Luisi Bravo Arbulu (Urretxu, 1950) margolariak erakusketa ireki du Urretxuko Juan de Lizarazu aretoan. Bravok 50 urte daramatza margotzen. Felix Vaquerizarekin hasi zen eta egun Aitor Etxeberriak Urretxuko kultur etxean ematen dituen eskoletara joaten da. Urretxuko arte tailerreko kide beteranoenetako bat da.
Zer diozu zure familiaz?
Nire aitak Angel Bravo zuen izena. Burdindegia eta etxetresna elektriko denda zituen Zumarragako Legazpi kalean. Nik ere hor lan egin nuen. Nire ama, Alicia Arbulu, etxekoandrea izan zen. Bost anaia-arreba gara: lau neska eta mutil bat. Ezkondu nintzenetik, Legazpin bizi naiz. Bi seme-alaba ditut: neska eta mutila.
Ze ikasketa egin zenituen?
Artea eta Dekorazioa ikasi nuen, Donostian. Gurasoek seme-alabek ikastea nahi zuten, eta guztiok ikasketak ditugu. Dekorazioa gustatu egiten zitzaidan eta horregatik aukeratu nuen ikasketa hori. Gustura aritu nintzen, baina ez nuen horretan lan egin. Aitaren dendan lan egin nuen, bulegoan. Etxetresna elektrikoak eta opariak saltzen genituen eta niri oparien salmenta gustatzen zitzaidan. 37 urte inguru eman nituen familiaren dendan lanean. Bertan hartu nuen erretiroa.
Noiz eta nolatan hasi zinen margotzen?
Besterik gabe. Felix Vaqueriza margolari donostiarra Zumarragan zegoen, Etxeberrin hartu zuen ostatu, eta eskolak ematen hasi zen. Joatea erabaki nuen. 17 urte nituen. Hasieran, oso ikasle gutxi ginen. Artea eta Dekorazioa ikasi nuen, baina ez nekien marrazten. Vaquerizaren eskutik ikasi nuen.
Vaquerizak urte luzetan eman zituen eskolak.
Vaqueriza Zumarragako emakume batekin ezkondu zen eta beraien etxean ematen zituen eskolak. Hasieran Ipintzako etxean bizi ziren eta ondoren geltoki ondora joan ziren. Luistarren etxean ere eskolak eman zituen, eta bertara ere joaten nintzen. Ezkondu ondoren ere, bere eskoletara joaten jarraitu nuen. Oso gustura joaten nintzen. Bazkalostean joaten nintzen, lanean sartu aurretik.
Zergatik joaten zinen horren gustura Vaquerizaren eskoletara?
Asko irakatsi zidan. «Jarraitu, jarraitu» esaten zidan, eta hala ikasi nuen. Eskolak emateari utzi zion arte jarraitu nuen berarekin.
Egun, Urretxuko Arte Eskolara joaten zara.
Aita gaixotu zenean ahizpok zaindu genuen. Legazpitik hona etortzen nintzela baliatu nuen Urretxuko Arte Eskolara joateko. 18 urte pasa dira dagoeneko. 18 urte daramatzat Aitor Etxeberria irakaslearekin. Aitor ere berezia da. Oso gustura joaten naiz, oso irakasle eta pertsona ona baita. Magia egiten du. Margotzeko dohainarekin jaio zen. Nik margotzearen poderioz ikasi dut. Ez dut berezko dohainik.
«Urretxuko kultur etxeko arte eskolan oso giro ona dugu eta ezagunei etortzeko esaten diet»
«Hasi nintzenetik gaurdaino margotutako lanak ikus daitezke erakusketan»
50 urte baino gehiago daramatzazu margotzen. Zergatik gustatzen zaizu horrenbeste?
Ez dakit zer esan. Sentitu egin behar da. Enkarguz margotu izan dut, baina nire borondatez egin ditudan koadroak saltzeak pena ematen dit. Hala, koadro asko ditut etxean. Lasaitasunez margotzen dut. Presarik gabe. Urtebete eman dezaket koadro batekin. Izan ere, astean behin joaten naiz arte eskolara. Lehen etxean ere margotzen nuen, ganbaran, baina egun jendartean egoteko beharra dut.
Urretxuko Arte Eskolako giroa ezinbestekoa egin zaizu, beraz.
Hala da. Ez naiz margotzeko bakarrik joaten, baita lagunekin egoteko ere. Oso giro ona dugu. Hala, ezagunei joateko gomendatzen diet. Dagoeneko bat baino gehiago hasi da Urretxuko Arte Eskolara joaten, nik gomendatuta.
Urretxuko Juan de Lizarazu erakusketa aretoan zure margolanak ikusgai jarri dituzu.
Apirilaren 10a arte egongo dira bertan. Bakarkako lehen erakusketa dut. Urduri samar egon nintzen erakusketa ireki aurretik, baina seme-alaben eta senarraren babesa dut. Senarrak asko laguntzen dit: koadroak toki batetik bestera eraman behar ditudanean bere laguntza dut. Seme-alabek, berriz, animoak ematen dizkidate.
Zer ikus daiteke Juan de Lizarazu aretoan?
Nire margolanak errealistak dira. Olioarekin margotzen dut beti. Akuarela ere gustatzen zait, baina ez naiz olioarekin bezain eroso sentitzen. Olioa errazagoa da, gaizki egindakoa konpondu egin baitaiteke. Paisaiak asko gustatzen zaizkit, baina hasieratik bodegoi asko ere egin ditut: mahai gainean objektuak jarri eta horiek margotu.
Erakusketaren izenburua ‘Oroitzapenak’ da. Zergatik?
Erakusketan, hasi nintzenetik gaurdaino margotutako lanak ikus daitezkeelako. Felix Vaquerizaren eskoletan margotutako lanak ere badaude. Hala, margolan horiek ikusten ditudanean oroitzapen asko etortzen zaizkit burura: bizitakoa, ikasitakoa, margotutakoa, ezagutu dudan jendea… Egia esatea nahi baduzu, Aitor Etxeberria irakaslea izan zen erakusketari Oroitzapenak izenburua jartzea proposatu zidana.
Erakusketako katalogoan Etxeberriak sekulako loreak bota dizkizu. Zure lanen gozotasuna eta sentikortasuna azpimarratu ditu, besteak bete.
Bere hitzek asko poztu naute. Berak idatzitakoa irakurri bezain laster, eskerrak eman nizkion. Urretxuko Udalari ere eskerrak eman nahi dizkiot.