Maide Garmendia Jauregi • Bertsolaria
Gabiriako Osinalde bertsolari gazteen sariketak 50 urte beteko ditu aurten. Parte hartuko duen goierritar bakarra Maide Garmendia Jauregi (Zaldibia, 2002) izango da. Igande eguerdian Ordiziako Argi-Berri sarian kantatuko du, Osinalderako baliagarria den lehen kanporaketan.
Osinalde Sariko hemezortzi parte hartzaileen artean, goierritar bakarra izango zara. Zer esan nahi du horrek zuretzat?
Osinalde Saria beti gertuko zerbait izan dugu. Zaldibiako bertso-eskolan irakasle gisa aritzen zen Aitor Irastortzak, gure irakasle zela, irabazi zuen Osinalde Saria [2014]. Orduan, guretzat gertukoa izan da betidanik. Gainera, Zaldibian ere egiten da Osinalderako kanporaketetako bat: Osinberde.
50 urte hauetan izen handi ugarik hartu dute parte Osinalde Sarian.
Bai, Osinalde, izatez, sariketa nahiko garrantzitsua da. Izen handiak pasa dira, eta momentuan punta-puntan dabiltzan gazteak etortzen dira. Niretzat ere aukera ona da, beraiekin kantatzeko aukera izango baitut. Bestela, ez dut bertsolari horiekin aritzeko aukerarik izaten.
Zaldibiako kanporaketa apirilaren 9an izango da, baina zuk Ordizian aritu beharko duzu. Pena ematen al dizu herriko saioan ez aritzeak?
Nork zein saiotan abestuko duen zozketaz erabakitzen dutela uste dut, eta horrela ondo dago. Herrian abestuta presioa handiagoa izango litzake.
Kanporaketak antzokietan egingo dira, eta ez lehen bezala elkarteetan. Zein formatu nahiago duzu?
Elkarteetako formatua nahiago dut, presio gutxiago eta beste giro bat egon ohi da. Antzokietako saioak oso formalak izaten dira.
Finalera iristeko moduan ikusten al duzu zure burua?
Aurten ez noa asmo horrekin. Punta-puntako bertsolari gazteak datoz eta ahal dudana egiten saiatuko naiz; ikusiko da nora iristeko gai naizen.
Ondoan izango dituzun bertsolarien artean baten bat faborito gisa ikusten duzu?
Ane Zuazubiskar arrasatearra arituko da Ordizian kantuan. Iaz bigarren postua lortu zuen.
Sariketa gehiagotan parte hartu izan al duzu?
Eskolartekoetan aritu izan naiz. Bertsotan hasi nintzenetik, lau urte egin nituen eskolarteko txapelketetan. Geroztik, saio batzuk eduki ditut gaztetxeetan-eta, baina sariketak gutxi. Aurrenekoa joan den igandekoa izan zen, Azkoitian, Erniarraitz sariketa. Ordiziakoa aurtengo bigarrena izango da.