Iñaki Puyadenak (Legorrreta, 1985) agur esango dio errugbiari. Ordizia Rugby Elkartean hasi zuen kirol ibilbidea duela 30 urte inguru, eta horietako 15 baino gehiago Ohorezko Mailan egin ditu. Taldearen historiako une garrantzitsuenak bizitzea tokatu zaio. Aurtengo Ligako txapeldunorde izan dira. Amestutako agurra dela dio.
Duela aste batzuk iragarri zenuen aurtengo denboraldia izango dela errugbian lehiatuko zaren azkena. Nola sentitzen zara?
Oso pozik nago! Ligako txapeldun tituluarekin amaitzea izango zen guztiz ideala, baina hala ere, ligako finalean egotea ez da gutxi, eta egia esan, amestutako bukaera bat izan da, oso polita da albo batera pausoa horrela ematea.
Ordizia Rugbyko harrobiko jokalaria, 30 urte inguru errugbiari lotuta, Ohorezko Mailako taldean 15 urte baino gehiago, 300 partidatik gora, Ohorezko Mailara igoera, bi Espainiako Kopa, ligako txapeldunorde hirutan…
Horrela esanda…! Bai, gauza asko eman dizkit klubak. Klubaren eta taldearen historiaren une garrantzitsuenetan eta onenetan egotea tokatu zait eta ezagutu ditudan taldekide guztiekin konpartitu ahal izan ditut. Kirol lorpenez gain, alde humanoak, hau da, sortzen diren harremanak-eta, horrek ere gauza oso onak eman dizkit. Ez nago kexatzeko!
Lesioak izaten dira kirolarien beldurretako bat. Zentzu horretan, ibilbide lasaia izan duzu.
Bai hala da! Hainbeste urtetan, hainbeste partida jokatu izateko, zorte handia izan dut. Zeren ikusi ditut taldekide asko lesio larri batengatik errugbia utzi behar izan dutenak.
Hain zuzen ere, erretiratzeko erabakia horri lotuta ere badago, nolabait. Nahi nuen nik erabaki noiz utzi, ez zedila izan lesio bategatik, eta pentsatu nuen momentua iristen ari zela. Denboraldian zehar erabakita nuen, nahiz eta momenturen batean, zalantzak ere izan ditudan, zeren ume-umetatik jokatu dut errugbian, etxe honetan. Horregatik, ez da guztiz erraza izan, baina orain lasai nago.
Zeintzuk izan dira gehien markatu zaituzten momentuak?
Kirol arloan oso gozoa. Ohorezko Mailara igo ginekoa ahaztezina izango da. Oso gaztea nintzen orduan eta inflexio puntu bat izan zen niretzako. Ginen goraka gindoazen talde bat, urte batzuk generamana igoera fasean sartzen baina ez genuen lortzen,eta 2005ean bai, lortu genuen. Oso-oso handia izan zen. Eta ondoren, bi Errege Kopak, kristorena izan zen. Eskualdean ikusgarritasuna eman zion errugbiari, eta harrezkero, etengabe hazi gara.
Asteleheneko harreran, jende asko gerturatu zen, haur eta gaztetxo pila tartean. Horietako askorentzat erreferente zarete eta harrobiko jokalari izan daitezke etorkizunean.
Kristoren poza eta emozioa sentitu nuen, oso polita izan da horrelako babesa jasotzea. Hainbeste jende ikusi, hainbeste pertsona gerturatu dira zoriontzera… Izan duten erantzunagatik eskerrak ematea baino ez zait geratzen.
Bestalde, haurrak gugana horrela gerturatzea da zerbait oso-oso polita. Espero dut, horien artean etorkizuneko Ampo Ordiziako jokalari asko izatea.
«Nahi nuen nik erabaki noiz utzi, ez zedila izan lesio bategatik, eta pentsatu nuen, momentua iristen ari zela»
«Ohorezko Mailara igo ginenekoa ahaztezina izango da. Oso gaztea nintzen eta inflexio puntu bat izan zen niretzako»
Aurtengo denboraldia, bereziki zaila izan da, zuek ere hala adierazi duzue sarri. Arrazoi nagusia, Kawa Leaumaren heriotza. Nola egin duzue?
Inork ez du espero horrelako zerbait gertatzea. Astindu gogorra izan zen. Kawa zen oso jokalari eta taldekide ona, eta batez ere pertsona ona, eta gu guztiongan eragiten zuena. Horregatik, gertatutakoa gertatu eta gero, denak batu eta elkar zaindu dugu; hori egin edo hondoa jotzea zen bestela. Esango nuke, jarrera horri esker lortu dugula kirol mailan ere buelta ematea. Eta noski, oso presente izan dugu partida guztietan. Guzti-guztiak eskaini dizkiogu berari eta bere familiari. Eta badakit dagoen lekutik bultzada eman digula.
Finalera nola iritsi zineten, nola bizi izan zenuten?
Bagenekien oso partida estua izango zela. Santboiana oso-oso talde ona da, beraien zaletuek asko bultzatzen dute, zelaia oso zaila da. Final batean, akats txikiek markatzen dute, eta jakin zuten aukera bakoitza aprobetxatzen. Gure mutilek dena eman zuten zelaian eta ez dago gehiago eskatzerik.
Jokalari aktibo bezala azken partida izan zen igandekoa. Ordizia Rugbyrekin harremana izaten jarraituko duzu?
Bai, uste dut klubarekin lotura mantentzen jarraituko dudala. Oraintxe ez dakit esaten zertan edo nola, zeren gainera lasai egoteko eta arnasa hartzeko denboratxo bat hartu nahi dut lehenik, baina bai, besterik ez bada zaletu eta bazkide bezala. Kirol honek asko eman dit, maite dut, eta ez dut ahaztuko. Asko gozatu dut eta errugbiaz gozatzen jarraituko dut, nahiz eta beste modu batean izango den.
Orain denbora libre gehixeago izango duzu. Pentsatu duzu zertan inbertitu?
Kirola egiten segi segituko dut, gainera behar dut. Musika ere asko gustatzen zait, gitarra jotzen dut eta emango diot horri ere. Aspertu behintzat ez.
Bukatzeko, nolabaiteko erreflexio edo beste ezer gehitu nahi duzu?
Ba aukera hau baliatu nahi dut eskerrak emateko klubeko partaide guztiei. Ordizia Rugby ez dira jokalariak bakarrik. Hor daude zuzendaritzako jendea, entrenatzaileak, delegatuak, boluntarioak, zaletuak… Guztiak dira garrantzitsuak eta beraz haiei denei, eskerrik asko! Eta noski, esker bereziak nire taldekideei. Elkar babesten eta maitatzen duen familia txiki bat gara. Eta animo! Gauzak ondo egiten ari gara, segi lanean eta horrela gauza oso politak etorriko dira.
Eta errugbiaz gozatu dezatela, ala?
Noski! Kawak esaten zigun bezala… «Gozatu! Errugbia gustatzen zaigu eta gozatzeko egiten dugu. Gozatzen ez badugu ez dago zer eginik».