Xabin Fernandez Zubeldia • Kazetaria
Aurreko batean, haserre sozialean igerian nenbilela, erabiltzaile baten txioak atentzioa eman zidan. Gutxi gorabehera esaten zuen, inbidiaz begiratzen zituela kalean eskutik helduta ikusten zituen sexu bereko bikoteak. Nonbait bera ere homosexuala da, baina gazteagoa zenean ez zuen izan horretarako askatasunik. Eta zer pentsatua eman zidan.
Eta nik? Inbidiaz begiratzen ote ditut nirea bezalako bikoteak? Asko hausnartu gabe etorri zitzaidan erantzuna: Bai. Modu batean edo bestean, bai. Ados nago txio horrek zioenarekin. Inbidia da nire begirada horren arrazoietako bat. Ez bakarra; baina bai horietako bat. Ez dut ukatuko zenbait kontutan aurrera baino gehiago, atzera egin dugula azken urteotan. Hori horrela da. Baina bestalde, ikusten dut, eta sentitzen dut (edo sentitu nahi dut, hobe esanda), gure kolektiboaren baitan gauza batzuk behintzat hobetu direla.
Hogei urte atzera egin eta nire nerabezarora begira jarrita, oso bestelakoa da istorioa. Garai nahasiak izan ziren, ez dut gezurrik esango. Harreman klandestino batzuk; eta beste batzuk, oso klandestinoak. Ezkutuan ibili behar izaten nuen. Ezkutuan eta maiz gezurretan ere bai. Horrela haztea tokatu zait eta hori dagoeneko ezin da aldatu. Hori hor geratuko da betirako. Baina urteak aurrera egin ahala, pausuak ematen joateko aukera izan dut lehendik eginda zegoen bide maldatsuan. Eta nirekin batera joan dira albokoak ere.
Baina hori ez litzateke posible izango, aurretik bide horretatik inor pasa ez balitz. Inork bide hori eraiki ez balu… Derrigorrean gogoratu behar naiz guk baino hamarkada batzuk lehenago bidea egin behar izan zuten heroiekin. Eta hauen aurretik, bide hori eraiki zuten superheroiekin.
Guztiok ezagutzen ditugu superheroiak. Guk baino lehenago herrian borrokatu behar izan dutenak. Edo borrokatzeko aukerarik izan ez badute ere, bizirauteko indarra erakutsi dutenak. Bizirautea izan baita askotan benetako borroka. Itzalean egin den borroka.
Aitortuko dut, nik baditudala nire superheroiak. Txikitatik erreferente eta iparrorratz izan ditudanak. Nahiz eta inoiz ez dudan adorerik izan eurei zerbait esateko. Asko dut zuei eskertzeko. Haiek ere sentituko zuten seguruenik bekaizkeria gu gure bikoteekin lasai kalera irteten hasi ginenean.
Eta orduan ulertu dut dena.
Kasu honetan, inbidia polita dela ulertu dut. Harrotasunez betetako inbidia zen sentitzen zutena; sentitzen duguna; eta ondorengoek sentitzen jarraituko dutena.
Beraz, jarrai dezagun inbidia polita sentitzen. Hori, gauzak ondo doazen seinale izango baita.