue mobilizazioak?
M.Z.: Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan izango dira mobilizazioak: Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Eguerdiko hamabietan abiatuko dira. Goierriko ikasleak Donostiakora bideratuko ditugu eta Ibaetako Aulariopean hasiko da.