Joseba Telleria • Irakaslea eta ikaslea
Idatzi hauxe burutzen ari naizen egunez, orain 60 urte, Azentzio bezperako asteazkena zuten aukeratua bi segurarrek euren ezkontza eguna. Gaur egun elkartzen direnei, ezkon sinadurak baino, ondorengo ospakizunak eman ohi die buruhauste handiagoa. Orduan, ordea, ezkontzaren sakramentua tarteko, elizarekin bete beharrekoek zuten lehentasuna bai ezkongaientzat eta baita euren familiakoentzat ere.
Herriko bikarioari ezkontzeko asmoaren berri eman ondoren, deien edo proklamen garaia hasi ohi zen. Ezkondu aurreko hiru igandeetako meza nagusietan, elizako pulpitotik egindako sermoiaren aurreko deiak. Apaizak publikoki ezkongaien berri emateaz gain, elkartze hori gauzatzeko inork eragozpenik izanez gero, bikarioarengana agertzeko mezua zabaltzen zuen. Hiru aste horietan «halakoak deietan daude» izaten zen ahoz ahoko nagusia. Proklamen aldia gaindituta, patrifilio guztiak betez burutu zuten ezkontza Ama Jasokundearen elizan.
Ospakizunak aurrez zituzten hasiak. Orduan ez zen ohikoa lagunak bodako bazkarira gonbidatzea. Eurekin, batak zein besteak, Antonkaleneko jangelan egina zuten agurra nahiz festa.
1962ko maiatzaren 30ean, elizaz gain, Imaz jatetxea ere gaur egungo leku berean zegoen. Bertan elkartu ziren bi familietako 100en bat gonbidatu. Orduko menua, entremesak (urdaiazpikoa eta entsalada rusa), legatza bi eratara (saltsan nahiz frijituta) eta ondoren oilasko errea. Postrean ezkon-tarta. Eta haren lehen zatia emazteak senarrari moztutakoa. Txanpaina, kafea, kopa eta purua. Ohikoa zen bezala, bazkaria erdibana pagatu zuten ezkontideen gurasoek. Gonbidatu bakoitzarena 125 pezeta (gaurko 0,75 €).
Diamante ezteien ospakizuna, aurreraxeago, jatetxe berean eta menu bera bazkalduz egingo dugu.
Energiaz betetzen gaituen gure eguzkiari itzuli gehiago emanez jarrai dezazuela!