Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa irabazi du Lasturren June Aiestaran Iparragirrek (Beasain, 2006), eta Euskal Herri mailako finalera sailkatu da. Ekainaren 18an izango da Abadiñon (Bizkaia).
Gipuzkoako eskolarteko txapela jantzi berri duzu. Zer moduzkoa izan zen finaleko saioa?
Afalosteko saio bat izan zen. Azken bi urteetan, pandemiagatik, ez dira mota horretako saioak egin. Aurtengoa nire lehen aldia izan da formatu horretan. Oso gustura aritu nintzen, oso gertukoa izan baitzen. Entzuleek berotasuna transmititu zidaten. Bertso erdian gelditzeko beldurra neukan, baina ez nintzen erori; beraz, oso gustura geratu nintzen.
Finalaz gain, nolakoa izan da eskolarteko txapelketa?
Txapelketa martxoaren amaieran hasi zen. Hiru kanporaketa egon dira, bakoitzean sei parte hartzailerekin. Ni bi saiotan egon naiz: batean, kantatzen, eta bestean, ikusten. Kanporaketak bertso afari formatuan izan dira, eserita; finalean, ordea, zutik aritu ginen. Aurten, aurreko urtean baino maila hobea egon dela iruditu zait.
Zenbatgarren aldiz hartu duzu parte eskolartekoan?
Bigarren aldia izan da. Aurreko urtean parte hartu nuen, baina ez nuen lortu kanporaketa igarotzerik. Oraindik, beste bi urtetan ere parte hartu ahal izango dut.
Gipuzkoako txapelketa irabazita, Euskal Herrikoan aritzeko txartela lortu duzu. Zein asmorekin joango zara Abadiñora?
Gipuzkoako finalean ez neukan irabaztea helburu, disfrutatzera joan nintzen. Euskal Herrikora ere horrela joango naiz. Zortea alde badago, ondo; eta bestela, disfrutatzera, besterik gabe.
Txapela jantzi osteko agurrean, esker hitzak izan zenituen familiakoentzat eta Goierriko Bertso Eskolarentzat . Nola dago bertsolaritza Goierrin?
Bertso eskolan zazpi edo zortzi bertsolari gabiltza. Orain dela bi urte, agian, ez nuke gauza bera esango. Orain, ordea, maila badagoela uste dut. Ez gara nahi bezainbeste, baina etorkizuna badago.
Noiztik ari zara bertsotan?
Bertso eskolan duela lau bat urte hasi nintzen. Gainerakoan, bizitza guztian, bertsoa inguruan izan dut, ahizpagatik zein familiakoengatik. Ia-ia nahi gabe hasi nintzen etxean bertsotan, eta, orduan ahizpak bertso eskolan izena ematera animatu ninduen.