Manufacturas Ederra lantegi ohiaren eraikina eraistera doaz, baina Ordiziako historiaren parte den enpresa horren testigantza ez da galduko. Legazpiko Lenbur Fundazioa arduratu da industria ondare zati hori gordetzeaz, tailerreko hainbat objektu eta dokumentu jasota.
Ordiziako industria ondarearen zati bat desagertzera doa laster. Jose Arana kaleak eta Arramendi bideak bat egiten duten bidegurutzeko eraikina eraitsi egingo dute etxebizitzak egiteko. Ormazabal sendiaren Manufacturas Ederra lantegia zegoen bertan, aspalditik jarduerarik gabe. Lokala husten dabiltza azken egun hauetan, eta gainean dauden etxebizitzen txanda noiz iritsiko zain daude jabeak. Ordiziako historiaren parte da lantegi zahar hori, eta eraikina eraitsi eta desagertuko den arren, haren lekukotasunak bizirik iraungo du Legazpiko Lenbur Fundazioari esker.
Lenbur aspaldian hasi zen Euskal Herriko industriaren historia lantzen. Helburu horrekin dokumentazio, irudi eta testigantza ugari bildu ditu, baina hainbat objektu ere berreskuratu ditu, eta horiekin bilduma paregabea ari da osatzen. Legazpiko paper fabrika zaharrean duen museoan ditu erakusgai batzuk, Fabrika deitzen den gunean. Han egingo die tokia Manufacturas Ederra zaharretik erreskatatutako elementuetako batzuei ere.
Fabrika erakusketa gunea
Gipuzkoako industrializazioaren historia irudikatu nahi du Lenburrek Fabrikan, eta horretarako fabrika haiek egiten zituzten objektuak dira bitartekorik onenak. Ikusgai dauden Bilore xaboi kaxak, Orbegozo estufak, Irimo erremintak, edo aurrerantzean, Ordiziako Ederra lantegian egiten zituzten Elma kafe errotentzako kaxak dira adibide batzuk.
Izan ere, industrializazioaren historia ez baitzuten Patricio Etxeberria, Orbegozo edo Aristrain bezalako lantegi handiek bakarrik osatu, eta puzzle hartan leku garrantzitsua izan zuten lantegi ertainek eta txikiek ere.
Makina bat lantegi eta tailerretatik igaro dira Lenburreko langileak historia hori osatzen lagunduko dien materiala jasotzera. Bota egingo dituzten eraikinen argazkiak atera eta memoria grafikoa berreskuratzen dute. Dokumentu ak ere biltzen dituzte, era askotakoak, izan fakturak, izan kontratuak ala izan publizitate iragarkiak eta kartelak. Azkenik, lantegi eta tailer horietako makineria eta tresneria ere biltzen dute, eta horrekin batera, egiten zituzten objektuak ere bai.
Bildutako material guztia katalogatu eta garbitu egiten dute, eta asko biltegian geratzen bada ere, esanguratsuenak Fabrikan jartzen dituzte ikusgai, objektuak batez ere. Sortze prozesuan dagoen webgune batean ere erakutsiko dituzte hainbat, hiru dimentsiotan horietako batzuk. Enpresariek edo ekintzaileek eta langileek –langileen artean emakumeak ziren asko– ere badute lekua museo horretan, eta haien argazkiak eta historiak daude jasota, besteak beste.
Jose Migel Ormazabalen ekimena
Baina industrializazioaren historia ez dute dokumentuek, irudiek, eraikinek, makinek eta objektuek bakarrik osatzen, ahozko memoriak ere ezinbesteko garrantzia du. Ordiziako Manufacturas Ederra enpresaren kasuan, haren sortzaile izandako Jose Miguel Ormazabalen alabetako baten bidez jaso ahal izan da memoria hori. Tere Ormazabal Garmendiak lantegian egin zuen lan, eta tailerraren gaineko etxebizitzetako batean bizi da. Burua argi, oso ondo gogoratzen ditu enpresaren gorabeherak.
Familia enpresa izan da beti Manufacturas Ederra. Altzagan jaio baina Itsasondo bizi zen Jose Miguel Ormazabalek sortu zuen 1932an, eta haren seme-alabek eta hainbat bilobek eman zioten jarraipena. Terek bulegoan eta tailerrean lan egin zuen urte luzez.
Legazpiko Fabrika museoan egingo diete tokia Manufacturas Ederra zaharretik erreskatatutako elementuetako batzuei
Itsasondon harrizko arbelak egiten zituen Jose Migel Ormazabalek bazkide batekin, baina hura utzi eta Ordiziara joan zen bere kontura beste enpresa bat irekitzera. Aldasoroenea baserria eta haren lursaila erosi, eta han eraiki zuen tailerra. Txiki geratu zenean, solairu bat erantsi zion, eta 1947an etxebizitzak egin zituen gainean, familiakoentzako. Aurrerago solairu gehiago egin zituen.
Egurrarekin egiten zuten lan, baina ez zen aroztegia. Arbelak egiten hasi ziren, kartoizkoak eta metalezkoak, baina egurrezko markoa zutenak, eta gero katalogoa zabaltzen joan ziren. Hala, arbel txikiak, eskoletarako muralak, plumierak, haurrentzako maleta txikiak, partxis taulak eta godaletak, erreminta kaxak, ardo botilentzako kaxak, erremintentzako kirtenak, ateentzako heldulekuak, gatz-ontziak eta mahai tresnetako kutxak egin zituzten, besteak beste, enpresaren ibilbideak zehar.
Leku askotara saltzen zuen Ederrak, baita atzerrira ere. Alemania merkatu garrantzitsua izan zuten, hara inglete kutxak bidaltzen zituzten.
Lantegi txikia zen, baina 20tik gora langile izatera iritsi zen. Gerra garaian, herriko presoen emazteak hartzen zituen lanerako, eta gerora ere, makina bat emakumek egin dute lan enpresa horretan.
Ordiziako instalazioak txiki geratu zitzaizkienean, Zaldibiara joan ziren, pabilioi batera. Manufacturas Ederra enpresa 1980eko hamarkadan itxi zuten, baina haren ondorengotzat hartu daiteke familiaren hirugarren belaunaldiko batzuek sortu zuten Arbela, hori ere dagoeneko desagertuta.
Manufacturas Ederra
Jose Miguel Ormazabalek sortua, egurrarekin egiten zuen lan batez ere.
- Jose Miguel Ormazabal, sortzailea. Altzagan jaioa (1897), 1932an iritsi zen Ordiziara Jose Miguel Ormazabal. Kandida Garmendiarekin ezkonduta, bost seme-alaba izan zituzten: Iñaki, Ibon, Alejandro, Tere eta Jose Luis. Ibonek ez beste guztiek egin zuten lan enpresan.
- Egurrezko lanak. Arotzak ez ziren, baina egurrarekin lan egiten zuten: kirtenak, kutxak, partxis jokoak, arbelak, plumierak, kutxak, sukalderako poteak, ingleteak…
- Aldasoroenea. Aldasoroenea baserria zegoen lursailean eraiki zuen tailerra Ormazabalek. Gero etxebizitzak erantsi zizkion gainean. Balio arkitektoniko handirik ez du, eta eraikin osoa eraitsiko dute, etxebizitzak egiteko.