Pasmoa edo zikinkeria kentzeko belarra da. Eraginkortasun handia du eta tentuz erabili behar da.
- Izen herrikoia: Pasmo-belarra.
- Izen zientifikoa: Anagallis arvensis L. (Primulaceae).
- Ezaugarriak: Landare etzan herrestari txikia da, eta 10 eta 20 zentimetro arteko altuera har dezake. Zurtoina laukia du, eta hostoak, oposatuak, elkarren aurka antolatuak. Loreak bakarka ateratzen dira, laranja-arrosa kolorekoak dira –urdinak ere izan daitezke–, eta bost hostokoak. Zelai, baratze, pareta, lur maldatsu eta bide ertzeetan hazten da. Europan landare oso arrunta, eta sastrakatzat hartua da. Euskal Herrian ere oso ezaguna eta erabilia da, eta landarerik herrikoenetakoa da. Indar handiko belarra da, eta ezin da nolanahi erabili.
- Atal erabilgarriak: Loreak, zurtoina eta hostoak erabiltzen dira. Loreetan aurkitzen diren haziak toxikoak dira –borobilak eta berdexkak–, eta fruituak garatu aurretik biltzea komeni da. Otsailetik aurrera loratzen da, eta lekuaren arabera uda guztian zehar aurki daiteke loretan.
- Propietateak eta erabilpenak: Azaleko zein gorputz barruko infekzioak sendatzeko erabiltzen da gehienbat, landare antiseptiko moduan. Hortik datorkio izena: pasmoa edo zikinkeria kentzeko belarra. Pasmo-belarra kontu handiz hartu behar da. Infusio moduan, enplastoetan edo ukenduetan erabiltzen da normalean, berbena bezalako landareekin nahastuta, eta beti ere, jakitun edo sendagile batean agindupean.
- Infusioa: Egunean ez da bi gramo landare baino gehiago hartuko. Hiru egunetan hartu infusio bat, eta ondoren, deskantsatu.
- Ukendua: Azaleko gaitz edo zornea kanporatzeko ukenduetan asko erabili izan da.
- Enplastoa: Katarroa, bronkitisa, sinusitisa… tratatzeko ere erabiltzen da, enplastoa egin eta kopetan edo bularrean jarriz.
- Kontraindikazioak: Oso landare eraginkorra da, eta kontu handiz hartu behar da. Ez da komeni tratamendu luzeak egitea, ezta gomendatutako dosi eta kantitateak gainditzea ere. Ez eman inoiz umeei.