Burdinola elkarteak eta Arkeolan Fundazioak orain arte Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoaz egin den lanik osatuena kaleratu dute. Goierritarrentzat gertu-gertuko erakundea da, baita ezezaguna ere.
Aizkorri-Aratz parke naturalak altxor kontaezinak biltzen ditu 15.919 hektareako lurraldearen baitan: mendiak, basoak, paisaiak, fauna, flora, aztarna arkeologiko eta historikoak… Lurralde hori Gipuzkoako Aretxabaleta, Eskoriatza, Legazpi, Leintz-Gatzaga, Oñati, Zegama, Zerain eta Arabako Asparrena, Barrundia, Donemiliaga eta Zalduondo udalerrien barruan kokatzen da, baina bada zati bat beste izaera bateko erakunde baten jabetzakoa dena, Gipuzkoako eta Arabako Partzuergo Orokorrarena, hain zuzen.
Historia luzea duen erakundea da Partzuergoa [Partzoneria], eta gertu-gertukoa Goierriko herritarrentzat, baina, aldi berean, ezezaguna. Legazpiko Burdinola elkarteak Arkeolan Fundazioaren laguntzarekin berriki kaleratu duen Urbia eta Altzaniako mortuak. Arkeologia, historia, mugarriak eta toponimia izenburuko liburuak aukera paregabea eskaintzen du horren ezagutzan murgiltzeko, eta sakontzeko. Orain arte Partzoneriaz egin den lanik osatuena da, egileetako bat den Jose Rodriguez historialariak eta EHUko irakasleak dioenez. «Politikoki eta administratiboki oso konplexua» den Partzoneriaren 600 urtetik gorako historia jaso eta idatzi dute bertan, eta ikerketa beste gai batzuen lanketarekin osatu dute, besteak beste, «egungo paisaian eta lurraldean kontserbatzen diren hainbat elementu kultural» jaso dituzte: bordak, sarobeak, etxolak, mugarriak eta aztarnategi arkeologikoak bezala. Liburuarekin aitortza egin diote Partzoneriari, erakunde historiko gisa duen garrantziagatik.
Herri espazio bat
Udalerri bat baino gehiagoko biztanleek lurralde baten aprobetxamendu partekatua egitea da partzoneria baten funtsa, eta jabetza sistema horrek Erdi Aroan lurraldea ustiatzeko zuten moduan du jatorria. Gipuzkoan bi daude, Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Nagusia eta Gipuzkoako Partzuergo Txikia, elkarren ondoan. Oso gertu, antzeko izaera duen Enirio-Aralarko Mankomunitatea dago.
Partzuergo Nagusia da handiena. Aizkorri-Aratz parke naturalean dago, eta 3.197 hektarea ditu, Altzaniako, Urbiako eta Oltzako mendiek osatuta. Gipuzkoako hego-ekialdeko muturrean dago, Nafarroarekin eta Arabarekin muga eginez. Burdinolaren eta Arkeolanen liburuaren sarreran Angel Martinez Montecelo historialariak azaltzen duenez, «herri espazio bat da, inongo udalerriren jabetzakoa ez dena», baina inguruko hainbat udalerrik administratiboki elkarrekin kudeatzen dutena.
Erdi Aroaren amaieran sortu zenetik, hainbat udalerrik izan dute lurrak kudeatzeko eta horien gozamenerako eskubidea, baina gaur egun Idiazabal, Segura, Zegama eta Zerain dira kudeatzaileak Gipuzkoa aldetik, Arabako Asparrena, Donemiliaga eta Zalduondorekin batera. Dena dela, Partzoneriaren historian zehar harreman estua izan dute Oñatik eta Legazpik, baita Arabako Agurainek eta Nafarroako Altsasuk, Olaztik eta Ziordiak ere.
Juridikoki, 1430 urtean sortuta, balio historiko ukaezina du, baina beste ezaugarri batzuek ere egiten dute preziatu. Hala laburbildu ditu Martinez Montecelok ezaugarri horiek: «Partzoneria benetako ingurumen gordailua da Gipuzkoako lurralderako, baita baliabide didaktiko garrantzizkoa ere, Gipuzkoako barnealdearen bizimoldeak ezagutzeko. Betekizun garrantzitsua du, halaber, ikerketa espazio gisa, geologia, botanika, fauna, historia, hizkuntzalaritza, etnografia, paisaia eta beste gai ugaritarako».
Sei mendeko historia
Gipuzkoako eta Arabako Partzoneria Nagusia 1430eko azaroaren 16an sortu zen, San Adriango Konkordiarekin. «Lurraldearen ustiaketa izan zen sorreraren arrazoia, eta hori izan da bere jarduna 600 urteko ibilbidean», Rodriguez historialariak zehaztu duenez.
Partzoneria sortu aurretik, mendiko larre eta zuhaizti haiek «modu espontaneoan» erabiltzen zituzten behe aldeko herrietako biztanleek, baina Gaztelako Enrike III.a erregearena zen haien jabetza. 1401ean Gipuzkoako korrejidore zen Fernan Perez de Ayalari eman zizkion, Gipuzkoako beste lurralde askorekin batera, eta gutxira, gero partzoneria osatuko zuten lurrak Segurako hiribilduari eta haren babespean zeuden Legazpi, Zerain, Zegama eta Idiazabali saldu zizkien Perez de Ayalak. Legazpi Seguratik desanexionatu zenean, talde horretatik atera egin zen. Arabako herriak erosketatik kanpo geratu ziren, baina eremu hura erabiltzeko eskubidea aldarrikatu zuten.
San Adriango Konkordian erabaki zen auzia. Partzoneria sortzeko akordio bat sinatu zuten Segurako hiribilduak eta haren menpeko Zegama, Zerain eta Idiazabalek, eta Aguraingo hiribilduak, gaurko Asparrenak eta Donemiliagak osatzen zuten Egirazko ermandadeak eta Zalduondok. Akordioan lurraldearen mugak, erabilera eta jabekide bakoitzaren jabetza kuota zehaztu zituzten. Aurrerago, 1850ean, Agurainek bere zuhaizti partea saldu zien Gipuzkoako herriei, eta 1916an larreak eta urak erabiltzeko eskubideari uko egin zion, partzoneriatik ateraz. Legazpi, aldiz, «oso gertu egon da beti, Oñati bezala», eta Oltzako zuhaiztia erabiltzeko eskubidea eskuratu zuen 1852an.
Partzoneriakideen arteko elkarbizitza «ez zen erraza izan», Rodriguezek gogoratu duenez: «Interes ekonomikoak tarteko, gatazka ugari izan zituzten, eta desagertzeko zorian egon zen behin baino gehiagotan, batez ere XIX. mendean». Hala ere, gaur egunera arte iraun du, eta horretan datza bere balio historikoak.
Partzoneriaren eginkizunak
Urteak joan, urteak etorri, Partzoneriaren eginkizunak aldatzen joan dira, baina oinarria berbera izan da beti: lur komunalak kudeatzea. Rodriguezek azaldu duenez, lur horietan basogintza izan da jarduera ekonomiko nagusia mendeetan zehar, «historikoki partzoneriaren diru sarreren %90 burdinoletara saldutako egurretik edo ikatzetik zetorren», eta abeltzaintza izan da bigarrena.
Partzoneriaren eginkizuna, beraz, bi jarduera nagusi horiekin lotutako gaiak kudeatzea izan da, eta gaur egun mantentzen dituen garrantzitsuenak basoen edo egurraren ustiaketa, larreen banaketa eta ehiza dira. Partzoneriak Agiñaran, Apota, Alkain, Aratz, Artabarren, Garagartza, Iturgain, Larrebil, Leotaran, Letain, Peazulueta, Portugain, Txabolatxo eta Ultzaman ditu ehiza postuak, eta iraileko bigarren igandean ateratzen ditu enkantean Segurako udaletxean. Garo bilketa antolatzea ere izan da bere funtzioetako bat XX. mendearen erdialdean jarduera hori desagertu zen arte.
Urbiako fonda eta Dominika txabolaren erabilera ere erakundearen eskumenekoak dira. Aizkorri-Aratz parke naturalaren barruan dagoenetik, gainera, aisiarekin lotutako eskumenak ere baditu, eta bioaniztasunarekin lotutako gaiak ere jorratzen ditu.
Toponimia, ondare garrantzitsua
Erakundearen 600 urteetan garatutako jarduerek ondare oparoa utzi dute Partzoneriaren lurretan, «giza esperientzia luze baten arrastoak» direnak, eta horren barruan kokatzen da toponimia. «Toponimia ere ondare garrantzitsua da; liburuan 400-bat termino bildu ditugu, gai askotakoak»; Jose Luis Ugarte ikerlariaren lana izan da hori.
Toponimia hitz gehienak euskarazkoak dira, gazteleraz ere badaude batzuk, eta latinez pare bat ere bai: «Abeltzaintzarekin, administrazioarekin, aisiarekin, basa animaliekin, bizitokiekin, hidrografiarekin, industriarekin, komunikabideekin, landareriarekin, lurralde antolaketarekin, orografiarekin, sinesmenarekin eta zerbitzuekin lotutakoak».
Topomimia terminoak aurkezteaz gain, «hainbat hipotesi aurkeztera ere ausartu» da Ugarte, eta Artzanburu da horren adibide bat: «Hartzaren haraneren burua izan daitekeela iruditzen zait». Hori bezala, hipotesi gehiago ere egin ditu, Partzoneria gehiago ezagutzeko baliagarriak izan daitezkeenak.
Historia, arkeologia, mugarriak eta toponimia, Burdinolak jasota
Apirilaren 26a «egun handia» izan zen Burdinolarentzat, elkartearen baitan sei urte atzerago sortutako egitasmo bat gorpuztu eta gero, liburu forman aurkeztu zutelako. Urbia eta Altzaniako mortuak. Arkeologia, historia, mugarriak eta toponimia da liburuaren izenburu, eta horren bolumenari begiratu hutsarekin, lan handia egin dela bistan da: bi kilo eta 600 gramo, eta 503 orrialde, testuz eta ia 200 irudiz osatuta. Planoak ere jasotzen ditu. Burdinolak argitaratutako zortzigarren liburua da, eta Txinpartak aldizkariaren monografikoak kontuan hartuta, hamahirugarrena.
Liburuaren atarikoan Antonio Prada historialariaren aipamena egin dute egileek, Burdinolarekin batera 2008an argitaratu zuen Legazpiko elizako lanean herriko historiografian bi hutsune nabarmendu zituelako: burdingintza zaharraren ikerketa sakona, eta Partzoneriaren ikerketa, haren sorreran eta bilakaeran sakontzeko. Lehen hutsunea nolabait bete zuen Burdinolak 2014an, Arkeolan fundazioarekin batera argitaratu zuen Erdi Aroko burdinaren arkeologia, Legazpi barrutiko zepadiak lanarekin. Bigarren hutsuneari emandako erantzuna, Burdinolaren azken liburu mardul hori da.
Partzoneriako lanari 2016an ekin zioten. Hasierako asmoa bakarrik historia lan bat egitea zen, eta abiapunturako Asuncion Urzainquik 1990.ean egindako lan aitzindaria zuten. Handik hasi ziren, baina bidean beste gai batzuk eransten joan ziren: arkeologia, mugarriak eta toponimia. Gai bakoitzak bere nortasuna badu ere, liburuan elkar lotuta agertzen dira. Izan ere, Partzoneriako testuinguruan erakusten dituzte guztiak.
Lana aurrera eraman ahal izateko ikerlari talde bikaina osatu zuten: Angel Martinez Montecelo, Gasteizen bizi den legazpiarra eta liburuaren sarreraz eta mapez arduratu dena; Lazkaon jaiotako Mertxe Urteaga arkeologia gaietaz arduratu da; Jose Rodriguez bilbotarrak historiaren atala jorratu du; Joseba Alonso ordiziarrak eta Aitor Azpiazu ormaiztegiarrak mugarrien gaia landu dute; eta Jose Luis Ugarte legazpiarrak, toponimia. Ia denak goierritarrak dira, eta eskarmentu handikoak. Laguntzaileak ere izan dituzte: Cameron Whatson eta Gerardo Markuleta itzultzaileak, Julen Legorburu argazkilaria, Iñigo Aranburu diseinugilea eta Elena Aseginolaza maketazio eta inprenta lanetako arduraduna. Arkeolanen babesa ezinbesteko izan dute, eta fundazio horri esker, Europako 150 unibertsitate eta liburutegitaraino iritsiko da. Diruz lagundu dutenak ere izan dituzte: Gipuzkoako eta Arabako Partzoneria, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Legazpiko Udala.
Lan handia egin dute denen artean, baina ez dute bidea itxi, «atzetik datozenek ere izango dute non sakondu, nahi izanez gero».
Urbiako fonda, partzuergoaren eskumena
Baseliza ireki eta urtebetera inauguratu zuten Urbiako Fonda, 1925eko abuztuaren 30ean. Partzoneriak eraiki zuen, Segurako alkateak proposatuta. 1933an saldu egin nahi izan zuen enkante bidez, baina birritan hutsik geratu eta 1938ra arte ez zuen jaberik aurkitu. Zeraingo Joakin Muñoak erosi zuen, eraikina bakarrik, haren azpiko eta inguruko lurrak Partzoneriaren esku geratu zirelako. Muñoak egun berean Zegamako Pedro Etxezarretari saldu zion. Pedrok 1958an Justa alabari utzi zion, eta hark Martin anaiari, 1972an. Bera izan zen jabea, Patxi Alustiza legazpiarrak 1993an erosi zion arte.
Urbiako fondaren garairik ilunenak etorri ziren ondoren. Sal-erosketaren aurrean Alustiza eta Partzoneriaren artean sortutako tirabiren ondorioz, lau urtez itxita egon zen, 1997ko uztailaren 31ra arte. Konponbidera iritsita, Partzoneriak berreskuratu zuen jabetza, haren kudeaketarako Alustiza familiaren aldeko 50 urteko emakidaren truke.
Emakida Ruper Altzelai eta Mikel Altube oñatiarrek eskuratu zuten gutxira, eta 1999ko urtarrilean haiek hartu zuten fondaren ardura. Oraintsu arte eraman dute Ruperren anaia Kepa, eta Mikelen anaia Aritzekin batera, eta bi familiakoen laguntzarekin. Ekainaren 1ean behin betiko utzi zuten, eta Partzoneria arduradun berrien bila dabil.