GoiEner kooperatibak 10 urte beteko ditu aurten. Energia trantsizioaren aroan hitzetatik ekintzetara jauzia egin du urte hauetan.
GoiEner kooperatiba 2012an sortu zen Euskal Herrian, oligopolio energetikoari erantzuteko. Hamar urte hauetan, energia berriztagarria sortu eta merkaturatzen duen irabazi asmorik gabeko kooperatiba hau haziz joan da eta eredu inspiratzaile bihurtu da eredu energetiko berri baterako trantsizioan.
Gizartearekin «erabat lotutako» proiektua dela azaldu dute Agurtzane Allur (Legorreta, 1981) eta Aitzol Barandiaran (Ataun, 1986) GoiEner taldeko bazkide-langileek; «irabazi asmorik gabeko kooperatiba bat da, boluntarioen lanarekin urratsak ematen hasi zena eta oraindik eskaintzeko ezer ez zuenean, 500 bazkide lortu zituena, eta herritarrei begira eta herritarrentzat lanean hasi eta hortan mantentzen dena». Energia ereduaz harago, «gizarteak gaur egun dituen erronka askori erantzuten saiatzen» ari direla kontatu dute, eta hortxe dago baita ere, «GoiEner militante gutxi batzuen proiektu txiki bat izatetik, ezinbesteko bihurtzera eraman gaituena».
GoiEnerren ikuspegiaren ezaugarri nagusiak dira, «pobrezia energetikoa arintzea, energia sortzeko eredu garbiagoen eta berriztagarrien aldeko apustua, kontsumo jasangarria, aktibismo demokratiko eta parte-hartzailea, tokiko ekonomia indartzea inguruko jendea enplegatuz, bere lurraldean zergak ordainduz eta tokiko ondasunak eta zerbitzuak kontratatuz, pertsonak erdigunean jartzea, emakumeen eta gizonen ordezkaritza zuzena, gertutasuna eta euskaraz eta euskaratik ekitea», besteak beste.
Era berean, beste eskualde batzuetan energia berriztagarrien kooperatibak sortzen laguntzen du GoiEnerrek, «tokiko erresilientzia energetikoa, demokratikoa eta berriztagarria areagotzeko» helburuarekin. «Gure ereduan sinisten dugu, eta nahi dugu beste toki batzuetan ere hedatzea, uste dugulako eraldaketaren bidean indartsuago izango garela GoiEner metodologia zabaltzen badugu, sareak ehuntzeko aukera emango baitigu».
Formakuntza ere esparru «oso garrantzitsua» da GoiEnerrentzat. Proiektuaren lehen pausoak bide horretan eman zituzten; «hasi etxean jasotzen ditugun fakturen irakurketatik, komunitate energenetikoak sortzeko formakuntza saioetaraino». Izan ere, formakuntzaren bidez, «erremintak» eskaintzen dizkiete herritarrei eta eragile desberdinei.
GoiEner kooperatiba 2012an sortu zen Ordizian, oligopolio energetikoari erantzunteko asmoz
Lehen erronka da herritarrak energia berriztagarriaren sorkuntzan eta kontsumoan inplikatzea
GoiEnerretik diote energia –eta bereziki elektrikoa–, «gure gizartearen oinarrizko ondasun bihurtu da gaur egun, ia janaria edo ura bezain oinarrizkoa». GoiEnerrek nahi du «herritarrek oinarrizko ondasun mota horren gaineko kontrola berreskuratzea eta horren garrantziaren inguruan kontzientzia hartzea, energiaren kontsumo arduratsu eta iraunkorra sustatuz». GoiEnerren helburua da, «herritarrentzako subiranotasun energetikoa berreskuratzea, gaur egun liberalizatuta dauden sektore elektrikoaren zatietan sartuz, hau da, merkaturatzea (bazkideentzako energia salerosketa) eta energia sortzea».
Sorkuntza erronka
Kooperatiba 33 bazkide sortzailerekin hasi zen 2012an, Ordizian. 2013an sortu zuten merkaturatzailea, eta 2015 inguruan hasi energia sortzen, hala, hasieran finkatutako helburuak lortuz pixkanaka. Gizartean ere eragiten dute, eta zenbakietan transformatzen da eskaintzen duten «konfidantza». 2019an «10.000 bazkidetara» iritsi zen. Une honetan, «16.100 bazkide eta 21.000 kontratu» dituzte.
GoiEnerren arabera, helburua da «gero eta herritar, enpresa, gizarte-ekonomiaren arloko erakunde eta erakunde publiko gehiago erakartzea». Helburu hori lortzeko, lehen erronka herritarrak energia berriztagarriaren sorkuntzan eta kontsumoan inplikatzea da, modu parte-hartzaile eta demokratikoan».
GoiEnerrek beharrezko duen energia sorkuntzara iristea da duen erronka nagusienetako bat, eta horretara iristeko, estrategia desberdinak dituzte. «Plaka fotovoltaikoak ipintzeko azterketak egiten ari gara, hidroelektrika baten jabe gara, OUJn (Oñatiko ur-jauziak) sartuta gaude, eta gero daude bestelako sorkuntza proiektuak, Nafarkoop kooperatibaren bidez eta bazkideen ekarpenei esker garatzen direnak».
Azken horiek ekarpen leihoak bezala ezagutzen dira, eta proiektu anbiziotsuak posible egin ditu. Adibidez, Ikastoletan Argi hezten proiektua martxan jartzeko balio izan du: «Hego Euskal Herriko ikastoletan plakak jarri ditugu, bi helbururekin, beraiek hortik sortzen dena kontsumitzea, soberakinak kooperatiban kontsumitzea eta gainera, formakuntza saioak egitea ikasleekin, irakasleekin eta gurasoekin argindarraren inguruan eta energia burujabetzaren inguruan».
Une honetan, Nafarkoopen bidez laugarren ekarpen leihoa zabalik dute, beste ikastola batzuetan eta Martin Ugalde kultur parkean ere plaka fotovoltaikoak jarri ahal izateko. Erantzuna bikaina izaten ari dela kontatu dute.
Energia komunitateak ere «atal garrantzitsu» bat dira sorkuntzari dagokionean, «gure jakintza hortxe txertatzea nahi dugu, eta saiatzen gara baliabideak ematen herritarrak ahaldundu daitezen».
Europar proiektuetan parte hartzen ari dira, eta hortik «jakintza handia» ari dira jasotzen, GoiEnerren egunerokoan aplikatzen ari direna. Smartliving proiektua da bat; «eraikinetako efizientzia energetikoa neurtzeko erremintak emango dizkigu honek, zeren energia berriztagarriena da sortzen ez dena».
Ipar eta hHego Euskal Herria batzen dituen Hidro-Ttipi proiektuan ere lanean ari dira. «Aztertu dira antzinako presa eta errota hidroelektriko txikiak, eta helburua haien mapa bat osatu eta energia iturri fidagarri eta berriztagarri modura, berriz martxan jartzea da».
Laster hamar urte beteko ditu GoiEnerrek, eta diote, «hau hasiera baino ez» dela. Aipatutako proiektuak «garatzen jarraitu eta berriak abiatzeko ilusioz gaudelako eta behar hori sentitzen dugulako». Haiekin batera bidea egitera animatu dute gizarte osoa. «Trantsizio energetikoaz hainbeste hitz egiten ari den honetan, ekarpen txiki batekin, hitzetatik ekintzetara igarotzeko aukera bat delako».
Hainbat datu
Hamar urte hauetan GoiEnerrek hazkunde nabarmena izan du.
- Bost bulego. Ordiziako Mallutz industrialdean, Goiekiren enpresen inkubategian zabaldu zuen lehenengo bulegoa. Beste lau ireki dituzte gerora; Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean. Arrasaten ere ireki nahi dute bat.
- Bazkideak eta kontratuak. 33 bazkiderekin hasi zen 2012an. Gaur gaurkoz 16.100 bazkide eta 21.000 kontratu dituzte.
- Egan Sarea. Egan Sarea barne prozesuan murgilduta daude orain. Boluntarioak eta langileak ari dira parte hartzen. Hausnarketarako eta etorkizunari begirako espazioa da.