Goierriko Bertso Eskolak berrogei urte osatuko ditu, irailean. Argi-Berri elkartea arduratu zen martxan jarri eta segimena emateaz, 1982tik. Goierriko Bertsozale Elkarte sortu berriak hartu zuen martxa 2019an. Bailara bertsozaletzeko ezinbesteko giltzarria izan da.
Gipuzkoako Eskolarteko bertsolari txapeldun berria beasaindarra da, goierritarra, Goierriko bertso eskolaren fruitua. «Bertso eskolan zazpi edo zortzi bertsolari gabiltza. Orain dela bi urte, agian, ez nukeen gauza bera esango. Orain, ordea, maila badagoela uste dut. Ez gara nahi bezainbeste, baina etorkizuna badago», aitortu zion June Aiestaran Iparragirrek (Beasain, 2006) aldizkari honi, lehengo astean. Finaleko azken agurrean, esker oneko bertsoa kantatu zien familiari eta bertso eskolari. Duela lau urte hasi zen Aiestaran bertso eskolan, baina bertsoa «beti inguruan» izan du, Maddi ahizpa ere bertsolaria duelako eta etxean zaleak direlako. «Ia-ia nahi gabe hasi nintzen bertsotan».
Giro aproposak, baina, lur emankorra behar du, hazia erneko bada, eta Goierriko Bertso Eskolak lau hamarkadatan egindako lana dago atzean. Aurtengo irailean beteko ditu 40 urte. Haurrak eta gaztetxoak ia nahi gabe bertsotan hasteko, beste bertsozale batzuek 1979an erabaki kosziente, ausart eta saiatua hartu izanari zor zaio.
Argi-Berriren argi berri ekarrera
Makina bat lan egindako lekuan, Ordiziako Argi-Berri elkartean, hartu dute Goiberri Joxe Mari Barandiaranek (Ataun, 1947) eta Pedro Irastortzak (Ataun, 1943). Manolo Gorospe zenarekin batera, Goierriko Bertso Eskolaren bultzagile eta eusle nagusiak izan dira, harik eta eskola 2019an Goierriko Bertsozale Elkarte sortu berriaren eskuetara aldatu zuten arte.
Beste hainbatetan bezala, euskararen eta euskal kulturaren alde «zerbait» egin nahiak piztu zien ideia. «Ni Ataundik Ordiziara etorri nintzenean harrituta gelditu nintzen zenbat jendek zekien euskara eta zer gutxi erabiltzen zen. Denek ez, baina askok erdarara jotzeko joera zeukaten, nahiz eta euskaraz jakin. Penagarria da hori», gogoratu du egoera hura Pedro Irastortzak.
Argi-Berri 1978an eratu zuten, eta elkarteak ekimen «propioak» gara zitzan, bertso eskola sortzea otu zitzaion Joxe Mari Barandiarani: «Bertso zaletasuna banekarren Ataundik. Arrasaten Patxi Goikolea-eta bazebiltzan ordurako Almen bertso eskolarekin, eta hemen ere zerbait nahi genuen. Baneukan haien erreferentzia, eta kopiatu zitekeen gauza bat izan zitekeela ikusi nuen».
Elkarteko zuzendaritzari proposatu, laguntzeko konpromiso batzuk eskatu eta lortu, eta Ordizia mailako bertso eskola sortzekotan hasi ziren. Baina, ezer egiterako, eskualde mailako dimentsioa hartu zuen proiektuak, bertsolari eta eskola-irakasle batzuek ikusarazita. «Guk, aurrena, Ordiziarako pentsatzen genuen. Baina Beasaingo Lizeoan egin zen bilerara deitu gintuzten, eta han irakasleek garbi esan ziguten: ‘Ez, ez, herrirako bakarrik ez, horrek eskualderako izan behar du’. Hori jada gure eskematik ateratzen zen, garraioa eta beste behar batzuk sortzen zituelako; baina, beno, aurrera egiteko geunden, eta bilerak bat bestearen atzetik eginda, erantzuteko prest azaldu ginen».
Ume garraioan herririk herri
Neurria, lana eta gastuak handitu zitzaizkien. Ordizian udalarekin sintonia onean lortua zuten laguntza hitzarmena, Goierriko beste udal batzuetara zabaldu zuten. «Diputaziotik eta udalekin diru konpromisoak lortu genituen. Orduan hemen desegin zen gau eskolaren mila pezeta batzuk ere hona pasatu ziren. Eta, gero, auzoalanean, hasi eta segi. Moldatzen genuen; sobranterik ez, baina irakasleei ere zer edo zer emateko behintzat bai. Eta zuhur jokatuta, noski», gogoratu du Irastortzak.
Goierriko Bertso Eskola 1982ko irailean hasi zen lanean. Ataundik haur mordoa apuntatu zen, eta autobusa antolatu behar izan zieten lehen urtean. Bestela, Argi-Berri elkartekoak arduratu ziren, euren autoekin, Goierriko herrietatik bertso eskolara umeak ekartzen eta eramaten, astelehen arratsaldero; batik bat Irastortza eta Gorospe ibili ziren horretan, lanbideagatik arratsaldea libre eta. «Datuak badaude jasota: urte batean, mila eta gehiago kilometro egin ziren. Kilometro mordoxka da», dio Barandiaranek, datu eta informazio biltzaile eta jasotzaile fin.
Bertsozaletasuna ereiteko jarduera gisa sortu zuten Goierriko Bertso Eskola 1982ko irailean, Argi-Berri elkartekoek
Ordiziarako soilik zuten buruan, baina bertsolariek eta irakasleek ikusarazi zieten eskualderako behar zela. 700 haur ibili dira
2007ra arte jardun ziren haurrak Ordiziara eramaten eta ekartzen. Urte hartan, 25.urteurreneko gogoeten ondorioz, bertso eskolak herrietan antolatzen hasi ziren.
Berrogei urteotan, 700 lagun baino gehiago ibili dira Goierriko Bertso Eskolan. Goierri behealdekoak ziren horiek, Ormaiztegira artekoa hartzen baitzuten. Arrakastaren gako batzuk aipatu dituzte Argi-Berriko bi antolatzaileek: «Konstantzia behar da. Gauzak ez direla erraz izaten. Etsipena behar du, eta aurrera segi. Garbi genuen, sortzen bagenuen, irauteko izan behar zuela. Ez urte batzuetan aritu eta ‘hau jada bukatu da’ esanda utzi. Ez, irauteko sentimendu hori bageneukan sortzeko bidean jarri ginenean», dio Barandiaranek.
Bestetik, jaso duten laguntza ere giltzarria izan da. «Laguntza handia eta erabatekoa izan genuen irakasleengandik (Mikel Mendizabal, Santi Garmendia…). Ikastetxeetako irakasleak ere bileretara etortzen ziren. Eta umeak etortzen ziren bertsotara, jendeak erantzuten zuen, eta horrek indarra ematen du. Tokatzen zen lan pixka bat egitea, baina emaitzak ere politak ikusten genituen, eta gustura», dio Irastortzak
.
Sarea antolatzea eta hartu-emanak zabaltzea izan zen ezinbesteko beste puntu bat. Ikastetxeekin, adibidez. «Gu hemen inor ez ginen irakasleak, eta eskolekin ez genuen kontakturik. Sare hori ere muntatu behar zen, ikastetxe bakoitzeko irakasleekin harremanetan jarrita. Behin sare hori egin zenean, errazago joan zen. Baina sortu egin behar zen. Andoni Eskisabel orduan sartu zen bazkide, irakaslea zen, eta asko ezagutzen zituen. Hark laguntasun handia eman zuen», erantsi du Barandiaranek.
Bertsozaleak sortu nahi, eta lortu
Lana zertarako egin, helburuak garbi zeuzkan belaunaldikoak dira Goierriko Bertso Eskolaren sortzaileak. Eta helburu horiek ez zuten zerikusirik lorpen arranditsuekin, zenbaki eta domina kopuruarekin. Lurra ongarritu nahi zuten. «Bertsozaleak atera nahi genituen, ez emaitzak. Nahiz profesional mailan ez aritu, bertsozaleak izan zitezela», borobildu du Irastortzak.
«Denetik behar du», gehitu du Barandiaranek. «Urte batzuk onak izan genituen, emaitza aldetik: Narbarte, Munduate, geroago Aitor Sarriegi bat… onak etorri ziren. Horrek ere poza ematen du, egiten ari garenak zerbaiterako balio duela erakusten baitu. Baina helburua ez zen horiek ateratzea, baizik giroa eta zaletasuna sortzea. Jakina, horrelakoak etorritakoan, ongi etorriak».
Berrogeigarren urteurrenera iritsita, soro landutik fruituak ateratzen segitzen dute. Adibide bat, Gipuzkoako Eskolarteko finaleko seikotean bi goierritar egotea: June Aiestaran eta Aratz Lasa ataundarra –sailkatze saioan Sustrai Goenaga lazkaotarra ere atera zen–. «Horrek esan nahi du badagoela mugimendua, eta jarrai dezala. Hori seinale ona da», ebatzi du Joxe Mari Barandiaranek, jada bertso eskolaren eguneroko martxa utzita.
Izan ere, giltzarria izan zen 2013an hasitako eraldaketa. Goierriko Bertsozale Elkartea jaio zen 2019an, eta eskualdeko hiru eskolak batuta ari dira, aterki bakarraren pean eta esku bakarrak helduta. Ataungo sagardotegian, 2019ko irailean bazkari bat eginda ospatu eta irudikatu zuten txanda ematea, erreleboa, jarraipena.
40 bat ikasle gaur egun
Beste arlo askotan bezala, 2020a eta 2021a ez dira samurrak izan bertso eskolarentzat, COVID-19aren pandemiak isilarazi baitzuen. Ikasturte honetan pultsua berreskuratzen hasi da, ordea. «40 ikasletik gora» dabiltza orain Goierri osoan barrena, 11 taldetan: Seguran, Beasainen bi, Zaldibian, Ordizian hiru, Ataunen eta Urretxu-Zumarragan hiru talde. Legazpin une honetan ez dago talderik. Pandemia zela-eta bertan behera geratu zen, eta irailean kanpaina egin arren, ez zen talderik osatu.
Helduen bertso eskolak Ordizian segitzen du, bat-batekoak: bost lagun dabiltza. Astean behin elkartzen dira, ordubete edo ordu eta erdi aritzeko. Horrez gain, Beasainen ere badago bat-bateko beste talde bat, 16-19 urte bitarteko zazpi gazte elkartzen direna. Urretxu-Zumarragan 9 lagun dabiltza.
Goierriko Bertsozale Elkarteari eskualdatu zioten bertso eskola 2019an, eta ordu arteko hiru proiektuak batu ziren
Goierriko Bertsozale Elkartearen presidente Aratz Igartzabal dago, 2018an eratu zutenetik. «Aurretik, Atera lehiaketa bi aldiz egin zen, belaunaldi berriarekin. Artean trantsizioa egin gabe zegoen, baina jada bagenbiltzan gazteagoak. Jada ikusten zen zer edo zer berria behar zela. Giltzarrietako bat Mikel Artola izan zen, hemengo ikastetxeetan bertso klase arautuak ematen zebilena. Haiek Harituz-ekin zebiltzan Tolosaldean, eta hark asko eragin eta gu mugitzen ahalegindu zen», dio Igartzabalek.
Elkartean sei edo zazpi bat lagun daude: Ane Beloki, Mikel Urteaga, Eresti Oiarbide, Maddi Aiestaran, Iraitz Sarasola, Ainhoa Mujika eta Igartzabal bera. «Elkartera gazteak sartzeko animatu nahi ditugu, gaztea ez dena ere bai. Gustatzen zaion oro etor dadila».
Lehen Ordizian biltzen zen motorea Goierri osora hedatu nahia da hartu duten helburu bat. «Finalisten saioa Lazkaon egin genuen, adibidez. Herri horiek ere eurena senti dezatela proiektua. Eskualdetasuna gauza askotan ari da galtzen, baina bertsotakoari eutsi nahi diogu. Lehen dena herri handietan zentralizatzen zen. Bertsozale Elkatearen nahia da, eta hasi gara, herri txikiagoetan ere taldeak izatea», azaldu du Aratz Igartzabalek.
Berrabiarazpena –praktikan elkartearentzat abiera bera dena–, Herrimatuz lehiaketarekin gorpuztu nahi dute. «Epe laburrera, Herrimatuz. Gero, lehen egiten ziren saio batzuk antolatu eta ekimen berriak sortu nahi ditugu, jendeak eta geuk ere ilusioa berreskura dezagun. Goierrin bertsorik ez bada, faltako da zerbait».
Urbitartetik gertu, Sariarte etxean jaio zen Joxe Arratibel ipuin biltzaile eta kontalari handia gogoratuz, hitz hauek jaulki zituen Joxe Mari Barandiaranek, lagundu zieten guztiei eskerrak emateko bazkariko hitzalditxoan: «Argi-Berrikoek, ipuinak kontatu ezezik, bat-batean kantatzeko ipuin eskola bat sortu nahi izan zuten 1979an». Idazle berriek asma dezatela lehengoek bezain ondo.
Herrimatuz, Goierriko taldekako bertso lehiaketa
Hogeita bosgarren urteurrenean 2007an nola, Goierriko Bertso Eskolaren 40.ean ere taldekako bertsolari lehiaketa antolatu du bailarako bertsozale elkarteak: Herrimatuz. Herrikako formatutik askatuta, hiruna bertsolariko taldeak ariko dira. 2014an jokatu zen II. Atera lehiaketa, tartean.
Bederatzi taldek eman dute izena. Hiru kanporaketa jokatuko dituzte, tabernetako giro informalean beti ere, eta bakoitzean hiruna taldek kantatuko dute; bederatzi bertsolari aldiko.
Aurreneko kanporaketa gaur da, Legorretan. Seguran eta Ordizian jokatuko dira hurrengo biak, bi ostiraletan. Finala ekainaren 10ean, Beasaingo Arranon, 22:00etan, hiru talderekin.
I. Herrimatuz txapelketa. Goierriko taldekako bertso txapelketa.
- 1. kanporaketa. Legorreta, gaztetxean. Maiatzak 13, gaur ostirala, 22:30ean.
- Yeaah. German Urteaga, Lander Arizmendi eta Odei Lopez.
- Azken hondarrak. Eneko Araiztegi, Mikel Tapia eta Iñaki Rezusta.
- De Guays. Sara Bidarte, Irati Sanchez eta Beñat Torres.
- 2. kanporaketa. Segura, Elorripen. Maiatzak 20, 22:00.
- Bertso Olariak. Ane Beloki, Jone Narbaiza eta Lierni Ugarte.
- Poto-lis. Aratz Lasa, June Aiestaran eta Itoitz Urkiola.
- Iparra-Hegoa. Itziar Mendia, Oihane Gurrutxaga eta Jon Elortza.
- 3. kanporaketa. Ordizia, Kirkilen. Maiatzak 27, 19:30.
- Potto eta pottokumeak. Aratz Igartzabal, Mikel Etxezarreta eta Patxi Ormazabal.
- ZUbertsotan. Mikel Iturriotz, Antton Fernandez eta Uxue Fernandez.
- Altza porru. Maide Garmendia, Eneko Etxeberria eta Hodei Munduate.
KRONOLOGIA
- 1978 urtarrila. Argi-Berri kultur elkartea sortu zuten, Ordizian.
- 1979-5-16. Bilera Argi-Berriko kideek eta Eusebio Igartzabal bertsolariak, Osinalde elkartean, bertso eskola sortzeko aukeraz.
- 1979-6-6. Argi-Berri elkarteko batzar nagusiak bertso eskola sortzea onartu zuen, bazkide batzuen eskaria bere eginda.
- 1981-6-15. Bilera Alkartasuna Lizeoan (Beasain), dozena bat lagunek. Ordiziako proiektua Goierrira zabaltzea erabaki.
- 1982-4-2. Irakasle, bertsolari eta elkarteko kideen bilera, haurren aukeraketaz, irakasle izendapenaz, finantzaketaz eta batzordea eratzeaz.
- 1982-10-14. Goierriko Bertso Eskolaren lehen eguna, Ordizian, Santa Ana ikastetxean. 51 ume.
- 1986-9-17. Goierriko udalekin bilerak hasi, finantzaketa bideaz.
- 1986 iraila. Bat-bateko taldea sortu zuten. Irakasle Nikolas Zeberio, 1990ean E.Igartzabal.
- 1988. Goierriko hamar udalekin hitzarmena, haurren garraiorako oso baliagarri suertatuko zena.
- 1988-9-19. Goierriko ikastetxe askotako ordezkariekin bilera.
- 1990-4-1. Bertsolari Gazteen Eguna Ordizian ospatu zen.
- 1992-3-26. Joxe Migel Iztueta ‘Lazkao Txiki’-rekin hitzarmena, bertsopaper lehiaketa sortzeko. Lehen sariak, 1992-9-6an eman.
- 1992-9-10. 10.urteurrenean, ‘Hamar urteko uzta’ liburua atera eta ‘Bertsulariak’ erakusketa. 12an, Santa Engraziko herriak ‘Santa Kruz’ pastorala egin.
- 1993-1-15. Bertso eskola diruz laguntzeko, Ordiziako jaietan berriro tonbola jartzea erabaki.
- 1995-4-7. Gazteak trebatzeko, Elkarteak Bertsogintzan ekimena hasi zen, 7 elkartetan. 1996an, Urretxu-Zumarraga eta Tolosaldea batuta, 25 elkartetan. Bost urtean egin zen.
- 1998-5-2. I. Argi-Berri Sariketa, Osinalderako baliagarria.
- 2007-5-4. 25.urteurrenean, Atera inprobisazio lehiaketa.
- 2007ko iraila. Bertso eskolak herrietan ematen hasi ziren, GoiBEren aterkipean. Ordura arte Ordizian elkartzen ziren. Bat-bateko taldeak Ordizian jarraitu zuen.
- 2013-9-12. GoiBE Argi-Berritik banatzeko eta aparteko elkarte gisa erregistratzeko lehen ideia.
- 2014-1-17. GoiBEk elkartu modura nortasun juridiko eta antolaketa propioa izatea onartu zuten Argi-Berriko batzarrean. Egoitza soziala ere bereizi zuten, baina Argi-Berrirekiko lotura (laguntzan, ekintzetan…) ez.
- 2015eko martxoa. Goierriko Bertso Eskolaren ondarea eta funtsak Xenpelar dokumentazio zentroan jasotzeko hitzarmena, GoiBEk, EHko elkarteak eta Xenpelar zentroak.
- 2016-10-15. Bilera erabakigarria Gabiriako Osinalde elkartean: GoiBE, Legazpi eta Urretxu-Zumarragako eskolak batu eta elkarte bat sortu.
- 2018-10-5. Goierriko Bertsozale Elkarte berriaren aurkezpena, Beasaingo Igartzan.
- 2018-11-23. Bertso eskola eskuz aldatzeaz jarduteko bilera, Argi-Berrin, Goierriko Bertsozale Elkartekoekin.
- 2019-1-11. Argi-Berri elkarteko batzarrak onartu zuen GoiBE Goierriko Bertsozale Elkartearen eskuetara igarotzea, eskualdaketa eta diru kontuak ere banatzea erabakiz. Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketa eta Argi-Berri Bertso Sariketa, aldiz, Argi-Berrik antolatzen eta kudeatzen jarraituko zuen.
- 2019-9-20. Eskualdaketa irudikatzeko, eta ordura arteko laguntza eskertzeko, Argi-Berrik antolatuta bazkaria egin zuten 28 kidek Ataungo Urbitarten.